Inflazioaren aurkako neurriak gutxituz joateko eskariak hauteskunde egutegiarekin bat egin du, eta Espainiako Gobernuak erabaki du laguntza gehienak urtea amaitu arte luzatzea.
Jakina zen oinarrizko elikagaiek ez dutela BEZik izango urtea amaitu arte, eta zalantzan zeuden beste laguntzak luzatzearen alde egin dute: tartean dira garraio publikoko deskontuak eta sektore profesionalek gasolioaren truke jasotzen duten laguntza.
Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez, luzapenek 3.800 milioi euroren kostua izango dute, baina indarrean dauden beste neurriekin 8.900 milioira iristen dira laguntzak.
Guztira, «gerraren ondorioen aurkako zazpi neurri sortek» 47.000 milioi euroren gastuak eta zerga jaitsierak izan dituzte.
Garraio publikoa: %50 arteko deskontua
Espainiako Gobernuak beste sei hilabetez luzatu du garraio publikoa merkatzeko neurria: abonuen %30 berak ordainduko ditu, betiere tokian tokiko erakundeek beste %20eko deskontua jartzen badute. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran onartu du beste sei milioi euro jartzea deskontu horietarako.
Renferen aldiriko eta eskualdeko trenak ere doan izango dira hileko abonua dutenentzat; neurri hori 2023 osorako onartu zuen joan den urrian Espainiako Gobernuak.
Garraio pribatua: beste hiru hilabetez, hogei zentimo garraiolarientzat
Iazko apiriletik abendura, Espainiako Gobernuak kontsumitzaile guztiei eman zien hogei zentimoko laguntza gasolio eta gasolina litroko; urtarrilean, garraiolarientzat, nekazarientzat eta arrantzaleentzat bakarrik eutsi zion indarrean hogei zentimoko deskontuari. Apiriletik orain arte, hamar zentimokoa izan da laguntza, eta horrela jarraituko du irailaren 30 arte; urritik abendura, bost zentimokoa izango da.
Argindarra eta gasa: zerga beherapenek indarrean jarraituko dute
Aldaketarik ez da izan, urtea amaitu arte indarrean baitzegoen zerga beherapena. %21 beharrean, %5eko BEZ zerga ordaintzen dute herritarrek argindar eta gas fakturetan. Gainera, %0,5ean jarraituko du argindarraren gaineko zergak.
Bonu soziala dutenek deskontu handiekin jarraituko dute: %65ekoa arrunta dutenek (%25 da ohikoan), eta %80ekoa oso zaurgarri direnek (%40).
Elikagaiak: oinarrizkoek, %0ko BEZa
Calviñok astelehenean aurreratu bezala, oinarri-oinarrizko elikagaien BEZak %0an jarraituko du urtea bukatu arte —%4koa da haien ohiko tasa—. Produktu horien artean daude esnea, ogia, arrautzak, frutak, barazkiak eta lekaleak. Pastak eta olioak,%10eko BEZa izan ordez, %5ekoa izango dute.
Etxebizitza: bukatu dira sei hilabeteko luzapen automatikoak
Azken urtean, posible izan da alokairu kontratua amaitzen zutenek beste sei hilabetez luzatu ahal izatea, aurreko baldintza berekin. Aukera hori desagertu egingo da orain, Calviñok justifikatu duenez, etxebizitza lege berriak kontratuak urtebetez luzatzeko eskubidea ematen dielako egoera zaurgarrian daudenei. Indarrean jarraituko du, 2023ko abenduaren 31 arte bederen, alokairuak berritutakoan gehienez %2ko igoera ezarri ahal izateak. Pertsona zaurgarriak etxegabetzea debekatuta dago, etxerako beste aukerarik ez dutenean.