Albistea entzun

Alardeak

Hondarribian EAJk alkatetza galduta, aldaketak espero dira alardearen auzian

Abotsanitz taldeak zazpi zinegotzi lortu ditu, eta helburuen artean du alarde «publiko» bat lortzeko urratsak eginez joatea «adostasuna» ardatz hartuta; EH Bilduk esan du bidean lagun izango duela

Hondarribian EAJk alkatetza galduta, aldaketak espero dira alardearen auzian
Hondarribian EAJk alkatetza galduta, aldaketak espero dira alardearen auzian Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko maiatzak 29 07:36

EAJren plaza garrantzitsuetako bat izan da Hondarribia, Gipuzkoan. Hamarraldiak egin dituzte agintean. Aldaketa heldu da, ordea: Abotsanitz herri plataformak zazpi zinegotzi lortu ditu, EH Bilduk aurrez zituen biei eutsi die, eta gobernu aldaketa ahalbidetuko du orain horrek. Aldaketak, halaber, ikuskera berria eramango du udal gobernura, lehen aldiz, alardearen auziaren inguruan.

Orain dela 26 urte sortua da gatazka, andreek lehen aldiz herriko desfilean parte hartzeko eskea egin zutenetik, hain zuzen ere, baina jeltzaleek inoiz ez dute herrian aldarri parekidea babestera egin. Abotsanitz bera alardeen auziaren ertz ugarien erakusgarri da: ezker abertzalean aldarri parekidearen inguruan zeuden desadostasunek eragina izan zuten 2015ean taldea sortzeko urratsetan. Baina EAJk ez bezala, ez dute inoiz arbuiatu hautu parekidea. Igor Enparan izan da boz hauetan alkategaia, alkate izateko prest dago, eta pozik mintzatu da gaur: «Oso emaitza onak dira».

Halaxe dira. 2.834 boto lortu dituzte, aurreko bozetan baino mila gehiago ia. Hiru zinegotzitik zazpira igaroko dira. EAJk jaitsiera agerikoa izan du: 3.882 boto jaso zituen aurreko hauteskundeetan, eta 2.786 orain. Bederatzi zinegotzi zituzten; orain, zazpi.

Ikusi gehiago: EH Bilduk aginte makila asko lor ditzake aliantzekin: Arrasate, Pasaia, Andoain, Deba, Hondarribia....

Enparanek nabarmendu du «herrigintzatik» sortutako talde bat direla. «Haizea alde» igartzen zutela esan du, baina ez zutela espero tamainako «tsunamia» herrian. «Lanaren» emaitza dela pentsatzen du. Herritarren artean jeltzaleen gobernatzeko erak sortu duen «desilusioak» ere eragina izan duela uste du. Herria ahalduntzen ikusi du, gainera, urteotan, saretzen: merkatarien elkartea sortu da, auzo elkarteak, eta horien bidez herritarrak beste herri eredu bat irudikatzen ari diren iritzia du.

Udalaren orain arteko «egiteko moduekin» desadostasuna usu azaldu du Abotsanitzek, eta aldaketa nahi du. «Aldebakartasunez» hartutako erabakiak maizegi ikusi dituztela deitoratu du Enparanek, eta horrek herria «urrundu» egin duela instituziotik. «Gure lan egiteko era beti izan da, ordea, herritarrengana gerturatzea». Horregatik, «gobernatzeko eredu berri baten» alde egin nahi dute.

Alardearen auzia Abotsanitz sortzeko «tantetako» bat izan zela onartu du alkategaiak. Ordutik, «elkarrizketaren» eta «adostasunaren» aldeko mezuak ozentzen ahalegindu dira. Horra keinu bat; Abotsanitzeko zinegotziek alardea egiten denean, irailaren 8an, harrera egiten diete Alarde fundazioak antolatzen duen desfileari, parekidea ez bada ere, eta herriko konpainia parekide bakarrari, Jaizkibeli. EAJko alkateek soilik desfile baztertzaileari egin diote beti oles. Jaizkibel konpainiako kideek maiz adierazi dute, halaber, aterik ez diela ireki udalak, eta aurrera egiteko biderik ere ez diela erraztu inoiz.

Udalaren jarrera hertsia ez da izan Jaizkibelen kontra bakarrik. Guztion Alardea elkarteak egin dizkion eskeen aurrean ere uzkur jokatu du. Elkarte hori alarde baztertzailean parte hartzen duen jendeak eratu zuen, eta iazko uztailean 64 andrek eske zuzena egin zuten: alardean parte hartu nahi zuten. Alarde baztertzailearen antolatzaileek ez zuten eskea aintzakotzat hartu, baina udalak ere ez.

