Aitor Zelaia eta Galder Barbado

Ehunka lagunek Barbadoren eta Zelaiaren aurkako epaia gaitzetsi dute Amurrion

Ankerkeriari Stop plataformak deituta, epaileek Euskal Herria iraganera kateatu nahi dutela salatu dute: «Kartzelak hustu beharrean, horiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute».

Aitor Zelaia eta Galder Barbado Amurrion (Araba), gaur, babesa eman dieten lagunen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko ekainaren 4a
17:59
Entzun

«Bada hamarkada luze bat herri hau bestelako testuinguru batean murgiltzeko ahaleginetan dabilela, baina badaude batzuk iraganera kateatuta nahi gaituztenak, horren prezioa edozein delarik ere». Hori eta gehiago salatu dute gaur ehunka lagunek Amurrion (Araba), Aitor Zelaiari eta Galder Barbadori launa urteko espetxe zigorra berretsi izana gaitzesteko egin duten ekitaldian.

«Ankerkerien aurrean Euskal Herriak aurrera egin nahi eta behar duela» aldarrikatu dute han. Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epailearen aginduz. «Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea» egotzi zieten bi gazteei, Ertzaintzak berak hilabete batzuk lehenago Duran (Arratzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako lehergaien arduradun zirelakoan. Bi gazteek ia urte erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, urte hartako uztailean atera ziren arte, epaiketaren zain.

2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa, Madrilen. Handik egun gutxira, Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok gazteen aurka ebatzi zuen, «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik». Lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, baina defentsak eta fiskaltzak helegitea jarri zioten epai hari; horri erantzun dio Gorenak orain.

Anakronismoa eta krudelkeria

Ebazpen horren kontra, prozesuaren «anakronismoa eta krudelkeria» salatu dituzte gaur: «Bada hamarkada luze bat herri hau bestelako testuinguru batean murgiltzeko ahaleginetan dabilela, baina badaude batzuk iraganera kateatuta nahi gaituztenak, horren prezioa edozein delarik ere. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak errespetatu beharrean indarkeriaren errezeta besterik ez digute eskaintzen, eta kartzelak hustu beharrean horiek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute, urte luzeetan jasan dugun eta mendekuan oinarritzen den politika bidegabe baten bideari eutsiz».

Bi gazteen alde borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute: «Injustiziaren aurrean antolatzen badakien herria da gurea, pertsonak babestu eta haientzat eskubide guztiak eskatzen dituena, konponbidearekin konprometitua dagoena. Jakin ez zaituztegula sekula bakarri utziko», esan diete Barbadori eta Zelaiari.

Azkenik, elkartasunerako deia zabaldu dute: «Bete ditzagun Euskal Herriko kale, plaza eta txosnak elkartasunez, eta zabal dezagun gure mezua lau haizeetara, jakin dezatela behingoz herri honek zutik dirauela. Horregatik, norbanako eta eragile desberdinei dei egiten diegu, zabalduko diren deialdietan parte hartu eta babes ditzaten, tokian toki burutu daitezkeen elkartasun keinuak zabaltzearekin batera. Oztopoen aurrean ez gaituzte gelditzen eta ez gaituzte geldituko. Oker dabiltza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.