Haira Aizpurua Ibargarai. Bertsolaria

«Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira»

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi zuen bigarren aldikoz Aizpurua Ibargaraik larunbatean. Aste bat lehenago, Ipar Euskal Herrikoa irabazi zuen. Atzo, Errenterian aritu zen; gaur, Larresoron.

jarraia229183.jpg
Iñaki Etxeleku.
2023ko ekainaren 9a
12:06
Entzun

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketako txapela jantzi zuen larunbatean, Iurretan (Bizkaia), Haira Aizpurua Ibargaraik (Sara, 2006). Bigarren txapela du, duela bi urtekoarekin. Ipar Euskal Herrikoak ere irabazi ditu 2020an, 2021ean, 2022an eta 2023an. Heldu den urtekoa azken eskolartekoa izanen du, 18 urtera heltzearekin. Baionako Bernat Etxepare lizeoan da ikasle, eta eskubaloian ari da Hendaian. Atzo, Errenteriako (Gipuzkoa) Arkaitza tabernan aritu zen bertsotan, Irati Alcantarilla, Irantzu Idoate eta June Aiestaranekin. Gaur, Larresoron, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Irantzu Idoaterekin.

Nola joan zitzaizun larunbateko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finala?

Aski egun berezia izaten da, anitz gazte elkartzen baitira. Gero, saioa, ene ustez, ontsa. Ez dut baitezpada zorrozki entzun bertsokideek egin dutena, zeren eta hamargarrena bainintzen; lehen ofizioak entzun ditut, eta ziren gaiekin erreusitu dute, aski konplikatuak baitziren. Uste dut denek ontsa erreusitu genuela. Zortziko ttipian, zortziko handian baino gehiago, beharbada. Zortziko handian lehen ofizioak dira; ez gara hain bero, eta konplikatuago izaten ahal da.

Eta azken fasean?

Sei pasatu ginen; hor puntu-erantzunak eta bakarkakoak entzun ditut gehiago, eta onak izan ziren.

Zu ere ongi sentitu zinen?

Aski kontzentratua egon naiz. Gainera, kantatzen azkena izanik, besteak entzuten dituzu, eta gero zuri da. Lan denak azkenik tokatu zaizkit. Orduan, lasai joan nahi banuen, behar nuen kontzentraturik joan; eta, saioa bukatu delarik, sentitu dut dena laxatzen zela.

16 urtetan, Euskal Herriko eskolarteko bi txapel buruan, iduri luke txapelketaren formatuarekin ongi moldatzen zarela, ezta?

Nahi baduzu, sei bertso dira egiteko. Jakinik sei bertso direla, saiatzen zara bertso bakoitza baliatzen; egiten baduzu poto bat, akats bat, xantza guti dituzu aitzinera egiteko. Beraz, bertso bakoitzean niretik eta ahal bezain ongi eginez saiatzen naiz.

Badira lasaiago zaren ariketak?

Betidanik maitatu dut bakarkakoa. Ttipitatik, txapelketen entzutera joaten nintzelarik, bakarkakoa zitzaidan momenturik hoberena. Bakarrik zara; beraz, aske zara. Gero, gai ona tokatu behar da; ez badakizu nondik hartu, konplikatua izaten ahal da. Zortziko ttipia ere maite dut. Zortziko handian —bakarkakoarekin loturik—, gaia maite baduzu eta zer erran baldin badakizu, baduzu gogoetak egiteko parada.

Taula gainekoen artean duzuen laguntasunak laguntzen du?

Duela bi urte kantatu nuelarik Euskal Herrikoan, ez nuen jende handirik ezagutzen; geroztik, izan dira bertso udalekuak, sormen egonaldiak, eta, azkenean, sortzen dira harreman sano eta onak. Oholtzan zarelarik, behar duzu sare hori. Badakizu norbait trabatzen bada-edo lagunduko duzula, eta bestearen garaipenaz poztuko zarela. Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira, eta horregatik lotzen naiz: bai oholtzakideak, bai antolatzaileak, bai herritarrak.

Txapelketatik kanpo ere ari zara: izen ezagunekiko saioak, bertso apairuak, libertimenduak. Zein zaizkizu laketak?

Bertso afari edo libertimenduetan ez duzu ofiziorik, ez zara nonbait finkatua, askoz libreago zara; orduan trebatu behar duzu gehiago librean. Gai batekin hasi eta nora eramaten zaituen jakin gabe bertsokidearekin egitea da. Hasieran, ez nuen hainbeste prezatzen, ez bainuen usaiarik, baina orain anitz maite dut librea. Libreko saio baten ondoan, ontsa ateratzen delarik, kontent zara, bertsokidearekin egin duzun lan bat baita. Harreman biziki onak egiten dituzu holakoetan. Libertimenduetan bada libertimendua bera, eta gero bada bazkaria; jendearekin egoten zara.

Maialen Lujanbio edo Amets Arzallusekin aritzean, adibidez, iduritu zaizu hobetu zarela, edo bakanegi izan dira halako saioak?

Ez naiz aski aritu oraino. Gero, ari zarelarik holako pertsonekin, nahi duzu segitu; ez duzu erakutsi nahi badela sobera tarte. Ttipitan jakin izan banu kantatuko nuela Ametsekin…; ez naiz sobera ohartzen. Maite dut aritzea.

Zein dira zure bertsokera elikatzeko dituzun baliabideak?

Jada, bada astean behin egiten dugun bertso eskola —aitarekin eta anaiarekin—, erritmoa atxikitzeko. Gero, irakurtzea; gogoetatzea gai batzuei buruz. Beste bertsoak entzutea ere bai. Izan saio normalak, izan txapelketa, biziki maite dut bertsoen entzutea.

Ipar Euskal Herriko finalean, Itsasun, Unax anaiak ere kantatu zuen. Nola ikusi zenuen?

Denek ukan ditugu gai konplikatuak, baina, ukan dituen gaiekin, ongi. Aiantzerekin [Lannes] tokatu zaion gaia: bi modelo zirela, Unaxek bazituela 80 kilo eta Aiantzek 40, eta desfilatu behar zutela. 13 urteko haur batek ez du hainbeste gogoetatu gai horren inguruan. Harritu nintzen, zeren eta orain arteko eskolartekoetan gai askoz sinpleagoak ziren, edo 13 urtetik 18 urtera balio zutenak. Halere, Unaxek eta besteek ere ongi egin dute. Kontent nintzen beretako.

Nola ikusten duzu zure etorkizun hurbila bertsolari gisa?

Txapelketatik aparte tokatzen diren saioak nahi nituzke baliatu. Orain arte bezala ontsa pasatzen badut, segitu. Txapelketak eta sariketak tokatzen badira, lantzen ari naizen lasaitasun horrekin segitu, ez baita erraza holakoetan sartzen den tentsioarekin.

Jakinik badirela ikasketak, eta eskubaloian ere aski ongi ari zarela, Hendaian.

Urte honek gauza anitz argi utzi dizkit. Dena ezin zen: ikasketak nahi ditut ontsa erreusitu; eskubaloian nazionalean ari ginen eta biziki urrun joaten ginen —Carcasonara, Tolosara [Okzitania]—; ikasketak, autobusean. Denetan nahi baduzu maila bat, ezin da dena batera egin. Egin behar dira hautuak. Ikasketak eta bertsoa, bai, baina ikasketak, bertsoa eta eskubaloia aurten izan den bezala, ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.