Indarkeria matxista

Segurtasun Sailak ez dio erantzun Arartekoari Ertzaintzaren «praxi desegokiei» buruz

Arartekoak adierazi du Ertzaintzak ezin diola uko egin salaketa bat tramitatzeari. Haren arabera, Segurtasun Sailaren isiltasunak aditzera ematen du ez dituela beteko emandako gomendioak.

Manuel Lezertua Arartekoaren burua. ARITZ LOIOLA/FOKU
jone arruabarrena
2023ko ekainaren 7a
12:41
Entzun

Indarkeria matxista pairatu duten emakumeak artatzean «enpatiaz» jarduteko neurriak eskatu zizkion Ertzaintzari atzo EAEko Arartekoak. Izan ere, detektatu du Poliziak «praxi okerra»duela arta horretan. Gaur Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean izan da, eta EH Bilduren galderari erantzunez, adierazi du Segurtasun Sailari informazioa eskatu diola arreta desegokia erakusten duten kasu horien inguruan, baina Erkorekaren sailak ez diola erantzun.

Bilboko bi ertzain etxetara sexu eraso bat salatzera joandako emakume baten kexaren harira egin zuen eskaera atzo Arartekoak. Hala ere, Julen Arsuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du halako lehen kasua argitara atera zenean egin zuen galdera: «Kasu bakan bat da, edo gehiago daude?». Azaldu duenez, gainera, orduko hartan Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak «babesa» eman zion Ertzaintzari. Ardura adierazi du Arsuagak kasu gehiago argitara atera direlako. Besteak beste, BERRIAk gaur argitaratutako testigantzei buruz aritu da, baita EH Bilduk eskuratutako beste batzuen inguruan ere.

Erantzunik ez

Kasu horien inguruan, Arartekoak adierazi du Ertzaintzak ezin diola salaketa bat jartzeari uko egin, «kasu oso bakanetan salbu»: «Ertzaintzan ez ezik, udaltzaingoan ere aurkitu ditugu portaera desegokiak. Esaterako, galdetzea: 'Seguru zaude salaketa jarri nahi duzula? Nik uste dut ez dela ideia ona'». Gehitu du, gainera, Euskal Herriko Poliziaren Legean zehazten denari jarraituta, Poliziak «sentsibilitate eta enpatia berezia» izan behar duela horrelako kasuetan. Baieztatu du «desegokia» izan dela Ertzaintzaren portaera. Gasteizko kasua aipatu du, besteak beste, eta esan du kasu horretan «praxi oker» hori «are larriagoa» dela, adingabe baten aurkako sexu eraso bat zelako: «Agerikoa zen adingabe bati egindako sexu eraso bat bazen delitua zela».

Segurtasun Sailak Arartekoari eman dion erantzunaren inguruan galdetu dio gero Arsuagak, eta Arartekoak adierazi du ez duela erantzunik jaso: «Otsailean helarazi genion txostena, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Isiltasun hori ikusita, ulertzen dugu ez dietela kasu egingo gure eskaerei».

Arartekoak gehitu du badakiela Segurtasun Saila genero indarkeriaren inguruko protokoloak berraztertzen ari dela, baina ez duela informaziorik eman: «Ez dakigu ez zer neurri aldatzen ari diren, ez nola». Bestalde, Arsuagak kezka adierazi du ertzain etxeetan orain hitzordua eskatu behar delako genero indarkeriaren inguruko salaketa bat jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.