Ikusle datuak

Buruz buruko finalak %20,8ko ikusle kuota izan zuen

Euskaldunen artean lehiak %34,5eko kuota lortu zuen. ETBk hamahiru kamera erabili zituen.

Aitor Elordi. MARISOL RAMIREZ
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 5a
11:11
Entzun

Ikusmin handia piztu zuen atzo Aitor Elordiren eta Jokin Altunaren arteko buruz buruko finalak. Milaka herritarrek ikusi zuten pilota partida ETB1en, eta ikusle datu altua izan zuen emanaldiak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %20,8ko ikusle kuota lortu zuen lehiak —euskaldunen artean, %34,5ekoa—.

Partida osorik ikusi zutenen ehunekoa da hori. Baina, beste alde batetik, 172.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Elordiren eta Altunaren arteko finala.

Emanaldirako hamahiru kamera erabili zituen Euskal Telebistak. Kablecam izeneko kamera izan zen berrikuntza nagusia. Pilotalekuaren goialdean kokatu zuten, eta frontisetik errebotera arteko irudiak zein harmailetakoak ematen ditu, kablearekin batetik bestera mugituta. Gernikako (Bizkaia) Jai Alai Winter Series txapelketan erabili zuten aurreneko aldiz. Era berean, robotizatutako bi kamera jarri zituzten frontisean: Txokocam deritzona, txokoko irudiak emateko, eta Marracam izenekoa, pilota jokalekutik atera ote den erakusteko —epaileentzat ere baliagarria—.

Altunak iazko azaroan jokatu zuen beste final batek are ikusle datu altuagoak izan zituen: Joseba Ezkurdiaren eta Altunaren Lau eta Erdiko Txapelketako finalak %24,5eko ikusle kuota izan zuen —%38,3koa euskaldunen artean—. 322.000 herritarrek bat egin zuten tarteren batean emanaldiarekin.

ETB1ek, %2,2ko kuota
Maiatzean, ETB1 katearen batezbesteko ikusle kuota %2,2koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko bi urteetan ere kuota hori izan du euskarazko kateak. Edonola ere, kirol emanaldi batzuk izan dira ikusle datu onentsuenak lortu dituztenak: batetik, maiatzeko lehen asteburuan Osasunak Espainiako Kopako finala jokatu zuen, eta ETB1en %8,7ko kuota izan zuen —La1n, %37koa—. Nafarroan are handiagoak izan ziren datuak:%12ko kuota ETB1en, eta %48,1ekoa TVEn. Bestetik, buruz buruko pilota txapelketako finalerdiak eman ditu ETB1ek, eta horiek ere datu onak izan dituzte. Italiako Giroak arratsaldetan %3,2ko kuota izan du.

ETB2 kateak, bestetik, %8,9ko ikusle kuota izan du maiatzean. El conquistador del Caribe saioa da kate horretan daturik onenak lortzen dituena. Teleberri albistegiak, berriz, %18,1eko batezbesteko kuota izan du joan den hilean.

Haurrentzako ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izan du. Eta ETB4 kateak, %0,8koa. Katalunian, TV3 katea da gehien ikusi dena maiatzean: %13,9ko kuota. Eta Galizian, TVGk %11,3koa eskuratu du.

Euskal Herrian pilota emanaldiak arreta eman duen moduan, joan den asteburuan Katalunian futbol partida batek erakarri ditu ikus-entzule ugari: Txapeldunen Ligako finalak. Irene Paredesen taldeak —Bartzelonak— Wolfsburgori 3-2 irabazi zion herenegun, eta TV3eko emankizunak %28,6ko ikusle kuota lortu zuen. 830.000 herritarrek ikusi zuten tarteren batean Katalunian futbol partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.