Arabako zahar etxeetan bi greba egunera deitu dute ELAk eta LABek

Ostegunerako eta ostiralerako deitu dute lanuztera, hitzarmen propioa galdegiteko. 

ELA eta LAB sindikatuen agerraldia, gaur, Gasteizen. ELA SINDIKATUA
edurne begiristain
2023ko ekainaren 26a
17:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Arabako zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak bi eguneko grebara deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek, lan hitzarmena eskatzeko. Ostegunerako eta ostiralerako deitu dute lanuzteetara. Sindikatuek salatu dutenez, patronalak eta Arabako Foru Aldundiak uko egiten diete lan hitzarmena negoziatzeari eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak duintzeari. Lanuzteekin batera, manifestatzera ere deitu dituzte langileak: etzi, Gasteizko Plaza Berritik abiatuta, eta, etzidamu, Albertia Campus egoitzatik.

Duela lau urte hasi zituzten protestak Arabako zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek, hitzarmen propioa eskatzeko. Besteak beste, uste dute «funtsezko langileak» direla eta «hobekuntza nabarmena» merezi dutela soldatei, lanaldiei, lizentziei, osagarriei, ratioei eta abarrei dagokienez. «Kezkagarria» baita egoitzetan bizi duten egoera. Salatu dutenez, lanaldi luzeak egin behar dituzte euren osasun egoeraren kaltetan, «gaixoarazten» dituzten lan fisiko eta mentalak ohikoak bilakatu dira, «miseriazko» soldatengatik «destajuan» lan egiten dute, eta lana eta familia uztartzea ezinezkoa egiten zaie.

Zahar etxeetako egoiliarrak «duintasunez» zaintzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu dute sindikatuek, baina ohartarazi dute helburu hori ez dela bermatuko langileak «egoera prekarioan» baldin badaude. Hargatik galdegin dute hitzarmena lehenbailehen sinatzeko.

«Blokeoaren» erantzuleak
Lan baldintzak hobetzeko borrokaldia hasi zuten duela lau urte langileek, baina, oraino, ez dute lortu patronala mugiaraztea. ELA eta LAB sindikatuek salatu dutenez, CREA, LARES eta CEA Euskadi patronalek «muzin egin» diote sindikatuen eskariei erantzuteari, eta sektoreko beharretara hurbiltzen den negoziazio proposamenik eskaini gabe jarraitzen dute.

Kritikatu dutenez, ez da aski izan patronalak langileei egindako azken proposamena; are, hitzarmenaren negoziazioa «blokeatzea» egotzi diote. «Gure bizi kalitatean eta lan kalitatean gutxieneko hobekuntzak proposatzen ditugun lekuetan, patronalak apurrak baino ez ditu eskaintzen gure lanaren kontura eta egoiliarren osasunaren kontura etekinak ateratzen jarraitzeko», salatu dute.

Arabako Foru Aldundiaren jarrera ere txarretsi dute sindikatuek, adinekoei eskaintzen dizkien «zaintza prekarioari» eta «bizi baldintza txarrei» esker enpresek irabaziak izatea ahalbidetzen duelako. ELA eta LAB sindikatuen ustez, aldundiak uko egin dio egoitzak zuzenean kudeatzeari, eta herritarren dirua enpresa pribatuen esku jartzea erabaki du. Egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen hitzarmena blokeatzearen erantzule egin dute erakundea, eta egotzi diote «beste alde batera begiratzea» sektoreko langileen eskarien auzian, bai eta bitartekaritza eta negoziazioa errazteari uko egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.