Igor Susaeta.

Gerra koska bat estutzeari atea irekiz

2023ko ekainaren 5a
12:53
Entzun

Munduak arnasari eutsi zion iazko azaroaren 15ean. Misil bat erori zen Polonian, eta Errusiak jaurti zuela frogatzeak berekin ekar zezakeen NATOk bere kontrako erasotzat hartzea eta jokaleku hau sortzea: aliatuek Kremlini gerra deklaratzea. Aliantzaren lehen ikerketen arabera, baina, Ukrainak berak jaurti zuen, Errusiako misil bat erorarazteko. Mundua arnasa hartzen hasi zen berriro.

Egoerak ez dira guztiz parekatzeko modukoak, baina paralelismo bat egin daiteke bien artean, azken asteetan ugaritu egin baitira Errusiako lurren kontrako aire erasoak. Kievek esaten du ez duela zerikusirik horiekin, nahiz eta «atseginez» hartu dituen.

Ikusi gehiago:Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Moskuk dioenez, Ukrainan ekoitzi dute erasoetarako erabilitako materiala. Mendebaldeak lasaitua hartu du. Izan ere, behar beste denboraz militarki laguntzearen truke, baldintza bat jarri dio Ukrainari: arma horiek, izan munizioa, droneak, tankeak edo irismen luzeko misilak, ez erabiltzea Errusiako lurretan. Joe Biden Etxe Zuriko maizterraren esanetan, gainera, inoiz F-16ak ematen badizkiete, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak zin egin dio AEBetan fabrikatutako gerra hegazkin horiek Ukrainan soilik baliatuko dituela.

Baina ematen du inor ez dela zorrotzago kontrolatzen ari arma horiek nola erabiltzen diren. Pentagonoko iturriak aipatuz The Washington Post-ek kaleratu duenez, Ukrainari emandako arma batzuk erabili dituzte Belgorod eskualdean, Errusian, Kremlinen kontra borrokatzen direla dioten bi miliziak. Eta horrek atea apur bat ireki diezaioke gatazka koska bat estutzeari, Errusiak uste badu NATO bere lurrei zuzenean eraso egiten ari zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.