OSAKIDETZAKO GARBIKETA

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileek akordioa lortu dute

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu dute hitzarmena. ELAk uko egin dio akordioari

Osakidetzako garbitzaileen protesta bat, Osakidetzako egoitzaren aurrean, duela hilabete batzuk. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
jone arruabarrena
2023ko uztailaren 8a
21:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Bost urtez lan hitzarmenaren inguruko negoziazioetan ibili ostean, amaitu da lan gatazka Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileentzako. Ekainaren 26an deitu zituen sindikatu guztiak eta enpresak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak, eta negoziazioen ondoren, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek aurreakordio bat sinatu zuten patronalarekin. Osakidetzak eman behar zion onespena hitzarmen horri negoziazio mahaiak berretsi aurretik, eta gaur eman du azkenean baiezkoa.

Hala ere, akordioa sinatzea falta da oraindik; datorren astean egin ahal izatea espero dute sindikatuek. Hitzarmenarekin, karrera profesionalaren hiru urte ordaintzea lortu dute, baita ordezkapenen sistema bat ezartzea, aurretiko erretirorako kontratuak egin ahal izatea eta laneko baimenen eguneraketa ere. ELAk ez zuen aurreakordioa sinatu, eta gainontzeko sindikatuei egotzi die «murrizketak» onartu izana. Era berean, akordioa erdietsi duten sindikatuek aste honetan salatu dute Osakidetzak erantzun bat emateko astebete baino gehiago behar izan duela.

Borroka luzea izan da erietxeetako garbitzaileentzat. LAB, UGT, CCOO eta ESK batzen zituen intersindikalak greba egunetara deitu dute tarteka, eta guztira bi hilabete baino gehiago egin dituzte lanuzteekin. ELAk, berriz, bere aldetik deitu du lanuzteetara otsailaren 27tik etengabeko greba eginda.
Garapen profesionalaren 2012, 2019, 2020 eta 2021eko deialdiak ordaintzea eskatzen zuten langileek. Deialdi horiek jaso zituzten bere garaian, baina greban zehar salatu dute Osakidetzak eta enpresek ez dietela ordaindu nahi. Soldata igoera ere eskatu dute grebarekin, eta intersindikalak Osakidetzako gainontzeko langileen baldintzekiko «homologazioa» ere galdegin izan du.

Azpikontratatutako enpresek kontratatzen dituzte langile horiek, baina sindikatuek defendatu dute Osakidetzak daukala eskumena langileek eskatzen dituzten baldintzak betearazteko. Gatazkak iraun bitartean, ordea, Osakidetzak argudiatu du ez dagokiola berari «berea ez den pertsonalaren lan baldintzak» negoziatzea, eta bere ardura bakarra zera dela, «garbiketa zerbitzua emateko kontratuetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla bermatzea».

Azkenean, aurreakordioa sinatu duten sindikatuek eta patronalak adostu dute karrera profesionalaren 2021, 2022 eta 2023 urteak ordaintzea, baita aurretiko erretiro kontratuak ahalbidetzea, eta ordezkapenetarako sistema bat ezartzea ere. Horrez gain, laneko baimenak—aitatasun edo amatasun baimenak, esaterako— ere eguneratuko dituzte. Sindikatuek azpimarratu dute, modu horretan homologazioa bermatzen dela akordioarekin.
ELA akordioaren aurka azaldu da, eta sinatzaileei egotzi die akordiotik kanpo utzi izana oraindik ordaindu gabe dauden karrera profesionaleko 2012, 2019 eta 2020 urteak. Hitzarmen hori sinatzea «inkoherentea» dela iritzi dio sindikatuak, eta azaldu du modu horretan Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen baldintza okerragoak «betikotzen» dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.