Albistea entzun

HAUTESKUNDEAK

PSNk onartu du parlamentuko lehendakaria Geroa Baiko hautagaia izatea

Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko bost kideetatik bat EH Bildukoa izatea. Txibitek sozialistek «eskuzabal» jokatu dutela azpimarratu du, eta hori «alde bikoa» izatea espero du.

Geroa Baiko Uxue Barkos PSNko Maria Txibite entzuten, gaurko bileran.
Geroa Baiko Uxue Barkos PSNko Maria Txibite entzuten, gaurko bileran. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko ekainak 6 20:19

Iragan asteko lehen bilkuraren ostean, gaur 17:00etan aurrez aurre izan dira berriz PSNko eta Geroa Baiko ordezkariak.

«Lanean jarraitzen dugu, Nafarroako erakundeak eta gobernua osatzeko bidean aurrera eginez eta aurreko legealdiko lanari segida emateko asmoz». Ordubete pasako bilera egin ostean, Geroa Baiko Uxue Barkosek komunikabideei azaldu die sozialistak prest daudela Nafarroako Parlamentuko hurrengo lehendakaria berriro ere Geroa Baiko hautagaia izateko.

Barkosen arabera, PSNk ontzat jo du legebiltzarreko mahaiak «Nafarroako aniztasuna aintzat hartzea», eta, ondorioz, horrek esan nahi du mahaiko kideetako bat EH Bildukoa izango dela.

Maria Txibite lehendakarigaiak, berriz, behin eta berriz nabarmendu du bere alderdiaren «eskuzabaltasuna». Dena den, Geroa Baikoei gogorazi die eskuzabaltasun horrek «bi aldekoa» izan behar duela. «Gure Antolamendu idazkariak, Ramon Alzorrizek, helarazi die akordioetara heltzeko eskuzabalak izango garela, eta, ondorioz, parlamentuko presidentetzan amore eman dugu, aurrera egin asmoz».

Dena den, oraindik ez dago akordiorik parlamentuari dagokionez. Oraindik ere beste xehetasun batzuk lotzea falta da. Adibidez, nor izango den parlamentuak hautatu ohi duen senatari autonomikoa. Ekainaren 16ra arteko epea dute alderdiek guztia lotzeko.

Ez dute azkenerako utzi nahi

Barkosek azpimarratu du ordurako etxeko lanak eginda eduki beharko dituztela. Izan ere, mahaiko kideak hautatzeko prozesua adin mahaiak zuzenduko du, eta egun horretan behin-behineko presidentea Voxeko parlamentarietako bat izango da, zaharrena baita. Horregatik, 2019an gertatu zen bezala, Barkosek ez du azkenerako utzi nahi akordioa: «Oso garrantzitsua da hori, kontuan harturik nortzuk dauden adin mahaian, eta horrek arduraz jokatzera eraman behar gaitu». .

Udalak osatu bezperan, ekainaren 16an, hautatu beharko dituzte taldeek Parlamentuko Mahaiko bost ordezkariak: lehenik, lehendakaria; jarraian bi, presidenteordeak; eta, azkenik bi idazkariak. Bozketaren dinamika kontuan harturik, Geroa Baiko hautagaia izango da presidentea; presidenteorde lehena PSNkoa izango da, eta bestea, UPNkoa; azkenik, idazkari bat eskuineko alderdietakoa izango da, eta bestea, EH Bildukoa.

Ikusi gehiago: 2019an parlamentuko mahaia osatzeko prozesua

Geroa Baik ez du oraindik argitu nor izango den bere hautagaia, baina, iragan astean esan bezala, Barkosek adierazi du Unai Hualde jeltzalea «presidente aparta» izan dela amaitu berri den legealdian.

Bi alderdiek azaldu dutenez, euren asmoa da parlamentuko osaera ixtea, eta ondoren sartuko dira gobernuaren inguruko negoziazioetan: lehenik, hurrengo lau urteetako gidalerroak adostu nahi dituzte, eta ondoren gobernuaren osaera bera. Prozesu horri begira Txibitek zein Barkosek azaldu dute «ahalik eta azkarrena» itxi nahi dutela hitzarmena, baina hori baino garrantzitsuagoa dela akordio ona izatea.

EH Bildu, kanpoan

EH Bildu elkarrizketetatik at geratu da, 2019an bezala. Gobernua osatzeko prozesua burutzeko eta bere inbestidura aurrera ateratzeko, koalizio abertzalearen abstentzioa beharko luke Txibitek, bai edo bai; baina sozialistek argi utzi nahi izan dute prozesu horretan ez dutela EH Bilduk parte hartzerik nahi. Txibitek berretsi du ez duela arazorik alderdi guztiekin hitz egiteko, baina gaineratu du gobernuaren osaerari buruzko elkarrizketetatik at geratuko direla.

PSNk argudiatzen du legealdi osoan EH Bildurekin egindako akordioak «puntualak» baino ez direla izan, eta kanpainan mezu hori errepikatu dutela. Dena den, argi dago Espainiako Gorteetarako hauteskundeen gertutasunak zerikusi handia duela. Gainera, PSNk ez du erlazionatu nahi prozesu hori ekainaren 17an erabakiko diren udaletako alkateen kargu hartzeekin.

Alderdi guztiekin hitz egiteko arazorik ez duela irudikatzeko, Txibitek baieztatu du ostegunean, 09:00etan, UPNko Javier Esparzarekin biltzeko asmoa duela parlamentuan bertan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...