Energia

Petrolio gutxiago ekoizten jarraituko du Saudi Arabiak

Eguneko milioi bat upel gutxiago ekoitziko ditu abuztuan ere. Upelaren prezioa 80 dolarretik gora garestitzea da helburua. Errusiak ere iragarri du 500.000 upel kenduko dituela merkatutik.

Abdul Aziz Bin Salman, Saudi Arabiako Energia ministroa, iragan ekainean. MAX BRUCKER / EFE
aitor biain
2023ko uztailaren 3a
17:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Saudi Arabiak iragarri du beste hilabertez luzatuko duela petrolio ekoizpena murrizteko erabakia, abuztura arte gutxienez. Izan ere, Brent upelaren prezioa garestitzeko apustuak ez du esperotako emaitza izan gaur-gaurkoz. Upela 80 dolarretik gora nahi du Riadek, baina egun 75 eta 76 dolar artean ari da salerosten nazioarteko merkatuetan.

Egunean milioi bat upel gutxiago ekoizten ari da orain. Hamabi milioi upel ekoizteko gaitasuna dauka Saudi Arabiak, baina bederatzi ari da merkaturatzen egun. Azken urteetako kopururik txikiena da, baina kosta ahala kosta garestitu nahi du petroloaren prezioa Riadek, bere kontuak orekatzeko.

Ekainean, neurria iragarri zuenean, prezioa gora egiten hasi zen, baina ez nahi zuen beste. Eta hori bera gertatu zitzaion atzo ere. Hori dela eta, ez du baztertu ekoizpena txikitzeko epea gehiago luzatzea, ordainetan diru sarrerak nabarmen murriztuko bazaizkio ere.

Riaden mugimenduak izan du erantzunik, dena den. Errusiak iragarri baitu 500.000 upel erretiratuko dituela merkatutik abuztuan. Lehenago ere egina zuen iragarpen hori Moskuk, eta ez du argitu aurretik esandakoarekin loturarik duen edo murrizketa gehiago ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.