Ez dute kartzelara joan beharko. Agintaritzaren aurkako delitua eta desordena publikoak eragitea egotzita, fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatzen zuen 2020ko greba orokorrean La Morea merkataritza gunean atxiloturiko hiru lagunentzat. Gaur, epaiketa hasi aurretik, fiskaltzak beste proposamen bat egin du, eta, azkenean, bi urteko espetxe zigorra ezarri diete, eta hiru urteko inhabilitazioa.
Akordio hori eginda, ez dute espetxera sartu beharko, baina horrek ez du inondik ere esan nahi errugabetu dituztela: hiru urtez ezingo dute kargu publikorik izan, eta bi urteko espetxe zigorra izango dute. Gainera, hiru urte pasatu behar izan dituzte mehatxu hori buru gainean zutela. Horregatik, gazteei elkartasuna adierazteko mugimenduaren aburuz, zigorra «neurriz kanpokoa» da.
Goizean, epaiketa hasi aurretik, ehundik gora lagun elkartu dira Iruñeko epaitegi aurrean. «Ederra da hainbeste lagun elkartasuna adierazten ikustea. Ematen du hemendik aurrera jazarpena areagotu egingo dela, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela elkarrekin egotea eta indartsuago egotea».
Halaxe egin die ongietorria grebalariak babeseko gazte mugimenduko kide batek Iruñeko epaitegi aurrean bildu direnei. Izan ere, ehundik gora lagun elkartu dira, 2020 greba orokorrean La Morea merkataritza gunean atxilotu zituzten hamar lagunetatik hiruri babesa adierazteko. Epaitegi aurrean, elkartasuna adierazteko argazki bat osatu dute. Epaitegira bidean zihoazela, poliziek pankartak kendu dizkiete, eta, ondorioz, pegatinak baino ez zituzten epaitegi aurrealdera iristean.
Greba eguneko gertaerak
2020ko urtarrilaren 30ean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako greba orokorraren egunean, La Morea merkataritza gunera joateko deialdia zabaldu zen. Guardia Zibilak liskarrak eragin zituen han, grebalarien aurka. Pertsona bat atxilotu zuten. Grebalariak alde egiten ari zirela, foruzainak oldartu egin zitzaizkien, eta bederatzi lagun atzeman zituzten: lau La Morean, eta beste bost handik ihesi egiten ari zirenean. Azken horiek guardia zibilen esku utzi zituzten.
Atxilotuek ziegan eman zuten gaua, baita biharamuna ere, eta aske geratu ziren gero, epaiketaren zain. Guardia zibilen esku geratu zirenen auzia amaitu zen: sei hilabeteko zigorra eskatu zuten haientzat. Foruzainek atxilotutako lau lagunetatik hiruri, baina, orain egin diete epaiketa.
Aurreko astean egindako prentsaurrekoan, gazte mugimenduak salatu zuen fiskaltzak gaur arte sei urteko espetxe zigorra eskatzea, «eta poliziek gezurrez beteriko kontakizun irreal bat egitea, jazarpena justifikatu ahal izateko». Haien ustez, horren helburua da «herri mugimendua eta kolektibo politikoak desmobilizatzea, eta jazarpena erabiltzen dute mugimendua itotzeko, gelditzeko».