Ina Zeberioren hilketa berriro ikertzeko eskatu du Egiari Zor fundazioak

Gorpuak 24 bala zulo eta eskuburdinak zeuzkan epaileak heriotza egiaztatu zuenean. Bertsio ofizialaren arabera, Zeberiok egin zuen tiro lehenengo, eta ertzainek erantzun egin zioten.

Ina Zeberioren aldeko ekitaldia, atzo, Lizartzan (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2023ko ekainaren 5a
18:03
Entzun

25 urte bete dira gaur Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuenetik Gernika-Lumon (Bizkaia) egindako sarekada batean, baina haren heriotzaren inguruabarrak oraindik argitu barik daudela uste du Egiari Zor fundazioak, eta kasua berriro ikertzeko eskatu du, 12/2016 legearen bitartez. Ainara Estaran fundazioko kideak uste du bertsio ofiziala zalantzan ipintzeko arrazoiak daudela: «Nolabait aldatu egin zuten krimenaren gertalekua, mugitu zuten gorpua, jaso zituzten bala zorroak... [...] Gainera, balistika probak egiteko, epaileak eskatu egin behar izan zituen bala zorroak, ertzainek ez baitzuen ofizioz egin».

Gainera, salatu du «giza eskubideen urraketa» izan daitekeen hori egin zuen indar polizial berak ikertu zuela Zeberioren kasua. Ertzaintzak bere burua ikertu zuela, alegia. 12/2016 legeari jarraikiz kasua ikertu daitekeela argudiatu du Estaranek, eta erakundeei eskatu die halaxe egiteko. 1978tik 1999ra izandako motibazio politikoko indarkeria egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legea da hori.

Kontatu duenez, 12/2016 legearen bitartez gezurtatu zen Joxe Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi-ren heriotzaren bertsio ofiziala, Josu Mujikarena eta Mikel Zabalzarena. «Horregatik esaten dugu bertsio ofizialak zalantzan jarri behar direla eta egindako auzi judizialak ikertu behar direla», adierazi du. «Askotan, ikerketa prozesu horiek oso motzak izan dira, oso korapilatsuak, ez dira praktikatu normalean praktikatzen diren proba guztiak...».

«Hiru-bost segundoko operazioa»

1998ko ekainaren 5eko goizaldeko ordu bietan hasi zen Bizkaia komando eraberritua desegiteko operazioa. El Correo Español-ek argitaratu zuenez, 60 polizia bildu ziren Pablo Picasso kaleko 11. zenbakian. Hango pisu batean zeuden Ina Zeberio, Iñaki Bilbao Gaubeka eta Patxi Markes ETAko kideak, eta hiru eta bost segundo arteko operazio batekin atxilotu nahi izan zituzten, Juan Manuel Martiarena Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak azaldu zuenez. Ez zen hala izan. Bertsio ofizialaren arabera, ertzainei uste baino gehiago kosta zitzaien atea apurtzea, lehergailuak ez zuelako behar zen moduan erantzun, eta, tarte horretan, Ina Zeberiok denbora izan zuen etxea gurutzatzeko eta arma hartzeko.

Tiroketa bat egon zen, eta ertzainek Zeberio hil zuten. Juan Mari Atutxa Barne Saileko sailburuak jakintzat eman zuen Zeberio Bizkaia komandoaren burua zela, eta Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen Zeberio hasi zela tiroka: «Ikerketek inolako zalantza barik erakusten digute ertzainek ez zutela beste biderik edo aukerarik izan euren arauzko armarekin hildako terroristaren erasoari erantzun baino, hark tiro egin zielako, behin eta berriro hala ez egiteko ohartarazi zioten arren». Patxi Markes segituan atxilotu zuten, eta Iñaki Bilbao Gaubekak bigarren pisuko leihotik salto egin zuen beheko patiora. Kolpe handia hartu zuen, baita hezur batzuk apurtu ere, eta ertzainek atoan atzeman zuten.

31 bala zorro aurkitu zituzten Zeberioren gorpua zegoen gelan: 28 ertzainek egindako tiroenak, eta hiru, berriz, Zeberiok egindakoenak, ustez. Ertzainek zabaldu zuten moduan, Ana Isabel Bilbao epaileak ere frogatutzat eman zuen Zeberiok egin zuela tiro lehenengo eta ondoren erantzun zutela ertzainek. «Neurrizko baliabideak» erabili zituela ondorioztatu zuen. 24 bala zulo zituen Zeberiok, baina eskuburdinak ipinita zeuzkan heriotza egiaztatu behar zuen epailea agertu zenean. Gainera, beste etakide biek epaiketan esan zuten ertzainak hasi zirela tiroka.

Atutxaren arabera, ondo jardun zuten eskuburdinak jartzean, «[ertzainak] ez zirelako hasiko egiaztatzen ea hilda edo bizirik zegoen». HBko Jone Goirizelaia legebiltzarkideak, baina, kontra egin zion, argudiatuta gorpua hil ostean mugitu zutelako susmoak zeudela.

Kontxi Zeberiok, Inaren ahizpak, Gara-ri kontatu zion deiak jaso zituztela hilketaren ostean. Ondo gogoan du horietako bat: «‘Ni naiz [Zeberio] hil duen ertzaina, eta harro nago; hemen ari gara, ospatzen’, esan zigun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.