Albistea entzun

Hezkuntza

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Euskal Eskola Publikoaz Harrok deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen bGaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen

Donostiako manifestazioaren burua.
Donostiako manifestazioaren burua. Gorka Rubio / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko ekainak 9

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuari «ezezko borobilena» ematea. Horixe izan dute helburu gaur arratsaldean Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak hartu dituzten herritarrek. Hain zuzen, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatuta, protestak egin dituzte, iritzita Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren legea ez dela eskola publikoak behar duena. Antolatzaileen arabera, milaka pertsonak parte hartu dute.

Donostian, jendetzak bat egin du protestarekin. Euskal Eskola Publikoaz Harro lelodun kamisetak, pegatinak eta txapak soinean eta banderak eta kartelak eskuan, «hemen gaude publikoaren alde», «harro, harro, harro, publikoaz harro» eta «pribatua ez da publikoa» ozen oihukatu dute. Baina oihu bat nagusitu da guztien artean: «Gora eskola publikoa».

Manifestazio bukaeran irakurritako manifestuan esan dutenez, hamaika arrazoi dituzte eskola publikoaren alde egin eta lege proiektuari ezetz esateko. Titulartasuna bera da bat. Plataformaren irudiko, testuak ez du eskola publikoa hezkuntza sistemaren «muinean» kokatzen, eta «publiko-pribatu sistema duala» betikotu egiten du. Kontrako bidea defendatzen dute: «Eskola publikoak plangintza estrategiko bat behar du, sistemaren erreferentziazko sare nagusi bihurtu dadin». Halaber, segregazioaren aurkako neurriak ere ez zaizkie balekoak iruditzen: «Hezkuntza sistemak duen segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak alferrikakoak dira, ez dutelako arazoaren sustraira jotzen».

Gainera, plataformaren ustez, lege proiektuak ez du euskalduntzea bermatzen: «Hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dute, murgiltze eredua orokortu gabe». Ezta laikotasuna ere: «Hainbat ikastetxek doktrinatzen jarraituko dute».

Beste eredu baten alde

Horren aurrean, plataformak dio bestelako eredu bat defendatzen dutela: «Sistema justuago bat aldarrikatzen dugu, diru publikoaren erabilera zentzuzkoa eskatuz». Nabarmendu dute eskola publikoa «benetan erdigunean» jarriko duen sistema nahi dutela.

Izan ere, uste dute hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra publikoa dela eta euskara duela ardatz: «Ikasle gehien euskaldundu duen sarea da». Erantsi dutenez, eskola laikoa da eta gertukoa da. «Labur esanda, euskal eskola publikoa denona eta denontzat da».

Horregatik guztiagatik, «legearen alde» dauden alderdi politikoei zuzendu zaizkie: «Dei egiten diegu bertan behera utz dezaten sare pribatuko ikastetxeen pribilegioak mantendu nahi dituen eta sare publikoa bazter uzten duen lege proiektu hau». Eta ohartarazi dute kalean segituko dutela: «Eskola Publikoak inoiz jasoko duen eraso handienaren aurrean, ozen aldarrikatu nahi dugu: lege pribatizatzaile honi ez! Eskola publikoa bakarra, euskalduna eta laikoa».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...