Diru politika

Euriborrak %4ko atarian bukatuko du maiatza

Kuota orain berritu behar dutenek askoz gehiago ordaindu beharko dute: 270 euro gehiago, hain zuzen, hilean etxea erosteko maileguan 150.000 euro oraindik itzultzeko dutenek.

jarraia228726.jpg
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 30a
15:55
Entzun

Egunak igarotzea eurotan neurtzen dute hipoteka aldakor bat dutenek. Azken asteetan ia egunero ari da igotzen tasa aldakorreko maileguak gehien erabiltzen den indizea, Euriborra, eta dagoeneko %4aren atarian dago; atzo, %3,965ra iritsi zen. Hilabeteko batezbestekoa pixka bat apalagoa da, %3,859ra iritsi baita.

Bihar amaituko da hilabetea, eta ehunen batzuk egingo du gora. Kontuan hartuta iazko maiatzean %0,287an zegoela, beren mailegua maiatzeko Euriborrarekin berritu behar dutenek oso igoera handia izango dute beren hileroko kuotetan.

Adibidez, 150.000 euroren hipoteka bat oraindik zor dutenek, 25 urtean itzultzekoa eta Euriborra gehi %1eko tasarekin, hilean 855 euro ordaindu beharko dituzte, azken urtean baino 270 euro gehiago. Gehienek hipotekaren zenbatekoa urtean behin ordaintzen dutenez, urtean 3.240 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Igoerak apalagoak dira ordaintzeke geratzen den maileguaren zatia txikitu ahala. Izan ere, Hego Euskal Herrian tasa aldakorreko maileguak ordaintzeko erabiltzen den sistemarekin, artean pagatu ez den zatiaren gaineko interesa da ordaintzen dena. Horrek ekarri ohi du maileguak aurrera egin ahala eskatutako kapitalaren zati handiagoa ordaintzea, eta gutxiago interesetan; izan ere, hasierako kuotak oso handiak izan ez daitezen, kapital gutxi amortizatzen da maileguaren lehen urteetan.

EBZ, noiz arte?

Euriborra negatiboan izan zen 2016ko otsailetik 2022ko martxora arte, Europako Banku Zentralak interes tasak zerora jaitsi zituelako, hasieran jarduera ekonomikoa suspertzeko Atzeraldi Handiaren ostean, eta ondoren koronabirusaren krisiari aurre egiteko. Baina orain banku zentralaren kezka nagusia inflazioa da, eta hari aurre egiteko interes tasak handitzen hasi zen iazko uztailean, indarrez gainera (%0,50). Euriborra, ordea, lehenago hasi zen gora egiten, indizea aurreratu egiten zaiolako interes tasa ofizialen bilakaerari.

Inflazioak sendo jarraitzen duenez, EBZk beste sei aldiz igo ditu interes tasak, eta maiatza hasieraz geroztik dagoeneko %3,75eko interesa eskatzen die hari dirua eskatzen dioten bankuei. Euriborra, berriz, bankuek elkarren arteko tratuei eskatzen dieten interesa erakusten duen indizea da.

Ekainaren 15ean bilduko da berriro EBZko kontseilua, eta ziurtzat jo daiteke gehiago garestituko duela diruaren prezioa. Puntu laurden bat izango dela espero dute finantza merkatuek, eurogunean ere inflazioak hasi duelako beheranzko bidea, poliki bada ere. Gainera, interes tasa handiakari dira bere helburua lortzen, ekonomia moteltzen ari baita: enpresek mailegu gutxiago eskatu dituzte inbertsioak finantzatzeko, eta herritarrek ere kreditura egindako erosketak apaldu dituzte.

Igoerak noiz etengo dituen da argitu beharrekoa, baina horri buruzko mezu kontrajarriak eman dituzte banku zentraleko kideek. Gehiago igotzeko eskatzen ari dira belatzak, eta igoerak eteteko usoak.

«Jasotzen ditugun datuen arabera jokatuko dugu», ziurtatu du Christine Lagarde EBZko presidenteak, baina maiatza hasierako bileran argi utzi zuen igoera gehiago izango direla: «Bidaia batean gaude, eta oraindik bide gehiago egin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.