Albistea entzun

Araba

Gasteiz: nork eskuratuko du aginte makila?

EH Bilduk boto gehien bereganatu baditu ere, ezin izango du bakarrik gobernatu. PSE-EE eta EAJren koalizio posible batek ere ez luke gehiengo osoa lortuko, eta PPren babesa beharko lukete.

Gasteizko lau hautagaiak, aste honetan egindako hauteskunde eztabaidan.
Gasteizko lau hautagaiak, aste honetan egindako hauteskunde eztabaidan. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko maiatzak 29 09:58

Ekainaren 17an izango da udalen osaketa, eta, atzoko hauteskundeetako emaitzak ikusi ondoren, udaletan gobernatzeko akordio posibleetan jarri dute arreta orain alderdiek. Gasteizen EH Biduk boto gehien eskuratu ditu—bozen %22,8 eta zazpi eserleku—, baina EAJren, PSE-EEren eta PPren arteko koalizio posible batek hemezortzi zinegotzi bilduko lituzke—seina eserlekurekin—, eta, beraz, koalizio abertzaleak ez du erraza alkatea eskuratzea. PP geratu da hirugarren Arabako hiriburuan, eta adierazi du prest dagoela bere bozak emateko EH Bilduk goberna ez dezan. Arabako Foru Aldundian EAJk eskuratu du berriro agintea, baina EH Bilduk nabarmen hobetu ditu emaitzak han ere (3.000 boz gehiago eta 14 eserleku lortuta, 2019an baino bi gehiago).

27 eserleku daude Gasteizen, eta PSE-EEko hautagaiak, alkatetza lortzeko, EAJrekin ez ezik PPrekin ere egin beharko luke akordioa. Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek gaur berretsi du prest dagoela bi alderdien koalizioari bere botoak emateko, EH Bilduk alkatetza eskuratu ez dezan. Hala ere, ikusteko dago EAJ eta PSE-EEk hitzarmen hori onartuko duten. EH Bilduko ordezkari Arnaldo Otegik adierazi du ez duela ikusten Vitero alkate izatea ez den beste aukerarik, eta Hego Euskal Herrian, oro har, «sektore zabalekin» akordioak egiteko prest azaldu da.

Carlos Iturgaiz PPko EAEko presidenteak ontzat jo ditu oro har EAEn izandako emaitzak, eta bereziki azpimarratu du Gasteizko kasua. Esan duenez, «argia» ikusi du bere alderdiak «tunel ilun batetik igaro ondoren», eta orain «giltzarria» izango dira Gasteizen. PSE-EEko Etxebarriak ere pozik hartu ditu emaitzak: «Argi geratu da Gasteizen ezkerreko erabateko erreferentzia garela».

EAJ izan da Gasteizen galtzaile nagusia: alkatetza izatetik laugarren postura igaro da, 6.787 boz galduta. Beatriz Artolazabal alderdiaren Gasteizko hautagaiak adierazi du «lanean» jarraituko dutela «galdutakoa berreskuratzeko». Eskerrak eman dizkie EAJri botoa eman zieten herritarrei, eta emaitzak «ondo» aztertu behar dituztela esan du: «Pentsatu beharko dugu Gasteizko herritarrek zer esan nahi diguten emaitza hauekin». Izan ere, orain arteko alkate Gorka Urtaranek proposatutako neurri ugariri buelta eman nahi izan die Artolazabalek—mugikortasun arloan bereziki—, eta polemika sortu zuen Gardelegiko zabortegian amiantoa sartzea onartuko zuela iragarri zuenean ere.

Aldaketa nabarmenak Araban

EH Bilduk, hiriburuan ez ezik, gora egin du Arabako beste zenbait herri esanguratsutan ere. Besteak beste, garaile izan da Agurainen. Duela lau urte EAJk hamazazpi botorengatik lortu zuen gehiengo osoa herri horretan; atzo EH Bilduk hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen (EAJk, sei).

Laudion, Omnia ekinbidearen hiru zinegotziek erabakiko dute alkatetza, EAJk irabazi badu ere, PSE-EErekin batuta ez baitu gehiengo osorik, eta bai, ordea, EH Bilduren (sei zinegotzi) eta Omniaren (hiru zinegotzi) baturak. Oionen ere EH Bildu izan da garaile, bost zinegotzi lortuta, 2019an baino hiru gehiago. Hiru ditu EAJk, bi PPk eta bat PSE-EEk.

EAJk eutsi egin dio Amurrioko nagusitasunari eta zortzi zinegotziei; baita EH Bilduk bere zazpi zinegotziei ere. PSE-EEren bi zinegotziek dute alkatetzaren giltza. Guardian PPk irabazi du (lau zinegotzi), baina EAJk (hiru zinegotzi) eta EH Bilduk (bi zinegotzi) alkatetza hartzea eragotz diezaiokete.

EAJ: Batzar Nagusietan ere behera

Arabako Batzar Nagusietan nagusi izan da EAJ, baina hamabost aulki lortuta; aurreko agintaldian baino bi aulki gutxiago. PSE-EEk ere, aurreko agintaldiko EAJren gobernukideak, aurreko agintaldian zituen hamar ordezkarietatik bat galdu du. Egoera horrek eskura uzten die biei gobernu moldea errepikatzea, eta EAJko Ramiro Gonzalezek, beraz, aukera handiak ditu aginte makilari eusteko. Hala ere, Gonzalezek onartu du babesa «galdu» duela, eta «autokritika» egin beharrean dagoela esan du. «Gizarteari gehiago entzun» eta «elkarrizketa gehiago» sustatu behar dituela esan du EAJren ordezkariak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.