Albistea entzun

Palestinaren okupazioa

Jerusalemgo tren arinak «ondorio penalak» ekar diezazkioke CAFi, AIk ohartarazi duenez

Gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Palestinako lurralde okupatuetara hedatzen den azpiegiturak nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen duela. Enpresak larunbatean egingo du akziodunen batzarra.

Amnesty Internationalek Espainian duen Enpresa eta Giza Eskubideen taldeko bozeramaile Cecilia Denis (eskuinean) eta Amaia Elorza errefuxiatu palestinarren kanpalekutan aritutako ekintzailea (ezkerrean), gaur, Donostian.
Amnesty Internationalek Espainian duen Enpresa eta Giza Eskubideen taldeko bozeramaile Cecilia Denis (eskuinean) eta Amaia Elorza errefuxiatu palestinarren kanpalekutan aritutako ekintzailea (ezkerrean), gaur, Donostian. Gorka Rubio/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko ekainak 8

Jerusalemgo tren arinaren hedatze proiektuak «ondorio penalak» eragin diezazkioke etorkizunean CAF enpresari, AI Amnesty Internationalek Donostian egin duen prentsaurrekoan ohartarazi duenez. Gobernuz kanpoko erakundeak beste behin eskatu dio CAFi Israelgo hiriburuko tren arinaren proiektutik irteteko, argudiatuta azpiegitura horrek Israelen legez kanpoko koloniak «egonkortzen» laguntzen duela, eta, beraz, palestinarren kontrako «apartheid erregimena» sendotzen duela. «Argi dago legez kanpoko kokaguneen eraikuntza ez dela CAFen ardura, edo Israelen eta kokaguneen arteko komunikazioa areagotzeko lanean ari diren enpresena, baina haien jarduerak kokaguneen mantentzea eta egonkortzea indartzen du», adierazi du Cecilia Denisek, AIk Espainian duen Enpresa eta Giza Eskubideen Taldeko bozeramaileak.

Jerusalemgo tren arinaren proiektuak asmoa du Israelgo hiriburuaren mendebaldea Palestinako lurralde okupatuetako zenbait kolonia judurekin lotzeko, bai Jerusalem ekialdean eta bai Zisjordanian. NBE Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat jo zuen tren arin horren proiektua. «Argiki urratzen ditu nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta NBEren ebazpen garrantzitsu batzuk», adierazi zuen 2017an.

Denisek gogorarazi duenez, Genevako Konbentzioak ezartzen du herrialde okupatzaile batek ezin duela bere biztanleria lurralde okupatu batean kokatu, ezta lurralde okupatuko herritarrak desplazatzera behartu ere, eta, hain zuzen, Israelek horrexetan dihardu Palestinako eremu okupatuetan, kanpoko kolonien bidez. Baldintza horietan lekualdatze behartua gerra krimen gisa tipifikatuta dagoela nabarmendu du Denisek.

CAF 2019an hasi zen proiektuan parte hartzen, Israelgo Shapir konpainiarekin batera osatu zuen enpresa taldearen bitartez. 1.000 milioi euro inguruko kontratu bat eskuratu zuten. Iazko otsailean, tren arinaren ibilbidea zabaltzeko beste proiektu batera aurkeztu zen CAF.

NBEren Giza Eskubideen Goi Agintaritzak zerrenda bat osatua du legez kanpoko kolonia juduekin harreman ekonomikoa duten enpresei presio egiteko. Ehun konpainiari baino gehiagori egotzi zien giza eskubideen urraketekin lotutako jardueretan aritzea Palestinako lurralde okupatuetan. Horien artean da Shapir, CAFek Jerusalemen duen bazkidea, eta, 2020ko abenduan, AIk Goi Agintaritzari eskatu zion CAF ere datu base horretan sartzeko, beste 30 elkarterekin batera. Denisek azaldu duenez, NBEren organoak eskaria onartzeko zain daude, eta zerrenda gaurkotzen duenean izango da horretarako garaia.

CAF zerrendan sartzea «garrantzitsua» da, AIren ustez, «enpresa guztiei bidaliko zaien mezuarengatik». Denisek aitortu du horrek ez duela CAF behartuko tren arinaren proiektua uztera, neurria ez baita loteslea, «baina argi utziko du arduraz ez jokatzeak ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela enpresaren izen onarentzat».

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka jarduteagatik enpresaren ospeak izan ditzakeen kalteak ez ezik, arrisku gehiago ere badira, Denisen esanetan. AIk Think Twice [Bi aldiz pentsatu] txostena argitaratu zuen 2019an, Israelen koloniekin lotutako negozioek ondorio penalak izan ditzaketela ohartarazteko. «Nazioarteko Zigor Auzitegiak zigortu dezakeen ekintzaren batean nahastuta aurki dezakete beren burua, noizbait. Gatazka eremutzat hartzen baita, eta enpresa batek gatazka eremu batean parte hartzeak ondorioak ekar ditzake», adierazi du Denisek.

Arrisku horiek direla medio, Norvegiako Inbertsio Funtsak —herrialdeko inbertsio funtsik handienak— Shapir enpresan parte hartzeari utzi dio berriki. Bestalde, funts hori kudeatzen duen Norges Bankek CAFen duen partaidetza murriztu du azken urteetan: %3,8koa zuen 2020an, eta %1,5ekoa joan den apirilean. Kontrako bidea egin du Eusko Jaurlaritzak, enpresan duen partaidetza %3raino handitu baitzuen iazko irailean, Finkatuz elkartearen bitartez. AIk Jaurlaritzari eskatu dio presio egin dezala Jerusalemgo tren arinaren proiektutik irteteko, erreferentziazko akzioduna den heinean.

Azken urteetan, giza eskubideen aldeko elkarte batzuek salatu dute Israelek «apartheid erregimen bat» ezarri duela, juduen nagusitasuna bermatzeko palestinarrak azpiratuta. Erregimen horretan, berebiziko garrantzia dute lurralde okupatuetako koloniek, palestinarren kanporatzea behartzen dutelako, lurralde palestinarra zatitzen dutelako eta nagusitasun demografikoa bermatzeko balio diolako Israeli.

Protesta eta mahai ingurua

CAFek akziodunen batzarra egingo du larunbat honetan, Beasainen (Gipuzkoa), enpresaren egoitza nagusian. Aurretik, protesta elkarretaratze bat egingo dute atarian, zenbait eragilek deituta. Tartean izango dira enpresako langile taldeak ere. Tren arinaren proiektuan parte hartzearen aurka agertu dira CAFeko langile ordezkaritzak.

Batzarraren bezperan, bihar, mahai inguru bat egingo dute Beasaingo udaletxean, AIk antolatuta. Denis, Juan Hernandez Zubizarreta EHUko enpresa zuzenbide irakaslea, Anis Hawari errefuxiatu palestinarra eta Aitor Martinez Baraiazarra LABeko ordezkari eta CAFeko Enpresa Batzordeko kidea mintzatuko dira.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

orsikako Asanbleako presidente Marie-Antoinette Maupertuis, Frantziako presidente Emmanuel Macron, eta Korsikako gobernuburu Gilles Simeoni gaur uharteko parlamenuan, Aiacciun. ©PASCAL POCHARD-CASABIANCA / EFE / EPA

Macronek «autonomia» eskaini die korsikarrei, Frantziako «Errepublikaren barruan»

Edu Lartzanguren

Korsikera «gehiago irakastearen» eta «elebiduntasunaren aldeko irakaskuntza zerbitzu publiko» bat sortzearen alde mintzatu da Frantziako presidentea, uhartera eginiko bisitan

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

Igor Susaeta

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.