Ezbeharra
Gutxienez 288 pertsona hil eta 800 zauritu dira Indian, tren istripu batean
Trena bat bidetik atera da eta beste tren batek jo du ondoren. Mende honetan Indian izan den tren istripu larriena izan da.

Indiako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, atzo iluntzean Odisha eskualdeko Balasore hiriko geltokian izan zen tren istripu larrian hildakoak 288 dira jada, eta zaurituak 803; horietatik 650 ospitaleratuta daude. Ezbeharra bi trenen artekoa izan da. Lehenengo Bengaluru eta Kalkuta lotzen zituen tren bat atera zen bidetik, eta ondoren Kalkuta eta Chennai arteko bidea egiten ari zen beste tren batek aurrekoa jo zuen. Zer gertatu zen ikertuko dutela agindu dute agintariek. Bi tren horietan 3.400 bidaiari inguru zihoazen. Mende honetan Indian izan den tren istripu larriena da.
India ipar-ekialdeko kostaldean dago Balasore hiria. «200 anbulantzia eta ehundik gora mediku mobilizatu dira. Ospitale guztietan ari dira zaurituak artatzen, eta 500dik gora unitate ari dira odola biltzen gau osoan. Larrialdi zerbitzuak jo eta su ari dira lanean», adierazi dute iturri ofizialek.
Ashwini Vaishnaw Indiako Trenbide ministroaren dimisioa eskatzen hasiak dira batzuk. Indiako Gobernuak ezohiko bilera batera deitu zituen ministroak. Hildakoen familientzako kalte ordainak iragarri dituzte agintariek: 2.250 euro inguru hildakoen senideentzat, eta 560 inguru, zaurituei, NDTV telebistak jakinarazi duenez.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.