Erretretaren erreforma

Frantziako Asanbleak ez du eztabaidatuko erretreta 62 urtera itzultzeko proposamena

Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak baieztatu du blokeatu egingo duela LIOT taldearen eskaera. Gobernuaren aurkako zentsura mozio bat iragarri du Frantzia Intsumisoak.

Yael Braun-Pivet, Frantziako Asanbleako presidentea. CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 7a
13:14
Entzun

Beste bide bat itxi zaie Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretreta 62 urtean geratzeko borrokan ari direnei. Frantziako Asanblearen osoko bilkurara iritsiko da erreforma geratzeko LIOT taldeak aurkeztutako lege proposamena, baina mamiz hustuta helduko da.

Joan den astean, gizarte arazoetako batzordeak bertan behera utzi zuen proposamen horren lehen artikulua, hain justu erretreta 62 urtean geratzeko eskatzen zuena. LIOTek zuzenketa gisa sartu du puntu hori berriro bere proposamenean, baina alferrik izango da, Yael Braun-Pivet Asanbleako presidentearen betoarekin egingo baitu topo.

Aurreko egunotan iragarritakoa baieztatu du gaur goizean Braun-Pivetek: ez du zuzenketa onartuko. Gaur bertan egingo duela ere esan du. Frantziako Konstituzioaren 40. artikulua argudiatu du Braun-Pivetek bere erabakia justifikatzeko. Artikulu horrek eskumena ematen dio Asanbleako presidenteari lege proposamen bat edo haren zati bat ez eztabaidatzeko, baldin eta gastu publikoa handitzen badu, eta ez badu gastu hori estaltzeko beste aukerarik ematen.

«Lehen artikulu hori ezin zen inolaz ere eztabaidatu, gastuak sortzen dituelako. Ezin da eztabaidatu, ez baitator bat konstituzioarekin», azaldu du, BFMTV telebistan. Gainontzeko artikuluak, baina, eztabaidatuko dituztela jakinarazi du. Braun-Pivet Renaissance alderdi zentristakoa da, Emmanuel Macron presidentearen alderdikoa.

Oposizioa, bat eginik

Berez, LIOT taldearen proposamenak ez zuen aurrera egiteko aukera handirik, Senatuan erreformaren aldekoek gehiengoa badute. Baina Macronek eta gobernuak kosta ahala kosta eragotzi nahi izan dute diputatuek erreformaren puntu nagusiaren aurkako boto bat ematea. Horretarako aukera ikusten zuen, LIOTen proposamenari baiezkoa ematekotan zeudelako NUPES koalizioko ezkertiarrak, RN Batasun Nazionaleko ultraeskuindarrak, eta LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko hainbat diputatu.

LIOT taldearen osaketa bereziak eragin du kolore politiko desberdinetako jendeak haren proposamena bozkatzeko prest egotea; zentrista independenteek, NUPESen aurkako ezkertiarrek, itsasoz haraindiko lurraldeetako ordezkariek, abertzale korsikarrek eta Bretainiako erregionalista batek osatzen dute LIOT.

Braun-Piveten jokabide «antidemokratikoa» gogor salatu dute azken egunotan oposizioko kideek, eta ildo horretako kritikak iritsi zaizkio gaur ere. «Aurrekari arriskutsua da, demokraziaren beste ukazio bat», salatu du LIOTek, eta «gobernuaren presioari» egotzi dio ardura. «Joko hori jokatuz gero, lege proposamen guzti-guztiak blokeatu daitezke», ohartarazi du Charles de Courson LIOTeko diputatu eta erretretari buruzko lege proposamenaren defendatzaileak.

«Galtzeko beldur dira, eta horregatik galarazi nahi dute diputatuek bozkatzea», esan du txio baten bidez Manuel Bompard LFI Frantzia Intsumisoko koordinatzaileak. Talde horretako diputatuen buruak, Mathilde Panotek, iragarri du zentsura mozio baten bitartez erantzungo diotela gobernuaren eta haren aldekoen mugimenduari. Panotek ez du argitu mozioa bakarrik aurkeztuko ote duten —NUPES ezkerreko koalizioko kide da LFI—.

Asanbleako presidentearen independentzia erabat hondatuta geratu dela esan du, berriz, Sandrine Rousseau diputatu ekologistak: «Haren erabakiak erakusten du Macronen sikario bat bilakatu dela».

Zer egingo dute sindikatuek?

Braun-Piveten erabakia espero izatekoa zen, baina, hala ere, kolpe bat da erretretaren erreformaren aurkako bandera astindu duten sindikatuentzat, mugimenduaren sua bizirik mantentzeko txingar bat baitzen LIOTen proposamena. Su hori itzaltzen ari dela argi ikusi zen astearteko protesta egunean, jendetsua izan arren aurrekoetan baino parte hartzaile gutxiago izan baitzituen, eta manifestari askok adierazi baitzuten azken protesta zutela.

Ikusteko dago zer erabaki hartuko duten sindikatuetako buruzagiek. Urtarrilaz geroztik, ezohiko batasunari eustea lortu dute, baina bide parlamentarioa agortzeak beste estrategia batzuk bilatzera bultzatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.