Albistea entzun

Brasil

Lulak plan bat aurkeztu du basogabetzea 2030erako amaitzeko

Araudi berrian, zigor gogorragoak aurreikusten dira legez kanpoko basogabetzearen aurka, eta jasoa dago 30.000 kilometro koadroko eremu babestu bat sortzea.

Luiz Inacio da Silva 'Lula', Brasilgo presidentea. /
Luiz Inacio da Silva 'Lula', Brasilgo presidentea. / Andre Borges/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko ekainak 6 13:40

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna baliatuta egin zuen iragarpena Brasilgo presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k. Euskal Herrian goizaldea zela aurkeztutako proposamenaren helburua da legez kanpoko basogabetzea amaitzea 2030erako. Duela bi urte Glasgowko goi bileran hartutako konpromisoekin bat dator egitasmoa. Araudi berriak zigor gogorragoak aurreikusten ditu legez kanpoko basogabetzearen aurka, eta aukera ematen dio gobernuari basogabetutako lurren %50 bahitzeko. Horrez gain, babestutako eremu gehiago ere sortuko lirateke, 30.000 kilometro koadro denera —Belgikaren neurriko eremua—.

«Brasilek berreskuratu egin du klima larrialdiaren aurkako borrokaren lidergoa, lau urtez ingurumena gutxiengo bat aberasteko baliabide gisa baliatu duen gobernu baten agintaldiaren ostean», esan du Lulak, Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean. Herrialde aberatsei ere mezu argia helarazi die estatuburuak, ohartaraziz haiek ustiatu dutela basoetako aberastasuna.

Gobernuko hamabost ministeriok hartu dute parte egitasmoan. Besteak beste, proposamenak jasotzen du sateliteak gehiago erabiliko dituztela, hartara legez kanpoko zuhaitz mozketak, abeltzaintza eta meatzaritza atzemateko. Diru mugimenduei lotutako datu basea ere baliatuko dute Amazoniako oihanean egindako ustiaketen diru jarioei jarraitzeko. Aldi berean, sistema bat martxan jarriko dute egur eta nekazaritza produktuak nondik datozen jakiteko, ekosistema zaurgarrietatik ez datozela bermatzeko.

Zigorrekin lotuta ez dauden egitasmoak ere jasotzen ditu proposamenak: besteak beste, lurren jabetza tituluak eguneratzea eta «nekazaritza iraunkorra» sustatzea.

Agintera heltzearekin bat, Lulak irauli egin ditu Jair Bolsonarok presidente zela bultzatutako neurriak. Hala, basogabetzeak %61 egin zuen behera urteko lehen hilabetean, baina otsailean %62 egin zuen gora iazko garai berarekin alderatuta.

Nazioarteko elkarlana

Amazoniako herrialdeen goi bilera egitekoa dute datorren abuztuan, eta hura nazioarteko elkarlana bultzatzeko baliatzea da Lularen asmoa. «Egurrarekin, arrainekin, mearekin, drogekin eta pertsonekin trafikatzen duten sareak desegin behar dira. Ez dago inolako kontraesanik ekonomiaren garapenaren eta ingurumena babestearen artean. Brasilek 30 milioi hektarea hondatu dauzka, eta horiek leheneratu daitezke ekoizpenerako», esan du presidenteak.

Bide batez, Brasilgo estatuburuak gogorarazi du herrialde aberatsek 2009an konpromisoa hartu zutela garabidean direnei diruz laguntzeko, baina ez dutela bete: «Herrialde aberatsek, batzuetan, eman nahi ez dutena edo eman ezin dutena hitzematen dute; baina, aldi berean, milaka milioi dolar jartzen dituzte jendea hiltzen duten gatazketan. Horregatik, planeta zaintzea bada bakea sustatzea ere».

Hain zuzen ere, atzo bete zen urtea Dom Phillips kazetari britainiarra eta Bruno Pereira indigena hil zituztela, Amazonian lanean ari zirela. Pereira eta Philips iazko ekainaren 5ean desagertu ziren, Javari bailaratik Brasil, Kolonbia eta Peruko mugak bat egiten duten eremura zihoazela. Legez kanpoko arrantza ikertzen ari zirela desagertu ziren. Urtarrilean, Kolonbiako talde armatu bateko burua zigortu zuten hilketengatik.

Aurrez ere antzeko hilketa ugari gertatuak dira Amazonia inguruan; batez ere, legez kanpoko ustiaketa lanak egiten diren inguruetan. Iazko hilketak, ordea, nazioarteko arreta erakarri zuen eskualdera. Urteurrenean, horrela idatzi zuen Lulak sareetan: «Duela urtebete, [Pereira eta Philipsen] hilketak ezinegona eragin zuen nazioartean, eta Amazoniak legerik gabeko eremu baten irudia eman zuen. Orain, baina, itxaropena dugu etorkizunean».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

Igor Susaeta

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...