Erretreten erreforma

Sindikatuak, Parisera begira

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute Baionan erretreten erreformaren kontra, eta sindikatuek erran dute borrokan segitzeko borondatea dutela.

Jende andana elkartu da Baionako manifestazioan. PATXI BELTZAIZ
Iñaut Matauko Rada - Ekhi Erremundegi Beloki
2023ko ekainaren 6a
10:10
Entzun

Erretreten erreformaren kontrako bataila ez da bukatu, baina baliteke hemendik aitzina bestelako formak hartzea. Hala iradoki dute sindikatuek 14. mobilizazio egunaren karietara. Mobilizazio jendetsua egin dute Baionan, eta erreserban indarra gelditzen zaiela erakutsi dute. Martxoaren 7ko eta maiatzaren 1eko kopuruetatik urrun, ehunka jende atera da karrikara Frantziako Gobernuak bozkarik gabe onartu zuen legearen kontra. Oinak Baionan, baina begirada Parisera buruz, han jokatzen baita partida.

Mobilizazioaren segidarena lehenik. Laurent Berger CFDTko Frantziako idazkari nagusiak BFMTV telebistari egindako adierazpenetan erran du gaurko mobilizazioa «azkenetarikoa» izanen zela «seguruenik». Ez da iritzi berekoa Herve Larrouquert FO sindikatuko Ipar Euskal Herriko arduraduna. Ironiaz oroitarazi du ekainean bukatuko zaiola Bergeri bere mandatua. «Batasun sindikalarekin segitzen dugu, zortzi antolakundek osatzen dugu intersindikala», azpimarratu du. Parisen erabakitzen dutenaren zain egonen dira, baina berak argi du: «Ez dugu ezer laxatuko, borrokan segitzen dugu». Iritzi berekoa da LABeko Argitxu Dufau ere: «Erakusten ari gara ez garela nekatzen, determinatuak garela, eta segituko dugu erretreten erreforma kendu arte».

Ostegunean izanen da horretarako aukera bat, Frantziako Asanblean. Erretreta adina 62 urtera itzultzeko LIOT taldearen lege proposamena eztabaidatuko dute, baina sindikatuetako ordezkariek erran dute ez dutela esperantza handirik. Hala ere, «inork ez daki zer gerta daitekeen» Larrouquerten hitzetan.

Denetik saiatu dute orain arte: izan dira mobilizazio jendetsuak, izan dira ekonomia blokeatzeko ekintzak, sindikatu batzuek sabotajeak ere bultzatu dituzte eraikin batzuetako elektrizitatea eta gasa moztuta, izan dira ere manifestazio espontaneoak eta Poliziarekin liskarrak. Baina Frantziako Gobernuak ez du gibel egin. «Konplikatua da mobilizazio eraginkorrak egitea; garestia da greba egitea langileentzat», onartu du Larrouquertek. «Guk ideia berarekin segitzen dugu: nahiz eta jende anitz bazen mobilizazioetan, ez du egun bat baino gehiagoko greba iraunkor bat antolatzearen indar bera». Hego Euskal Herriko adibidea eman du: «Greba orokorrera deitzen dutelarik, dena gelditzen da».

Mercedes Graciet CFDT Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiaren hitzetan, «desberdinki» jokatu beharko lukete. «Hamalau mobilizazio egun antolatu ditugu, milioika pertsonak indarra egin dute beren eguneko lansaria galdu eta karrikara ateratzeko, elkor gelditzen den gobernu baten aitzinean». Haren iritziz, posible da dekretuen bidez erreforma arintzea: «hori da gure helburua epe laburrera, eta uste dugu lortzen ahal dugula». Epe ertainera negoziazioak segituko dituztela erran du. «Edozein gisaz, helmuga 2026 eta 2027an izanen da, orduan ikusiko baititugu erreforma honen ondorio sozial eta finantzarioak. Eta, orduan, abrogazioa eskatuko dugu berriz».

LABek uste du Frantziako Estatuarekin «konfrontazioa» eraiki behar dela. «Konturatzen gara historiak arrazoi ematen digula: Parisi ez diogu konfiantzarik egiten ahal, eta ezin dugu ezer itxaron haiengandik». Erretreta sistema «publiko eta duina» aldarrikatu herritar denentzat. «Gure ustez alternatiba hori Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat antolatu behar da».

«Arazoa ez da konpondu»

Gracietek uste du «demokrazia eta justizia soziala» berreskuratu behar direla. Konferentzia sozial bat ireki beharko litzatekeela iritzi dio. «Frantziako Kontu Auzitegiak maiatzaren 25ean atera zuen txostenean esplikatu zuen erretreten erreformak ez duela ezer konponduko finantza ikuspegitik». Izan ere, erretreta adina 64 urtera gibelatzearekin Frantziako Gobernuak dirua aurreztu nahi bazuen ere, CFDTko eledunaren hitzetan «kargen transferentzia bat» izanen dela kalkulatzen da, besteak beste, langabezia eta elbarritasun pentsioak emendatuko direlako. «Beraz, sozialki haustura bat eta herritarren pobretze bat eraginen du, ezer konponduko ez duen erreforma batentzat».

CFDTren iritziz, «oinarrizko gaietan» jarri beharko litzateke lehentasuna; lehenik eta behin, lansarietan. «Gainsariak eman ordez, lansariak emendatuko beharko lirateke, herritarrei oinarrizko beharrei erantzutea ahalbidetuz, izan etxebizitza izan elikaduran». Halaber, adinekoen enplegua emendatu behar dela erran du, eta gizon eta emazteen arteko «zinezko berdintasuna» aldarrikatu du, lansarietan eta karreren bilakaeran. «Horiekin ez genuke inolako arazorik izanen erretiroak finantzatzeko».

LIOTen jokaldia

Ostegunean erretretaren erreformaren aurkako beste eztabaida bat izango da Frantziako Asanblean. Izan ere, LIOT taldeak lege proposamen bat aurkeztu du erreforma bertan behera uzteko, eta proposamen hori izango da osteguneko bilkuran eztabaidatuko dutena.

Ikusi gehiago:</strong> Gaurko mobilizazioen eta osteguneko bilkuraren inguruko analisia: 'Neguko sua, udako txingarra'

Hala ere, Frantziako Gobernua bozketa horren aurka egiten saiatzen ari da, Asanbleako gizarte arazoen batzordeak bozketatik at utzi baitzuen LIOTen proposamenaren lehen puntua, erretretak 62 urtetan geratzeko eskatzen duena. LIOTen aukera bakarra da osoko zuzenketa gisa aurkeztea, baina Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak esana du trabatu egingo duela Frantziako Konstituzioaren 40. artikuluarekin.

Artikulu horri esker, Asanbleako presidenteak eztabaidatu gabe utzi dezake gastu publikoa handiarazten duen proposamen bat, eta, eztabaidatu ahal izateko, gastu publikoaren igoera hori konpentsatzeko neurriak aurkeztu behar ditu taldeak. Tabakoaren zerga handitzea proposatu du LIOTek, baina Braun-Pivetek jada adierazi du ez dela nahikoa, kalkulatzen baitute 15.000 milioi euroko kostua duela erretreta 62 urtetan mantentzeak.

Sophie Binet CGT sindikatuko idazkari nagusiak «demokrazia errespetatzeko» eskatu du gaur Parisen, eta adierazi du oso larria izango litzatekeela Asanbleak LIOTen proposamena ez eztabaidatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.