UDALEN OSAKETA

Garesen EH Bildu babestu zuten bi zinegotziek UPN utzi dute

EH Bilduk gehiengo absolutua zuen Nafarroako herri horretan, baina, hala ere, UPNren hiru zinegotziren babesa jaso zuen.

Gares, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2023ko ekainaren 19a
15:26
Entzun

Larunbatean, EH Bilduk lortu zuen alkatetza Garesen (Nafarroa). Ez zen sorpresarik espero; zazpi zinegotzi izanik, indar subiranistak gehiengo absolutua du eratu berri den udalean. Hala ere, sorpresarako tartea izan zen larunbateko saioan: UPNko hiru zinegotzik Itziar Imaz EH Bilduko alkategaiaren aldeko botoa eman zuten. Orain, Yolanda Tejero eta Carmen Soto zinegotziek dimisioa eman dute, eta alderdia utzi.

Tejero UPNren zerrendaburua izan zen, eta Soto, zerrendan laugarrena. UPNk lau zinegotzi lortu zituen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Orain, alderdiak jakinarazi du Carmen Esain Moreno eta Francisco Martinez Nicolasek ordezkatuko dituztela Tejero eta Soto; zerrendako bosgarrenak eta seigarrenak hartuko dutela haien tokia, alegia.

EH Bilduren aldeko botoa eman zuen hirugarren zinegotzia Alberto Azeldegi Apestegia da. UPNk azaldu du mezu bat bidali diola Azeldegiri, zinegotzi akta itzul dezan.

UPNk barkamena eskatu zien bere boto emaileei, hiru zinegotzik EH Bilduren hautagaia babesteagatik: «Gure balioen defentsa oroz gain dago, eta balio horiek defendatuko ditugu aurrerantzean ere. Horregatik, barkamena eskatu behar diegu Garesko gure boto emaileei, EH Bilduko hautagaien posizionamenduak ezin urrunago baitaude gure balioetatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.