Alejandro Lopez de Silanes Locuras Miranda de Ebroko (Espainia) lehiakideak irabazi du El conquistador del Caribe saioaren hemeretzigarren edizioa. Ikurrin preziatua eta 20.000 euroko saria eraman ditu; programan zehar sei duelo gainditu zituen —saioko marka ezarri du—, eta Limongo ur jauzietan (Dominikar Errepublika) bizkorrena izan zen. ETB2ko emanaldia 22:20ean hasi zen, eta 01:45ean amaitu, eta %26,9ko ikusle kuota lortu zuen. 324.000 ikus-entzulek egin zuten bat tarteren batean ETB2ko saioarekin. 2021eko finalak %38,1eko ikusle kuota izan zuen, eta iazko finalak, %28,8ko kuota. Hartaz, aurreko bi urteetan baino datu txikiagoa izan du aurtengo finalak.
ETBko gaztelaniazko katearen saio horren hemeretzigarren edizioak %25,3ko batez besteko kuota izan du. 25 atal izan ditu denboraldiak, eta gazteen artean duen harrera beroa da oso: 13-24 urte arteko ikus-entzuleen artean, %45eko batez besteko ikusle kuota du.
Astelehen gaueko finalean garaipena lortu eta gero, Locuras-k ezkontzako eraztuna atera zion bikotekideari, eta ezkontzeko eskatu. Haien senideen emoziozko negar malkoen artean ospatu zuten garaipena. Miranda de Ebroko lagun ugari joan ziren Donostian ospatu zen finalera.
Beste ezusteko bat ere izan zen El conquistador del Caribe-ko finalean: Julian Iantzik amaieran iragarri zuen hogeigarren denboraldia egongo dela ETB2n, baina bera ez dela aurkezle arituko —Lur Errekondok jarraituko du—. Hain zuzen ere, TVEren Conquis grabatzen hasi berriak dira Dominikar Errepublikan, eta Iantzik Espainiako kate publikoaren bertsioa aurkeztuko du, Raquel Sanchez Silvarekin batera —ETB2 katean saioa egiten duen ekoiztetxe berak egingo du programa, eta ekoizle eragilea Patxi Alonso izango da—. Irailean estreinatuko du La1k Conquis-en bertsio berri hori, eta urtarrilean hasiko da ETB2n hogeigarren denboraldia. Iantzik hemeretzi urtez aurkeztu du ETB2ko reality-a.
El conquistador del Caribe-ren aurtengo edizioari azkeneko atal bat gelditzen zaio: gaur gauean saio berezi bat egingo dute Miramongo platoan. Bertan jakingo da zein den ikus-entzuleen lehiakiderik kutunena. Era berean, platoan izango dira Locuras eta beste hiru finalistak. Baita beste 32 lehiakideak ere.
Tourrak, ikusle datu handiak
ETB1 katea Frantziako Tourreko etapak ematen ari da egunotan, eta ahalegin berezia egin du Euskal Herria zeharkatu duten etapetan. Ikusle datuak ere oso handiak izan dira: lehen etapak, Bilbon hasi eta hiri hartan bertan amaitu zenak, %19,1eko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %40,2koa—; bigarren etapa Gasteizen hasi eta Donostian amaitu zen, eta %11,1ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %21,8koa—. 347.000 ikus-entzulek egin zuten bat noizbait ETBko emankizunarekin; eta hirugarren etapak, Zornotzan (Bizkaia) hasi eta Baionan amaitu zenak, %9,5ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, 19,3koa—.
Aipatzekoa da, bestalde, Tourreko lehen hiru etapetan ETB2k ere eman zuela Tourra, euskaraz, 14:00etatik 15:00etara —ETB1en Gaur egun albistegia ematen ari ziren ordutegian—. Asteburuan, bestalde, EITBren webgunean 160.204 erabiltzaile izan zituzten txirrindularitza probarekin lotutako edukiek.
Bestalde, ekainean ETB1ek %2,2ko batez besteko ikusle kuota lortu du; ETB2k %8,9koa izan du; ETB3k, %0,2koa; eta ETB4k, %0,9koa.
Kantar Media enpresak 2022-2023ko denboraldi osoko datuak ere eman ditu, eta horietan ETB2ren beherakada antzematen da: ikasturte osoan %8,3ko ikusle kuota bereganatu du, aurreko urtean baino puntu bat eta hamarren bat gutxiago. ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du denboraldi honetan, aurreko urtean baino hiru hamarren gutxiago. ETB3 katea, berriz, bere horretan mantendu da: %0,2ko kuota. Haurrei zuzendutako kanalen artean ikusle gutxien duena da euskarazkoa.
Katalanezko TV3 kate publikoak %14,2ko kuota lortu duikasturte honetan —hamarren bat igo da—. Espainian Antena3 da lider, eta Tele5k inoizko daturik txikiena izan du.