M-28ko hauteskundeak: pentsatu beharreko zerbait

Bilera ofizialak, pasabideko bilerak, komunikabideetako azalaren bilatze larria, alkatetza eta presidentetza aunitzi buruzko ezbaia... zurrunbilo horretan murgildurik gara, eta, horrenbertze ahotsen artean, zenbait gai garrantzizko ari dira urtzen. Ez dut erraten bertze batzuk baino garrantzitsuagoak direnik. Bai, ordea, hausnarketarako xede izan beharko liratekeela.

2023ko ekainaren 9a
12:54
Entzun

Zehaztasun handiagoetan sartu gabe, begi bistakoa da PP-Vox-en gorakada orokorra izan dela eta, ezustekorik ezean, PSOEri zeukan botere autonomikoaren parte handi bat kentzen ahal diotela: Aragoi, Valentzia, Balearrak, Extremadura, Errioxa, Kantabria... Gaur den egunean, ezustekorik ezean, irudi du babak zenbaturik daudela eta heldu diren urteetan, toki horietan, gauzak borrokarako zaildu eginen direla erakundeetan. Bada, Espainiako historiaren ezkerreko gobernurik hoberena (PSOE eta UP) deiturikoaren politikaren babesean, zerengatik egin du hauteskunde balantzak eskuinaren alde?

PSOEri, dena den, gauzak ez zaizkio horren gaizki atera, ataka horretatik 350.000 botoren galerarekin atera baita (-%7). Hagitz makurrago joan zaio gobernukideari. Elkarrekin Ahal Dugu-rendako zaplaztekoa markakoa izan da, hauteskundeetarako erabili dituzten askotariko formulak direla eta, haien galerak zenbatzea zaila bada ere. Sumarrekin gertatzen dena alde batera utzita, honen guztiaren ondoren, egoerak adierazten du Ahal Dugu-tik oskolak geldituko direla, ez bertzerik.

Jakina, estatuko esparrutik udal eta autonomietara jausteak azterketa partikularrak eskatzen ditu eta bertan baloratzeko bestelako elementuak sartzen dira jokoan, haien artean, azpimarragarriena, nazionala. Nolanahi ere, erran beharra dago estatuko ezkerraren beheititzeari gehitu behar zaizkiola Pedro Sanchezen inbestidura sostengatu zuten talde gehienen galera potoloak: ERC (300.000 boto, %27), Compromis (100.000, %22), Más Madrid (190.000, %12), Comunes (62.000, %12,5), Galiziako Mareak ia-ia desagertzea... Bistan da, salbuespenak izan badira, EH Bilduk Euskal Herrian eta BNGk Galizian gorakada handiak izan dituzte, batez ere lehendabizikoak.

Nire irudiko, nabarmena da aurrerakoi deituriko gobernu horien politika autonomiko eta estatalek ez dutela mailarik izan, eta hori ordaindu egiten da. Gaurko krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta demokratikoak kataplasma, parazetamol eta Sor Virginia txaplatetan oinarritutako politika sozial-liberal bat baino gehiago galdegiten zuen. Gehiagorekin ausartu beharra zegoen, baina ez da egin.

Prezioen igoerari buruzko neurriak, soldata eta pentsioen eguneratzea, multinazionalen mozkin lazgarriak, bankuen interesak... gutxiegi nabarmena izan dira. Haien politikak aurrerakoitasunaren gailurra zirela sinetsi arazi nahi izan digute, baina KPIren gorakadak, eta are gehiago erosketa-saskiarenak, gas eta elektrizitatearenak, sanitatearen andeatzeak, bete gabeko hitzemateek (mozal legea, Sekretu Ofizialen legea...), Saharak, Melillak... erakutsi dute haien neurriak koloretako kea baino ez zirela. Bada, inor ez dadila harritu ezkerraren boto galerarekin eta eskuin demagogikoaren goren mailarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), iraulkatzea historikoa izan da. EAJ super kudeatzaileak 86.000 boto galdu izanak (-%20) aunitz erraten du. PSE erkideak bertze 27.500 beheititu izanak (-%14,5) ere bai. Horren aitzinean, EH Bilduk 24.000 boto irabazi izanak (+%9) modu autokritikoan pentsarazi beharko lituzke, baina, horren ordez, EAJk eta PSEk PPren aldeko apustu egin dute, galdutako udal eta foru boterea berreskuratzeko. Hau da, haize gehiago eskuin espainiarrarendako, EAEn 14.000 boto gehiago eskuratu dituelarik.

Nafarroan, bukaera zalantzazkoa izanen duen eztabaida ari gara bizitzen. PSNk EH Bildurekin duen jarrera antidemokratiko eta baztertzaileak (ez dugu haiekin sekula negoziatuko, ez eta haien zerrendak bozkatuko ere) ateak zabal-zabalik uzten dizkie eskuineko alkatetzei. Arriskua hagitz erreala da, 2019ko hauteskundeetan gauza bera egin baitzuten eta orduan UPNk ura bere errotara eraman zuen.

Baina eztabaidak berehalakotasun garrantzizko honetatik gaindi joan behar du. Nafarroan, eskuinen (UPN, PP, C,s eta Vox) boto kopurua berdintsua izan den arren (132.000 boto inguru), ezkerrenak (PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin) beheiti egin du nabarmen eta EH Bilduren gorakada inportanteak (+%11,6) ez ditu konpentsatu PSNk (-%5), Geroa Baik (-%27) y Contigo-Zurekin-ek (-%25,5) izan dituzten galera sonatuak. Galera globalak, 2019tik gaurdaino 20.880 boto emaile bidean uztea ekarri dutenak (-%10,13).

Bada, egin beharreko galdera da arestian gobernu zentralerako eginikoaren berdina: zer egin du PSN-Geroa Bai-Podemosen hiruko gobernuak bere aurreko bezeroen parte handi batek haien politikak errefusatzeko? Erantzuna ere berdintsua da, zeren gobernu horrek ere adabaki eta petatxu politikak gauzatu baititu, krisi ekonomiko, sozial, demokratiko eta ekologiko larriari aurre egiteko balio izan ez dutenak. Eta, makurrena dena, eskuinarendako esparru handiagoak irekitzea erraztu dute.

Heldu den ekainaren 17an udal berriak eratuko dira. Pixka bat beranduago, uztailaren 23an (hauteskunde kanpaina sanferminetan, hori astakeria!), hauteskunde orokorrak izanen ditugu eta litekeena da Nafarroako Gobernuaren eraketa atzeratzea azken horien emaitzak eta ondorioak jakin arte. Zer nolako uda izan behar dugun!

Zalantzarik gabe, gobernu horien azken osaketa (udal, autonomia eta estatukoa) garrantzi handikoa izanen da, baina, orobat, azpimarratu behar da inoiz ezagutu ez diren gobernu aurrerakoienak deiturikoen politikek ezkerrera egiten ez badute, epe labur eta erdikoan, bidea zabaltzen jarraituko dutela historiako doilorrik handienek (banka, energia enpresak, higiezinen agentziak...) erosotasunez aitzina egin dezaten, eta eskuina haien zerbitzura izanen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.