Txibite: «Sendotasun handia ematen digu Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko»

PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboa bildu da arratsaldean atzoko emaitzen balorazio positiboa egiteko.

PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboaren bilera. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko uztailaren 24a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igandean, 92.748 nafarren babesa jaso zuen PSOEk, eta 1986ko Espainiako Gorteetako hauteskundeak geroztik lehen aldiz garaipena eskuratu du Nafarroan. Bi diputatu eta hiru senatari lortu ditu,. «Nafarrek mezu argi bat helarazi digute. Gorteetarako hautatu beharreko bederatzi ordezkaritatik bost sozialisten esku geratu dira», azpimarratu du Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak.

Emaitza horiek hauspoturik. Txibitek nabarmendu du Nafarroaren interesen defendatzaile nagusi bihurtu dela Alderdi Sozialista. 18:00etan, PSNren Eskualdeko Batzorde Exekutiboa bildu da. Bilkura amaituta, Txibitek kazetarien aurrean adierazpenak egin ditu.

Kanpainan, PPren eta Vox-en arteko aliantza baten mehatxuaren aurrean herritarrek erantzun dutela uste du: «Herritarrek ez dute nahi ez murrizketarik ez eta atzerapausorik ere. Ezkerraren eta eskuinaren arteko lehian, ezkerra nagusitu da argi eta garbi».

Inbestidurari begira, Pedro Sanchezen alde egingo dutela argi utzi du. «UPNk esan du Feijoori emango diola babesa, bere balizko inbestiduraren aurrean. Zalantza dut aurkeztuko dela, ikusirik ez duela nahikoa babesik, baina edozein kasutan nafarrek PSN hautatu dute Nafarroaren interesak defenditzeko. UPNk albo batera utzi du bere erregionalismoa eta foraltasuna».

Gobernuaren osaeraz

Hilabete eta lau egun geratzen dira Nafarroan Gobernua osatzeko. Txibiteren iritziz, atzoko emaitzek PSNri «zilegitasuna eta sendotasun handia» ematen diote Nafarroako Gobernua gidatzen jarraitzeko. «Negoziazioetan aurrera jarraituko dugu». Txibitek azaldu du ez dutela egutegirik zehaztuta. «Datozen egunetan bilerak egingo ditugu negoziazioetan aurrera egiteko eta gobernuaren programa zehazteko». Garrantzitsua deritzo akordioa lortzeko, hiru indarrak «eroso egoteko» hurrengo lau urteetan.

Bere irudiko, programak berak zehaztuko du gobernuaren osaera eta norabidea. «Adibidez, osasungintzak garrantzia handia hartu du, etxebizitzak ere bai, eta programan garrantzia ematen diogun beste gaiek ezar dezakete organigramaren aldaketa». Txibitek, halaber, uste du gobernuaren baitan hobetu beharreko gauzak daudela uste du eta behin hori zehaztuta etor daiteke alderdi bakoitzaren ordezkaritzaren banaketa.

Negoziazioen hasieratik Geroa Baik eskatu du bere ordezkaritzari eustea eta gobernu eredua finkatzea. Txibitek zehaztu du ez diotela uko egiten bere ordezkaritza handitzeari. Igandeko emaitzek hori berretsi duela gaineratu du. "Horrek bere isla izan behar du ordezkaritza instituzionalean». Ez du zehaztu zer esan nahi duen, baina bai argitu du senatari autonomikoa sozialista izatea nahi dutela, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.