EUSKAL PRESOAK

Joseba Borde espetxera itzuli da, hirugarren gradua kenduta

Ostegun iluntzean sartu zen Basauriko espetxean. 64 urte ditu. Bestalde, aske geratu da Patxi Markes presoa.

Sarek apirilaren 29an Donostian eginiko elkarretaratzea, euskal presoei salbuespen neurriak jartzearen aurka. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 2a
09:54
Entzun

Joseba Borde Ugaoko presoa Basauriko espetxera itzuli zen bart gauean. Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zion Borderi, baina erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen fiskalak, eta, Auzitegi Gorenaren doktrinari jarraituta, kartzelara itzuli da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi arte.

Bordek 64 urte dauzka, eta hogei daramatza kartzelan. Gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago, eta bere zigorraren hiru laurdenak 2019an bete zituen.

Sarek nabarmendu duenez, «legeak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz». Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik, 42 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa, baina 42 horietatik 29ren kasuan erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri du fiskaltzak, eta hamahiru espetxean sartu ditu Auzitegi Nazionalak, bigarren graduko erregimenean.

«Gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko», azaldu du plataformak.

Hori dela eta, manifestaziora deitu du Sarek gaur zortzirako, hilaren 9rako, Ugaoko Herriko plazan, 20:00etan.

Patxi Markes, aske

Bestalde, Patxi Markes Zelaia preso berangoarra aske geratu da, zigor osoa bete ostean. 25 urtez egon da espetxean. 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. 2022ko urrian baldintzapean aske utzi zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.