Hauteskundeetako emaitzek aldiro-aldiro erakusten dute boto emaileen portaera aldatuz doala hauteskunde esparruaren arabera. Hala ere, bart gaueko emaitzak estrapolatuz gero, Eusko Legebiltzarreko indar harremanak nabarmen aldatuko lirateke. Horren arabera, PSE-EE litzateke lehen indarra legebiltzarrean. Hogei legebiltzarkide izango lituzke: zazpi Araban, beste zazpi Bizkaian, eta sei Gipuzkoan.
Gaur egun, EAJk eta PSE-EEk osatzen dute Jaurlaritza. Bi indarrek ez lukete gehiengo absolutua bermatua izango: EAJk hamazazpi eserleku lortuta, 37 ordezkari batuko lituzkete EAJk eta PSE-EEk; gehiengo absoluturako baten faltan. Jeltzaleak hirugarren indarra lirateke parlamentuan: sei ordezkari lituzkete Gipuzkoan, lau Araban, eta zazpi Bizkaian.
EH Bildu litzateke bigarren indarra Eusko Legebiltzarrean, hemezortzi kide eskuratuta. Gipuzkoan lortuko luke gehien, zortzi, eta Araban bost, baita Bizkaian ere. PPk hamar ordezkari eskuratuko lituzke —bost Araban, hiru Bizkaian eta bi Gipuzkoan—, eta Sumarrek, bederatzi —hiruna hiru lurraldeetan—. Gainera, Voxek ordezkari bakarra lortuko luke.
Dataren zain
Eusko Legebiltzarrean urtebete falta da legealdia amaitzeko, eta ikuskizun dago Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak noizko deitzen duen bozetara. Zenbait iturrik zabaldu dute ekainaren 9a izan litekeela data, egun horretan baitira Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Horrek aukera emango lioke Jaurlaritzari aurrera ateratzeko falta dituen legeak onartzeko. Haatik, udal eta foru hauteskundeen ondoren Espainiako Gorteetarako bozak eginda, Eusko Legebiltzarrekoek itxiko dute hauteskunde zikloa. Ziklo horretan porrot nabarmenak izan ditu EAJk, eta jeltzaleek kalkuluetan aintzat hartu beharko dute hauteskundeak 2024ko ekainera arte ez egiteak kostua izan dezakeen ala, kontrara, azken porrotak iraultzeko denbora ematen dion.