Lan harremanak

Iaz galdutako erosahalmena aurten berreskuratuko dela uste du LHK-k

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen %52k lan hitzarmena indarrean dute; azken hamar urteetako daturik onena da. Euskal hitzarmenek Espainiakoek baino soldata igoera handiagoak eragin zituzten.

Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko uztailaren 13a
13:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboa garai oso oparoan bizi da. Azken hilabeteetan, sektoreko lan hitzarmen asko sinatu dira, eta haien eraginak arrasto estatistikoa utzi du. Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) arabera, maiatzaren amaieran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore pribatuko langileen %52k lan hitzarmena berritua eta indarrean dute. Horrez gain, LHK-k hitzarmen berritzeen «erritmoa» goratu du, lau langiletik batek aurten berritu baitu bere lan baldintzak arautzen dituen ituna. Soldatari dagokionez, eta KPIaren bilakaera mantentzen bada, aurten iaz galdutako erosahalmena berreskuratu ahalko dela aurreikusi dute.

«2012ko lan erreformaz geroztik negoziazio kolektiboan egondako daturik onenak dira. Aurreikuspena ezberdina zen, eta onartu behar dut harritu egin nauela, onerako». Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak ezin izan du bere poza ezkutatu, iazko datuen eta aurtengoen aurreikuspenen berri emateko antolaturiko agerraldian. Bertan behera geratutako hitzarmenen datuak ere hobera egin du: iazko maiatzeko amaieran, %9,4 ziren; egun, aldiz, %6,3. Beste %41,8 luzatuta daude, alegia, indarrean daude, baina eguneratu gabe.

Inflazioa, akordiorako pizgarri

Eta zergatik gertatu da negoziazio kolektiboaren pizkunde hori? Arrietak hiru arrazoi eman ditu, eta aurrenekoa da haren harriduraren oinarria: «Inflazioak asko beldurtu gintuen, baina pizgarri suertatu da. Inflazio txikia dagoenean, hitzarmena berritua ez izatea ez da hain kaltegarria, baina datu hauekin galera handia da». Beste bi arrazoiak, berriz, egoera ekonomiko «egonkorra» —iaz %4,4 hazi zen ekonomia, eta aurtengorako %1,6 haztea espero—, eta negoziazioak aldatu izana dira: hitzarmen luzeagoak sinatzen ari dira, inflazioaren eragina luzaroago banatzen dutenak.

Arrietak azaldu du inflazio handiak erabat baldintzatu duela azken urteetako negoziazio kolektiboa. 2022ko azken datua %5,4koa izan zen, eta egungoa, maiatzean, %2,3koa da. Iazko soldata eguneraketak, batez beste, %4,08koak izan ziren, indarrean zeuden hitzarmenetan; aurtengorako, aldiz, %4,01ekoa izatea espero dute. Alegia, iaz ituna indarrean zuten langileek %1,3ko erosahalmen galera pairatu zuten, baina aurtengoak lehen bost hilabeteetako joera mantentzen badu, kopuru hori berreskuratuko litzateke.

Alde horretatik, Arrietak nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatzen diren hitzarmenetako soldatak igoerak Espainian sinatzen direnenak baino nabarmen handiagoak direla. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziaturiko lan hitzarmenen soldatak %4,8 igo ziren, Espainian negoziaturikoak eta Euskal Herrian eragina dutenena, aldiz, %2,89. Aurten joera bera mantendu da: aurrenekoak %4,89 igoko dira batez beste, eta Espainian negoziaturikoak, %3,82.

LHKk beste datu interesgarri batzuk eman ditu: esaterako, 1.002.594 langile daudela egun kontratupean, eta 105.379 langabe daudela (%8,7). Azken urteetan asko igo da kontratu mugagabea duten langileen kopurua, Arrietaren ustez, azken lan erreformaren eraginarengatik. Azkenik, lan gatazkak aurten asko jaitsi dela nabarmendu du, «hala greban dauden langile kopuruan nola greba egunetan». Enpresari elkarte batzuek aurkako kexak helarazi badituzte ere, Arrietak ez du mezu horien inguruko iritzirik eman nahi izan.

Tomas Arrietak egingo duen azken urteko balorazioa da, udazkenean kargua uztekoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.