«Hirugarren bideak» baztertzeko eskatu du Asironek

EH Bilduko Iruñeko alkategaiak PSNri ohartarazi dio koalizio subiranistari dagokiola alternatiba bat osatzeko lidergoa hartzea: «Inork ordezkaritza printzipioa ez errespetatzeko tentaldia baldin badu, ez dezala gurekin kontatu».

Joseba Asiron, igande gauean. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2023ko maiatzaren 30a
18:08
Entzun

Pasatu dira udal hauteskundeak, eta negoziazio mahaira joan aurretik jarrerak finkatzeko garaia dute alderdi politikoek. Elma Saiz PSNko Iruñeko alkategaiak bere hautagaitza aurkezteko asmoa azaldu eta ordu gutxira, Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiak nabarmendu du berari dagokiola alternatiba bat osatzea UPN gainditzeko eta alkatetza eskuratzeko: «Ulertzen dugun bezala PSNri dagokiola Nafarroako Gobernurako negoziazioen lidergoa hartzea, EH Bilduk izan behar du Iruñeko negoziazioena hartzen duena. Inork ez dezala buruan izan hirugarren biderik; hautesleek EH Bilduri eman dioten lidergoa lapurtzera bideratutako hirugarren bideak porrotera kondenatuta daude. Bide horrek eskuineko gobernuetara garamatza». Asironek erantsi du «aukera bakarra bide demokratikoa» dela.

Igandeko bozketan, UPNk bederatzi zinegotzi lortu zituen; EH Bilduk, zortzi; PSNk, bost; PPk eta Geroa Baik, bina; eta Zurekin Nafarroak, bat. Cristina Ibarrola UPNko hautagaia izango da alkatea, baldin eta beste hautagairen batek gutxienez hamalau zinegotziren eta, beraz, gehiengo absolutuaren babesa eskuratzen badu. EH Bilduren emaitzak goretsi ditu Joseba Asiron alkategaiak, eta nabarmendu hamabi punturen aldea dagoela EH Bilduren eta «hurrengo indar progresistaren» artean.

Asironek nabarmendu du «oinarrizko printzipio demokratiko» bat dagoela, argudiatzeko berari dagokiola alternatiba bat eratea: «Gehiengoa dagoen lekuetan, sustatu dadila boto gehien eskuratu dituen zerrenda aurrerakoia». Hori horrela, agindu du «azken minutura arte gobernu alternatibo bat» sustatzen ahaleginduko dela; horretarako pausoak «diskrezioz eta leialtasunez» emango ditu. Horrez gain, «eskuzabaltasun printzipioaz» ere jardun du: «Negoziazioetatik sor daitekeen gobernuak aniztasunaren isla izan behar du, ez hura moztu». Eta, Elma Saiz aipatu gabe, oharra egin dio: «Inork ordezkaritza printzipioa ez errespetatzeko tentaldia baldin badu, ez dezala gurekin kontatu».

Ekainaren 17an osatuko dute udala, eta aukeratuko alkatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.