Albistea entzun

Kolonbia

ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren negoziazio taldeek denbora gehiago eskatu dute itunak ixteko

Habanan da Kolonbiako presidentea, bake elkarrizketen hirugarren fasearen amaierako ekitaldirako. Bogotak aurreratu du sei hilabeteko su eten bat hitzartzekotan direla.

Gustavo Petro presidentea, maiatzean, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko egindako ekitaldian. /
Gustavo Petro presidentea, maiatzean, Egiaren Batzordearen txostena jasotzeko egindako ekitaldian. / Kolonbiako Presidentetza/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko ekainak 8

Berez, gaur dituzte amaitzekoak Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armadak maiatz hasieran Habanan hasitako bake negoziazioen hirugarren fasea —aurrez Caracasen eta Mexiko Hirian bildu ziren—. Negoziatzaileen agerraldiaren aurretik, ordea, iragarpen bateratu bat egin dute bi negoziazio taldeek: Gustavo Petro Kolonbiako presidenteari eta ELNren buruzagitzari beste egun bat eskatu diete akordioak ixteko. Horren aurretik, Bakerako ordezkari berezi Danilo Ruedak iragarri du «nazio mailako su eten bat» egongo dela, eta horren berri emango dutela amaiera ekitaldian.

Ruedak zehaztu du su etenak sei hilabete inrungo lukeela, eta nabarmendu lehen aldia dela ELNk bake elkarrizketa batzuetan oraingoen gisako «egiaztatze eta kontrol mekanismoak» onartzen dituena. «Ikusten ari gara ELNren bake ordezkaritzarekin eta gure gobernuaren lanari esker lortzen ari garela erabateko konfiantza eta segurtasuna sortzen duen testuinguru bat, eta horrek modua ematen duela oztopo guztiak gainditzeko».

Ruedaren agerraldiaren aurretik, komunikabideek aurreratu zuten Petro bera Habanan izango zela negoziazioen hirugarren fasearen amaierako ekitaldian. «Kubara noa; paper bat sinatuko dut atzera egiterik ez duen bake aro baten hasiera ekar dezakeena», iragarri zuen Petrok berak atzo egindako agerraldi batean. Jarraian, Defentsa ministro Ivan Velasquezek aurreratu zuen «su eten baterako baldintzak» zituela gobernuak mahai gainean: «Sinatu ahal izatea espero dugu. Armadak hainbat proposamen egin ditu, eta horiek onartuko dituzten itxaropena dugu».

Lehen aldia da Petrok bake prozesuan zuzenean parte hartzen duela. Gobernua krisian den honetan parte hartuko du, gainera; izan ere, protesta ugari eragin dituzte estatuburuak egin nahi dituen erreformek. Horretaz gain, presidenteak astelehenean akordioen testua litzatekeena zabaldu zuen sare sozialetan, eta bertan «su etena» hitzak irakur zitezkeen. Txioa zabaldu eta ordu gutxira, ordea, ezabatu egin zuten.

Bogotaren helburua da Petrok helburu gisa jarritako «erabateko bakea» lortzea. Horretarako, ELNrekin ez ezik beste hainbat talde paramilitar eta armaturekin ere hasi ditu elkarrizketak, baina gerrilla da, gaur-gaurkoz, elkarrizketa mahaian eseri den bakarra.

Gerrillak ere menia posible bat aipatu du sare sozialetan zabaldutako txio batean: «Proposatzen dugu, egiaztatze teknikoaz gain, gizarteak begirale lanak ere egitea. Gerra jasaten duten herriek ere egiaztatze prozesuaren zati izan behar dute. Su etena ez da gatazkaren amaiera, erabateko bakea lortzeko aringarri bat baizik».

Ikusi gehiago: Pablo Beltran: «Lurren jabetza demokratizatzea oinarrizkoa da gatazka amaitzeko»

ELNk ere nahi luke herritarrek eurek erabaki ahal izatea zer nolakoa izango den parte hartze hori, «benetako demokrazia bat eraikitzeko». Gerrillaren helburua da «historikoki baztertuta» egon diren komunitateek ere beren tokia izatea bake prozesuan.

Oztopo ugari

Elkarrizketek hainbat krisi gainditu behar izan dituzte hilabeteotan, horietako bat iazko urte amaieran, Petrok berak iragarri zuenean su eten bat adostu zutela «talde armatuekin»; tartean, ELN bera. Gerrillak, baina, ukatu egin zuen halakorik, eta nabarmendu meniarik egotekotan aldebikoa behar zuela izan.

Lehena ez ezik, bigarren fasea ere ez da erraza izan. Petroren adierazpen batzuek eragin zuten bigarren geldialdia. Estatuburuak, armadarekin egindako ekitaldi batean, esan zuen herrialdean ez zegoela «gatazka ideologikorik edo politikorik», soilik «legez kanpoko ekonomiaren aurkako borroka».

Adierazpenek gerrillaren haserrea eragin zuten, narkotrafikatzaile taldeekin parekatu baitzuen Petrok ELN, eta hain zuzen ere euren aldarrikapen nagusietako bat baita gerrillari «talde armatu antolatuaren izendapena» kentzea. Kolonbiako legeak zehazten du talde kriminalak «menperatu» egin behar direla, eta, aldiz, talde politiko-militarrekin elkarrizketak has daitezkeela. Horrez gain, izendatze horren ondorioz, ELNko presoak ere ez dituzte «preso politikotzat» hartzen.

Hala, Petroren adierazpenen ondorioz, gerrillak eten egin zuen negoziazioen agenda, gobernuaren jarrera argitu artean. Gerrillako komandante Pablo Beltranek salatu zuen orduan Petrok esandakoak ez zetozela bat bere ordezkaritzak negoziazio mahaira eramandako proposamenekin. «Mahaiak gauza bat esaten badu eta presidenteak beste bat, gu erdian geratzen gara, eta horregatik eskatzen dugu azalpen bat». Gobernuak idatzi batekin erantzun zion eskariari; bertan aitortzen zuten negoziazioek «izaera politikoa» zutela, eta Bogotaren asmoa dela Mexikon —negoziazioen lehen fasean— hitzartutako akordioei eustea.

Negoziazio mahaian ez ezik, handik kanpo ere egin dituzte urratsak aldeek. Joan den asteartean izan zen horietako bat. Egun horretan, Kolonbiako Fiskaltzak iragarri zuen bertan behera utzi zuela ELNko buru Antonio Garciaren aurkako atxilotze agindua.

Eguneko operazio bat

Kolonbiako armadak ELNren aurka aurten 132 operazio egin dituela jakinarazi du gaur Helder Giraldo Bonilla jeneral nagusiak, armadaren azken balantzearen aurkezpenean. Horrez gainera, FARCen disidentziaren aurka 237 operazio egin dituzte.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

Igor Susaeta

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako presidenteak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...