Geroa Bai ez da agertu PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin zuen bilerara

Koalizioak ohartarazi die sozialistei konfiantza urratu dela. eta zer gobernu eredu nahi duten argitu arte ez dutela aurrera egingo. Unai Hualde aurkeztuko dute ostiralean Nafarroak Parlamentuko presidente izateko hautagai gisa. 

Zurekin Nafarroako eta PSNko ordezkariak bildu dira. JESUS DIGES / EFE
2023ko ekainaren 14a
18:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Sorpresa eman du Geroa Baik, eta mahai gainean kolpea jo du. Ez da agertu Nafarroako Gobernua osatzeko asmoz gaur arratsaldean PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin egitekoa zen bilerara. Negoziazioak abiatu dituztenetik, hiru alderdiak batera elkartuko ziren lehenengo aldia izango zen, eta akordio batera iritsi zitezkeela uste zen. Uxue Barkosen alderdiak azken orduko prentsaurrekora deitu du 18:30ean.

Bilera 16: 30ean zen egitekoa, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, azken asteetan bilerak egin diren leku berean. PSNren aldetik, Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Ainhoa Unzu agertu dira zitara, eta Zurekin Nafarroatik, Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Daniel Lopez.

Ustekabearen aurrean, komunikabideak deitu ditu Geroa Baik. Iruñeko egoitzan, Maria Solanak argitu du ekainaren 6an PSNren eta Geroa Bairen arteko bilera batera deitu zela astelehen honetarako. Bertan, koalizioaren asmoa zen sozialistek argitzea zer gobernu eredu nahi duten, eta Geroa Baik, bazkide nagusi moduan, zer rol jokatzea nahi due. «Gobernuaren edukiak, osaera eta funtzionatzeko mekanismoez hitz egin aurretik argitu nahi dugu inportanteak diren hainbat auzi Geroa Baik tokia izan dezan etorkizuneko gobernu horretan». Gogora ekarri die sozialistei euren zazpi botoak behar dituztela gobernua osatu ahal izateko.

Hala, Parlamentuan zein gobernuan egungo ordezkaritza instituzionalari eusteko konpromisoa adieraztea nahi dute, negoziazioetan aurrera egin aurretik. Horrek esan nahi du Parlamentuko presidentetzaz gain, senatari autonomikoa eta gutxienez presidenteordetza nahi dutela gobernuan. «Guztiaren oinarria konfiantza da, eta nahiko berme behar ditugu gobernu egonkor eta sendo bat izateko. Gaur-gaurkoz konfiantza urratuta dago. PSNk bere hitza jan du. Horrela ez», aipatu du Solanak.

Solanaren arabera, ostiral goizean Maria Txibitek Madrildik deitu egin zien bilera hori bertan behera geratzen zela esateko. «Bat-batean, joko arauak aldatu egin zituen, eta hitzartutako bilera horretan parte hartzeari uko egin zion». Ezezko horrekin, PSNk bere negoziazio esparrua inposatu nahi izan dio Geroa Bairi eta zeharka Zurekin Nafarroari. Eurek markatutako bidearen amaieran hitz egingo litzateke gobernu ereduaz eta osaeraz, eta indar posizio horretatik berea inposatzeko indar gehiago izango luke. Negoziazioaren hasieratik PSNk argi utzi du «pisu gehiago» nahi duela gobernuan.

Mugimendu horren aurrean, bereari eutsi nahi izan zion Geroa Baik, eta negoziazioei ekin aurreko posizioak argitu bitartean ez direla bilduko ihardetsi zioten Txibiteri. Atzo bertan, «bi aldiz» azaldu zioten PSNko Ramon Alzorrizi euren posizioa, eta hark berretsi zien hiru alderdien arteko bileraren deialdiak bere horretan jarraituko zuela. Geroa Baiko Batzorde Iraunkorreko kide guztiak bere alboan zituela Uxue Barkosek erantzun zion Alzorrizi ez zutela joateko asmorik. «Dei horretan azaldu zion ez bazen bien arteko bilera hori egiten, emandako hitza urratu dutela eta Geroa Bairekin harremana apurtzen ari zirela».

Geroa Baik hitz egin aurretik, Alzorrizek komunikabideei azaldu die ez zekiela Geroa Baikoak ez zirela joango. «Horregatik egon gara hamabi minutu zain», esan du. Alzorrizek. Gaineratu du ez zekitela zergatik ez diren Geroa Baikoak joan.

