Energia

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 1a
11:05
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia berriztagarrien autokontsumoa bultzatzeko legea onartu du ostegun honetan Eusko Legebiltzarrak. EAEko Lurzoru eta Hirigintza Legea aldatzen du, eta, horri esker, erraztu eta arindu egingo da eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako behar den tramitazioa, udal lizentzia eskatzea jada ez baita beharrezkoa izango obra horiek egiteko.

EH Bilduk proposatu du lege aldaketa, eta EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PPren aldeko botoekin egin du aurrera. Voxek bakarrik bozkatu du aurka. Araudi berria bat dator Europako Batasunak arlo horretan emandako irizpideekin, eta Nafarroan, esaterako, eginak dituzte horretara egokitzeko lege aldaketak.

Legearen helburua da etxeetan energia berriztagarriak jartzeko oztopo administratiboak arintzea. Hala, ekainaren 1etik aurrera ez da derrigorrezkoa izango udaletan obra lizentzia eskatzea eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako.

Izango dira salbuespenak. Lizentzia eskatu beharko da kultura intereseko ondasuntzat edo ondasun katalogatutzat jotako eraikinetan egiten direnean, eraikinaren zimenduei edo egiturari eragiten dietenean eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean. Orduan eskatu beharko da udalean obra lizentzia.

EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oteroren esanetan, «herritarren aldeko urratsa da, herritarrak trantsizio honen protagonista bilakatzen dituelako». «Agerian geratzen ari da trantsizio energetikoa azkartu beharra, eta testuinguru horretan tresna garrantzitsua da autokontsumoa. Autokontsumoak eskaria kentzen du merkatu energetikoan, ingurumen baldintzak hobetzen ditu, hidrokarburoen garrantzia murrizten laguntzen du, eta kontsumitzaileen faktura berehala jaistea ere ahalbidetzen du».

EAJko Unai Grajalesen ustez, lege berriari esker autokontsumo energetikoa «erraztuko» da; PSE-EEko Alberto Alonsorentzat, trantsizio energetikoa gauzatzeko «pieza garrantzitsuenetako bat» da autokontsumoa.

Araudia aurrera ateratzeko legebiltzarkide taldeen arteko adostasuna azpimarratu du Elkarrekin Podemos-IUko Gustavo Angulok, eta PP-Ciudadanoseko Mauriel Larreak gehitu du alderdien ekarpenekin testua hobetu dela. «Aldeko botoa beharrezkoa zen, eta horrela egin dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.