Hauteskundeak

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eraso xenofoboak salatu ditu

Asier Larrauriren lekukoa hartu du, hark dimisioa eman ostean. «Faxistak haserretu badira bide onean» doazela esan du EH Bilduko alkateak

Bermeoko alkate berria, Nadia Nemeh Shomaly. BERRIA
xabier martin
2023ko ekainaren 28a
16:15
Entzun

EH Bilduko eta Guzan herri plataformako zinegotzien babesaz, Bermeoko (Bizkaia) alkate izendatu dute Nadia Nemeh Shomaly koalizio abertzaleko hautagaia. Asier Larrauri izendatu zuten udala osatu zenean, baina ordu batzuk baizik ez zituen egin karguan. Autoarekin istripu bat izan eta alkohol maila gainditu zuela ikusita, dimisioa eman zuen Larraurik. Hala, Nemeh Shomaly da Bermeoko alkate berria gaurdanik, eta eraso «sexistak eta xenofoboak» salatu ditu kargua hartzean.

Palestinako jatorria du Nemeh Shomalyk, eta, hitzaldi bukaeran, jakinarazi du eraso horiek jasan dituela aginte makila hartzera zihoala jakin denetik, emakumea delako eta Palestinakoa jatorriz. 43 urteko abokatuak «ozen eta argi» esan nahi izan zuen «faxistak haserretu badira bide onean» doazela Bermeon.
Nemeh Shomaly alkateak hitz ederrak izan ditu Larrauri alkate ohiarentzat, «lankide eta lagunarentzat». «Nire neba bihurtu da, eta argi daukat, neba bidean erortzen bada, lepoan hartzen dudala eta aurrera jarraitzen dugula». Larrauri alkategai ohiaren ordez, EH Bilduko beste zinegotzi bat sartu da Bermeoko udalbatzan: Victor Uriarte. Koalizioko bost zinegotzien eta Guzan plataformako lauren baturak EAJren zortziak gainditu ditu, Nemeh Shomaly alkate izendatzeko.

Ahaldun nagusien eguna

Bizkaiko udalerri handienetako bigarrenean ere, Getxon, bada gobernu akordio bat Amaia Agirre alkate berriak goberna dezan. EAJk eta PSEk ituna egin dute «egonkortasun politikoa eta aurrerabide soziala» egon daitezen hirian. Baina Agirre jeltzaleak ez du gehiengo absoluturik izango PSEren babesa eduki arren, eta udal gobernuak akordioak lortu beharko ditu beste indarrekin. 2015etik, alderdi bi horien arteko gobernuak eduki ditu Getxok, eta biek ala biek uste dute formula onena dela «berdintasunaren eta kohesioaren aldeko Getxo bat» eraikitzeko.

Udalei dagokienez bakarrik ez, EAJren eta PSEren arteko aliantza estrategikoak gobernu akordioak eman ditu foru aldundietan ere, lehen-lehenik Araban; baina Gipuzkoan ere loturik da foru gobernua gidatzeko bi alderdien arteko akordioa. Bihar bertan, Eider Mendoza ahaldungai nagusiak jasoko du aginte makila Gipuzkoako Batzar Nagusietan egingo den inbestidura saioan.

Maddalen Iriartek irabazi zituen foru bozak, 22 batzarkide lortu baitzituen, Mendozak ateratakoak baino bost gehiago; baina hautagai jeltzalearen alde bozkatzekoa da PP, eta hark izango du giltza berdinketa baldin badago. Iriartek ere bere hautagaitza aurkeztuko du, eta, Elkarrekin Podemosen bi batzarkideen babesa lortuz gero, EAJ-PSEren baturaren adinako babesa lortuko du. PPk desegingo du berdinketa hori, udal osaketei begira islatu diren estrategiak aintzat hartuz gero.

Araban ere, bihar izendatuko dute Ramiro Gonzalez jeltzalea ahaldun nagusi. Hark ere PSE-EEren babesa edukiko du gobernatzeko, baina, Mendozari gertatuko zaion antzera, gehiengo absoluturik ez du izango —12.000 boto galdu ditu EAJren eta PSEren baturak—, eta aurrekontu orokorrak eta bestelako legeak oposizioko indarrekin adostu beharko ditu, Voxekin salbu, hura baztertu egin dute eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.