Eskola publikoaren jaia

Euskal Eskola Publikoa, gero eta babestuagoa

Haur batzuk jolasten, atzo, Mungian, Euskal Eskola Publikoaren jaian. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko ekainaren 5a
12:00
Entzun

Biribila izan da ekitaldia, 30.ez ospatu baitzuten atzo Euskal Eskola Publikoaren jaia, Mungian (Bizkaia); biribila izan da, halaber, hango Legarda ikastetxearen urteurrena, mende erdi bete baititu aurton; eta biribila izan da, orobat, festa bera: milaka lagun bildu ziren herrian, eta «giro oso ona» egon zen, Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen arabera. Musikarekin eta dantzarekin abiatu zuten eguna, 11:00ak aldera, eta segituan etorri ziren aldarriak ere: eskola publikoa «babestu beharreko altxor bat» dela adierazi zuen Arkaitz Aburto EHIGEko presidenteak hasierako hitzaldian, aurtengo leloa hizpidera ekarrita. Jagon: zaindu, babestu. Batuak bizkaieratik hartua.

Mezu hori helaraztea zuten jomuga, eta askok egin dute bere, Imazen berbei erreparatuta. «Jaiak erakusten du herri honetan milaka lagun gaudela prest eskola publikoa babesteko eta zaintzeko». Joera positiboa da, gainera, urtez urte gero eta jende gehiago biltzen baita festara, koordinatzailearen esanetan. «Alde batetik, ikusten dugu eskola publikoak gero eta babes sozial handiagoa daukala; eta, beste alde batetik, eskola publikoko komunitatea harro dagoela bere eskolaz». Haren hitzetan, gero eta gehiagorentzat bilakatu da ekaineko aurreneko igandea «ezinbesteko hitzordu», bai ospatzeko, baina baita aldarrikatzeko ere. «Jaiaren helburua hori da: beharrei ikusgaitasuna ematea. Eta etortzen diren pertsonek ere hori nahi dute: euren beharrak hizpidera ekartzea, eta erantzun bat jaso ahal izatea».

Hala, familia mordo batek bete zuen festa eremua: guztira, hiru gune moldatu zituzten kontzertuak, tailerrak, jolasak eta egitarauko gainerako ekintzak hartzeko. Ikastetxe publikoetan antolatu zituzten batzuk —Legarda eskolako jolastokian izan zen hasiera ekitaldia, esaterako, eta han kokatu zen, orobat, Berria gunea—, baita Matxin plazan eta Torrebillela parkean ere. «Gurasoak etorri ziren seme-alabekin, eta horientzako espazio egokiak geneuzkan: hainbat umerentzako jarduera eta berdeguneak». Nerabeei dagokienez, berriz, zalantzak zituzten. «Gure jaia familiei zuzendutakoa izan da, batez ere. Baina eskola publikoetan nerabeak ditugu». Imazek dio ez dela erraza haiengana heltzea, eta, horiek horrela, egitarau espezifikoa taxutu zuten haientzat, hala nola grafiti ikastaro bat eta skate jarduerak. «Alde horretatik ere, oso gustura gaude. Uste dugu aurten asmatu dugula».

Elkarlana oinarrian

EHIGEk Mungialdeko sei ikastetxe izan ditu bidelagun aurtengo jaiaren antolakuntzan: Legardaz gain, Laukizko Lauaxeta eskola, Mungiako institutua, Laukarizko herri ikastetxea, Gatikakoa, eta Bakioko Urkitza eskola publikoa. Eta, hain justu, elkarlan hori nabarmendu du Imazek: «Urtero egiten saiatzen gara. Ulertzen dugu eskola publikoek ezin dutela funtzionatu irla moduan, baizik eta saretu egin behar dutela. Leku batzuetan, sareak osatuta daude, eta, beste batzuetan, sortu egin behar dira». Era berean, etorkizuneko gakotzat jo du indartzea haur eskolen, lehen mailakoen eta institutuen arteko lotura, baita gurasoen parte hartzea ere. «Gu guraso elkarteen ordezkariak gara, eta egunero eskolan modu boluntarioan lan egiten duten pertsonek osatzen dituzte elkarteok. Guretzat oso inportantea da parte hartze hori sustatzea eta laguntzea».

Aurrera begirako erronketako batzuk baino ez dira saretzeak, ordea. «Eskola publikoa behar bezala hornitu behar da, azpiegiturei eta baliabide pertsonal eta materialei dagokienez. Lau urteko planak eta azpiegitura planak egiten dira, baina gero ez dira betetzen». Era berean, plaza publiko berriak sortzea galdegin du, «herritar guztiei lekua bermatzeko». Euskara ere badute beren bide orrian. «Gaur egun, egia da A eredua hondarrekoa dela eskola publikoan, baina, D eredua zabaltzearekin batera, euskara biziberritzeko plan bat ere behar da». Alegia, euskara sendotu egin behar dela dio, batik bat presentzia gutxien duen tokietan. «Eta horrek eskatzen du eskolaz kanpo ere euskara indartzea, eskolako gune guztiak euskaldunak izateko: goizeko zaintzatik hasi, eta eskolaz kanpoko jardueretaraino. Oso garrantzitsua da udalen eta gainontzeko erakundeen elkarlana».

Aldarriok festa giroan mamitzen dira urtean egun batez, eskola publikoaren egoerara erakartzen baitute arreta jaiaren koloreek, doinuek eta jendetzak. Urte osoko lana da hori erdiestea, Imazek azaldu duenez. «Normalean, irailean hasten gara gauzak antolatzen. Urtean zehar, lantalde bat eduki dugu, Mungialdeko ikastetxeetako ordezkariek osatutakoa —gurasoek eta zuzendaritzak—». Horrez gain, asteburuko beharretarako 150 boluntario ingururen laguntza jaso dute. Eta, aurtengoa bukatuta, berehala jarri dira hurrengoari begira: 2024an, Ordiziako (Gipuzkoa) eskola publikoa arduratuko da jaia ospatzeaz; atzo eman zioten lekukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.