GERRA UKRAINAN

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.  

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 5a
09:36
Entzun

Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du, gaur, Ukrainako tropek Donetsk eskualdean egindako «eraso handi bat» zapuztu duela. Kaleratutako testuaren arabera, Ukrainako armadako 250 soldadu baino gehiago hil dituzte han azkeneko orduetan. Kieveko buruzagitza militarrak, goizero argitaratzen duen oharrean, azpimarratu du «operazio informatibo psikologiko bat» dela, eta ez dela «fidatzekoa». Aurreko larunbatean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi zuen prest direla kontraerasorako, eta, Kieven ustez, Moskuk horri buruzko «informazio faltsua» zabalduko du.

Donetsk da Errusiak iazko irailean anexionatutako Ukrainako lau eskualdeetako bat — Zaporizhia, Kherson eta Luhansk dira beste hirurak—, eta haren %60 inguru du kontrolpean. Defentsa Ministerioak, Sergei Xoigu buru, nabarmendu du Ukrainaren erasoak ez duela helburua lortu, ez duela «arrakastarik» eduki. Testuari bideo bat gehitu diote, eta, hor, ikusten da nola jotzen dituzten bonbek Ukrainaren blindatu batzuk. Moskuren esanetan, hamasei tanke eta erasorako beste pare bat dozena blindatu txikitu dituzte.

Ikusi gehiago:Analisia: Gerra koska bat estutzeari atea irekiz

Ukrainako buruzagiak aspalditik ari dira kontraeraso bat iragartzen, baina ez da halakorik gertatu. Zelenskiren inguruko iturriek argudiatu izan dute Errusiako azpiegiturei egindako erasoak, esate baterako, kontraerasotzat har daitezkeela, hori ez dela une jakin batean hasten den zerbait. Buruzagitza militarrak gaurko oharrean adierazi du azken orduetan borrokak izan direla Luhansken eta Donetsken, hamabost misil jaurti dituela Errusiako tropen aurka, eta Moskuren arma biltegiei eta aireko defentsa sistemei ere eraso egin diela.

Eta gaur bi drone erori dira Errusiako Kaluga eskualdeko autobide batean, Moskutik 280-300 kilometrora. Hango gobernadore Vladislav Xapxak jakinarazi du ez direla lehertu. Mosku eskualdearekin muga egiten du Kalugak, eta aintzat hartu behar da joan den astean Errusiako hiriburuan aire eraso bat gertatu zela. Kievek horren atzean egotea ukatu zuen.

Ikusi gehiago:Zelenskiren arabera, Ukrainako inkdarrak prest dira kontraerasorako

Ikusi gehiago:Mosku bonbardatzea egotzi dio Errusiak Ukrainari

Ez da izan Errusiako lurretan azken orduetan gertatutako eraso bakarra. Kursk eskualdeko gobernadore Roman Starovoitek jakinarazi du drone bat erorarazi dutela, eta, Belgorod eskualdeko iturri ofizialean arabera, hango energia azpiegitura bati eraso diote droneekin. Azken hilabeteetan, eraso gehiago egin dira Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako eskualdeen aurka, eta Belgoroden, kasurako, Errusiako soldaduek pare bat aste daramatzate borrokan, Kremlinen kontra ari direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako bi miliziaren aurka. Boluntario Errusiarren Taldea da horietako bat, eta, Errusiako hedabide independenteek diotenez, neonazi bat da haren burua, Denis Kapustin. Errusiaren Askatasuna Legioa da beste milizia, eta Errusiako armadatik ihes egin dutenak eta eskarmentu militarrik gabeko zibil errusiarrak eta bielorrusiarrak ditu kide, batez ere.

Ikusi gehiago: Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Horren guztiaren harira, The Washington Post egunkariak ikerketa bat kaleratu zuen larunbat gauean, eta, haren arabera, Belgoroden borrokatzen ari diren miliziak AEBetako, Poloniako, Txekiako eta Belgikako armak erabiltzen ari dira; besteak beste, tropak garraiatzeko ibilgailu blindatuak eta misilak. Eta, hori dela eta, Belgikako Gobernuak azalpenak eskatu dizkio Ukrainakoari. RTBF telebista kateak iturri ofizialak aipatuz esan duenez, Ukrainako lurrak defendatzeko eman zion Belgikak material hori Kievi. Gainera, Belgikak dio armadak erabiltzeko direla, hori zehaztu zutela. Ukrainako Gobernuak esan du ez duela zerikusirik miliziekin. Mendebaldeko herrialdeek ez dute nahi Ukrainak haiek emandako armekin eraso egitea Errusiako lurrei. Zeren Kremlinek interpretatu lezake zilegitasuna duela gerra Ukrainako mugetatik at zabaltzeko baldin eta egiaztatzen badu NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko herrialderen baten armekin eraso diotela Errusian.

Vatikanoko ordezkaria, Kieven

Frantzisko I.a aita santuak aukeratuta, Matteo Zuppi kardinala Kievera joan da gaur, Vatikanoaren ordezkari gisa, Ukrainako agintariekin hitz egitera, gatazka modu baketsuan konpontzeari buruz. «Gerra guztiak negoziazio batekin bukatzen dira», adierazi zuen Italiako gotzainen presidente ere badenak duela gutxi. Bitartekari izan da Mozambiken, Burundin eta Guatemalan gertatutako gatazketan, besteak beste. Errusiako Gobernuko ordezkariekin ere bildu asmo du. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi du Vladimir Putin Errusiako presidentearen agendan ez dela zehaztu bilerarik Zuppirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.