Hauteskundeak

Ortuzarrek «kezkagarritzat» jo du «PP-Vox bikotearen arriskua»

EAJko presidentearen arabera, EH Bilduk «faktura ordaindu» beharko du Bermeon EAJren kaltetan alkatetza hartzeagatik. Uste du PP «mendeku egarriz» dagoela Espainian.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Maiatzaren28ko bozen emaitzak aztertzeko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2023ko ekainaren 19a
10:59
Entzun 00:00:0000:00:00

PPren babesa jaso du EAJk asteburu honetan, Euskal Herriko zenbait udaletan alkate makila jeltzaleen esku gera zedin, EH Bilduren kalterako, baina hori ez da oztopo izan EAJko presidente Andoni Ortuzar PPren aurka aritzeko Espainiako Gorteetarako uztailaren 23ko hauteskundeei begira: «EAJrentzat ez da gauza bera PSOEk ala PPk gobernatzea», esan du Herri Irratian.

Ortuzarrentzat «oso kezkagarria» da, PPk «Voxen merkantzia ultra guztia erostea, oposizio eskuindarrena eta muturrekoena, Voxi botoak kendu eta boterera iristeko». Euskadi Buru Batzarreko presidentearen ustez, «itunak itunak dira, baina arazoa da iraganerako buelta diren iragarpenak egiten dituela PPk». «Kezkagarriena da», Ortuzarrentzat, «Voxekin akordioak egitea baino gehiago, hain gogorra den PP hori hain muturrean eta mendeku egarriz dagoela». EAJko buruak uste du «errebantxarekin» lotutako mezuarekin dabilela PP uztailaren 23ko bozei begira.

Horregatik, uste du gainontzeko alderdiek «alertan» jarri behar dutela, «eta azazkalak atera»: «EAJ izango da balioko duen botoa». PP eta Vox bikoteak irabaziko balu, Ortuzarrek iragarri du EAJ ez besteei bozkatzea ez dela «praktikoa» izango; eta Sanchezen PSOEk irabaziz gero, «EAJ aintzat hartu» beharko duela gogoratu du. «Euskal herritar batentzat gehien balio duen botoa EAJrena da».

Alderdi horren gidariak azaldu du boto horren bidez boto emaileak bermatu egiten duela «bere interesen defentsa Madrilen». «Eta zenbakiek emanez gero, lagundu dezake gehiengo bat osatzen PP-Vox bikotearen arriskua urruntzeko». Bikote horren garaipen bat «estatu osoan» izango litzateke «kaltegarria», baina «bereziki Euskadin», aurreikusi du Ortuzarrek: «Frogaturik dago historikoki Euskadi hautatu dutela zartakoak emateko».

Bermeo eta Bastida

Udalen osaketan, PPren babesa jaso du EAJk EH Bilduren garaipenak baliogabetzeko, esaterako Durangon, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere, EAJk aurreikusi du Eider Mendoza ahaldungai nagusi jeltzaleak Espainiako eskuindarren babesa izango duela aginte makila hartzeko, Maddalen Iriarte koalizioko hautagaiak lortutako garaipen argia gainditzeko.

Haatik, logika hori «ezin da eraman» Espainiako bozetara, Ortuzarren ustez: «Hauteskunde desberdinak dira, momentu desberdinak». Maiatzaren 28ko bozak «gertuko hauteskundeak» direla azaldu du; «lau urte zailen kudeaketari begiratu zaio maiatzaren 28an, eta hautesleen zati bat etxean gelditu da, eta abisu bat eman digu, kaskarreko bat».

Edonola ere, EAJko burua udal osaketen ingurukoez aritu da, eta ziurtatu du EH Bilduk «faktura ordaindu» beharko duela Bermeon (Bizkaia) alkatetza hartzeagatik, EAJk hauteskundeetan irabazi ostean han. Bastidari dagokionez (Araba), «urak lasaituko» direla aurreikusi du, EAJk aginte makila hori PPri utzi ondoren eta udal gobernu euskaltzale bat galarazi eta gero, EH Bilduren babesari uko eginez.

PPko Bastidako alkate berriak, Daniel Garciak, ukatu egin du, Radio Euskadin, alkatetza hori «itun baten bidez» erabaki dela, eta «zabalik» dago ordezkaritza duten alderdi guztiekin «akordioak» egiteko. «Tentsio egunak izan dira» egunotan Bastidan, alkateak onartu duenez, baina egoera hori «ez da herriko elkarbizitzaren benetako isla». «Beti bezain ona da elkarbizitza, baita udalean gaudenon artean ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.