Zuhurtasuna

Alardearen auziaren konponbidea lortze aldera, zuhur mintzo da Enparan. «Aurtengo alardean nekez ikusi ahal izango den aldaketa handirik». Alardea ororen gainetik festa bat dela gogoratu du, herria «kohesionatzeko» bide bat dela, eta «ekaitzik» sortu gabe irudikatu behar dela, ahal dela, konponbiderako ildoa. «Ibilbide bat egin beharko da; horren lanketan buru-belarri ibiliko gara». Oraindik desfile mistoaren kontrakoek eragin handia dute herrian, erabaki ahalmena ere bai, eta aldaketa ez da erraza izango, baina alkatetza aldatze hutsarekin, izango dira konponbidean lagun dezaketen keinu esanguratsuak. Aurten, esaterako, lehen aldiz jasoko du Jaizkibel konpainiak herriko alkatearen olesa.

Desfile bien antolatzaileekin harreman joriak dituztela esan du alkategaiak, eta «naturaltasunez» jarraitu nahi dutela horiek lantzen. Konponbidearen bidean lagun dezaketen tresnen artean egon daiteke Hondarribiko EH Bilduk orain aste batzuk alardearen antolaketa berriz udalak bere gain hartzeko aurkeztu zuen arautegi berria. Oraindik agiria ez duela ezagutzen esan du Enparanek, eta ez dakiela zer erabilera eman dakiokeen, baina baliagarria izan dadin ezingo duela inoiz «aldebakarrekoa» izan, eta «eragileekin» batera partekatu beharko dela.

Aurrera egiteko zer bide duten irmotasunez azaldu nahi izan du: «Elkarrizketa, elkarrizketa eta elkarrizketa».

Zerumuga zer duten ez du ezkutatzen: «Guk sinesten dugu alarde publiko eta bakar batean». Eta parekidea? «Guri hala gustatuko litzaiguke». Horretara heltzeko, ordea, «akordioaren» alde egin behar dela argi du. «Ausardia» beharko dutela onartu du, baina «kontu» pixka batekin ibili beharko dutela ezinbestean. Ahalegin hutsean ez geratzeko: «Ohore bat litzateke agintaldi honetan alardearen gatazka konpontzea». Helmugara heldu nahi dute, ordea, «garaile eta garaituen arteko dikotomia» gaindituta.

EH Bilduren balorazioa

Garoa Lekuona izan da Hondarribian EH Bilduren alkategaia. «Pozik» ikusi zituzten atzo herriko emaitzak. Bi zinegotzi zituzten lehen beraiek, ez dute galerarik izango, eta Abotsanitzen emaitzak herriarentzat onak direla uste dute. EH Bilduko ordezkariak esan du aldaketa lortzeko «giltzarri» izango direla eta poz handiz emango diotela babesa irabazi duen herri plataformari. «Ezkerreko aldaketa eta abertzalea» ekarriko duela esan du, eta bat egin behar dutela horrekin.

Aldaketa, alardearen auzia konpontze aldera, erabakigarria izango dela uste du. «Agintaldi honek konponbidearen agintaldia izan behar du», iragarri du Lekuonak. Berriki propio konponbiderako tresna gisara aurkeztu duten arautegiak bidean lagun dezakeela uste du: «Ez da hutsetik hasi behar». Beren xedea argia da: «Alarde publikoa, bakarra eta parekidea». Badaki «bidea» ez dela egun batetik besterakoa izango. «Gauzak poliki eta ondo egin behar dira».

Aurtengo desfilean bertan hautu parekidearen alde izan daitezkeen «keinuek-eta» erruz lagun dezaketela uste du, eta horietan sakontzera egin beharko dela gero. «Herritarrak prest daude, nahi dute. Eta keinuak baino gehiago nahi ditugu». Zentzun horretan, baikorra da: «Oso agintaldi polita izango da». Eta aldaketa sakonago eta luzeago baten abiapuntua izatea nahi dute.

Irun, akordioen arabera

Irunen ere erantzun egoki bat jaso gabe jarraitzen du alardearen auziak. Bi desfile egiten dira han ekainaren 30ean, herriko jaietan, eta alkateak, PSE-EEren esku, alarde baztertzailea babesten du urtero. Jaramonik ez die egiten, halaber, alarde parekidearen antolatzaileek beren desfilea lehenesteko eta berriz antolatzen hasteko egiten dizkioten eskabideei.

Elkarrekin Podemos-IUrekin batera jardun du udal gobernuan igaro agintaldian, eta desadostasunik agerikoenak lotuta egon dira gai horrekin. Orain zer akordio lortzen duten ikusi beharko da. Izan ere, boto gehien jaso dituen taldea izan da oraindik PSE-EE, baina akordioak beharko ditu agintean jarraitzeko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.