Atxiloketa
Ekintza ekologista batean parte hartzea egozten diote Baionan atxilotutakoari
2022ko abenduan Lafarge enpresaren zementu fabrika bati eraso egiteagatik atxilotu dituzte hamabostak. Gaizkileen elkartzea eta taldean antolatutako hondatzea egozten diete.

Frantziako Polizia Antiterroristak gazte bat atxilotu zuen atzo Baionan, eta beste hamalau Frantziako zenbait hiritan. Hasieran, ez zuten adierazi zergatik atxilotu zituzten, baina, atzo gauean, Frantziako hedabide batzuek adierazi zuten 2022ko abenduko ekintza ekologista baten harira atxilotu zituztela.
Mediapart hedabidearen arabera, gaizkileen elkartzea eta taldean antolatutako hondatzea egozten diete atzo atxilotutako hamabostei. Atxilotuen etxeak miatu zituzten, eta, antza denez, Poliziaren eskuetan daude oraindik. Baionan atxilotutako gaztea Tolosara (Frantzia) eraman zuten.
Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Baionako Herriko Etxearen parean.
Elkarretaratzea Baionan atxiloketak salatzeko, « Errepresiorik ez, atxilotuak askatu! » lemapean.
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) June 5, 2023
Aix-eko epaileak manatu du inkesta, baina ez dute berri gehiagorik. #atxiloketak pic.twitter.com/QjThApHgVV
Lafargeren zementu fabrika
Eraikuntza enpresa bat da Lafarge, eta zementua eta antzeko produktuak egiten ditu. 2022ko abenduan, Les Soulevements de la Terre izeneko taldeko berrehun aktibista inguru Marseilla ondoko Les Milles herriko Lafargeren fabrikan sartu ziren sabotajea egiteko, talde ekologista horrek adierazitakoaren arabera. «Marseillan, Lafargeren fabrika bat inbaditu eta armagabetu dute berrehun aktibistak», adierazi zuen taldeak.
Fabrikako erraustegiari eraso zioten, baita aparatu elektrikoei, zementu zakuei eta lanerako ibilgailuei ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.