Hauteskundeak

PP eta UPN bananduta aurkeztuko dira berriz

Javier Esparzak salatu du alderdi popularrak ez duela elkarrekin aurkeztu nahi izan uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan

Javier Esparza UPNren egoitzan, maiatzaren 29an. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2023ko ekainaren 7a
16:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Zatiketa erabatekoa da. 2019an Navarra Suma osatu aurretik ere, hauteskunde orokorretan eskutik helduta aurkeztu ohi ziren PP eta UPN. Behin eskuineko koalizioa hautsita, usadio politikoa zendu da. Begien bistakoa zena gaur baieztatu du El Mundo kazeta espainiarrak. Bertan, PPk azaldu du ez dela koaliziorik egongo Nafarroan.

Maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeetan ere banandurik aurkeztu dira, eta Javier Esparza UPNko presidenteak bere atsekabea agertu du, eta azpimarratu du ez dagoela akordiorik «PPk ez duelako nahi».

Cuca Gamarraren deia

Politikan ohikoa izaten da errua bestearena dela gizarteratzea, eta kontakizun hori indartzeko asmoz, Esparzak azaldu du asteartean, 17:00etan, Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiaren telefono deia jaso zuela, hauteskunde zerrendak aurkezteko hiru egun eta erdiren faltan, elkarrekin joateko aukera proposatuz.

«PP alderdian badakite ezinezkoa dela, UPNren estatutuek dakarten modura, gure afiliatuak elkartzea koalizioan aurkeztu nahi duten edo ez erabakitzeko eta balizko zerrenden negoziazioa planteatzeko», esan du. Dena den, haren hitzetan, kontuan hartu zuten eskaera, eta erantzuna eman aurretik etorri da albistea.

Esparza, «zur eta lur»

Esparza «zur eta lur» geratu da. «UPNk akordiorik ez duela egin nahi aurpegiratu, eta guri errua bota besterik ez dute egin». Haren ustez, gertaerek akusazio hori bertan behera uzten dute. Esparzaren arabera, Pedro Sanchezek bozak aurreratuko zituela iragarri zuenetik zortzi egun izan ditu PPk gerturatzeko, eta ez du saiakera bakar bat egin. «Akordio zintzo bat bilatu ordez, tematuta dago UPN irentsi eta kaltetu nahian».

Haren irudiko, asmo horiek bertan behera geratu ziren maiatzaren 28ko bozetan, eta agerian geratu da eskuineko botoen «gehiengo handi bat» lortu duela UPNk. PPk baino «ia 70.000 boto gehiago» erdietsi dituztela azpimarratu du.

Esparzak baieztatu du Alberto Nuñez Feijoo inbestidurara aurkeztuz gero haren aldeko botoa emango dutela. «UPNri bozkatuta, zentro-eskuineko botoak ez galtzea bermatzen da, eta ziurtatzen da bere diputatuek eta senatariek Nafarroako interesak defendituko dituztela Madrilen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.