Hitz horiek jakinik, Solanak azpimarratu du PSNk «gezurra» esan duela aldez aurretik bazekitelako ez zirela bertaratuko eta zergatik ez ziren joango. Solanak azpimarratu du gaurko bileraren ostean esandakoek eta aurretik gertatu den guztiak ere egoera are gehiago okertu dutela. «Gobernua osatzeko lidergoa PSNri dagokio. Gauza bat da negoziazioen gidaritza izatea eta beste bat, erabat diferentea, arauak aldatzea eta inposatu nahi izatea bere interesen mesedetan»

Ostiralean osatuko da Parlamentuko Mahaia, eta iragan astean PSNk aurreratu zuen prest zegoela legebiltzarreko lehendakaritza Geroa Bairen esku uzteko. Alzorrizek berretsi du posizio horri eutsiko diotela —eskuak loturik dituzte sozialistek, dena den, legebiltzarreko lehendakaritza lortzeko modurik ez dutelako UPNk euren alde bozkatu ezean—.

Testuinguru nahasi horretan, Geroa Baik aurreratu du Unai Hualde aurkeztuko duela Parlamentuko lehendakari izateko. EAJren Napar Buru Batzarreko presidenteak kargu hori izan du aurreko lau urteetan, eta aurrera aterako balitz, beraz, kargua errepikatuko luke.

Egoera onbideratzeko, «emandako hitza bete, konfiantza berreskuratu eta leailtasunean oinarrituta hitzartzeko borondatea» erakutsi behar du PSNk. «Ez dugu uste negoziatzera berriz esertzeko beste modurik badenik. Ezin da bestela, gaur zuri eta bihar beltz bada, eta gaur arauak hauek badira eta bihar besteak». Solanaren arabera, beste ziurtasunik izan gabe aurkeztuko dute Parlamentuko presidente izateko Hualderen hautagaitza.

Solanak argitu nahi izan du Geroa Baik auzia ez dela zer postu banatzen diren gobernuan, baizik eta aldez aurretik jakitea gobernuak nola funtzionatuko duen. Argi utzi du aurreko lau urteetako esperientziak pisu handia izan duela.

Kazetariek galdetu diote nolatan pentsa dezaketen ordezkaritzari eustea jakinda parlamentari kopurua bederatzitik zazpira jaitsi dela. Solanak erantzun du hori dela PSNk bilatzen duen logika, baina egoera ez dela aldatu: «Duela lau urte Geroa Bairen bederatzi parlamentarien baiezkoa beharrezko izan zen Txibiteren gobernua aurrera ateratzeko eta orain, berdin-berdin, zazpi parlamentarienak beharko dira». Gogora ekarri du, halaber, 2019an Parlamentuan zuen ordezkaritza baino departamendu gehiago zituela bere gain PSNk, eta hori Geroa Baik onartu zuela, konpromisioz. «Hau ez da postu banaketa hutsa. Hau da zer rol jokatu behar duen bakoitzak, zer gobernu motatan eta zertarako. Hori argitu arte ez dago besterik».

Zurekin Nafarroa, harrituta

Solanak bai zehaztu nahi izan du ez dutela arazorik Zurekin Nafarroarekin, baizik eta auzia dela negoziazioak hasi aurreko auzi horiek argitzea. PSN jakinaren gainean zegoen bezala, Zurekin Nafarroako kideek ez zekitela aipatu du ere.

PSNrekin izandako bilkura amaituta, Alfarok komunikabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, Geroa Bai joan ez bada ere, bilera «normaltasunez» egin dute. «Akordio programatikoan eta etorkizuneko gobernuak egin beharko duen proposamen politikoan aurrera egiteko beharra mahai gainean jarri dugu, eta, ildo horretan, akordio programatiko hori idazten eta lantzen jarraitzea adostu dugu», esan du.

Zurekin Nafarroako zerrendaburuak aitortu du «harritu» egin dituela Geroa Bairen ausentziak, baina baieztatu du ez duela «zalantzarik» egoera bideratuko dutela, eta «normaltasunez» lan egiten ahalko dutela. «Gure ustez, Nafarroako herritarrek ere horixe espero dute, gobernu aurrerakoi baten aukera aurrerakoia babestu baitzuten beren botoekin».

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Geroa Bai bileran ez egotea «ez da atsegina», baina ziurtatu du horrek ez dituela baldintzatuko gobernua osatzeko gainerako negoziazioak, eta ostiral honetan bozkatuko dutela koalizioak Nafarroako Parlamenturako aurkeztuko duen hautagaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.