Kaliforniako epaile federal batek behin-behinean bertan behera utzi ditu AEBetako Gobernuak maiatzean abian jarritako migrazio politika berriak. Joe Biden AEBetako presidenteak AEBetako kodeko 8. titulua ezarri zuen maiatzaren 12an, orduan iraungi baitziren Donald Trump presidente ohiaren migrazio neurriak.
8. tituluaren bidez, AEBetako Gobernuak migrazioa erregulatu nahi du. Mugako «kaosa» ekiditeko neurriak zirela adierazi zuen Bidenek maiatzaren 12an. Lege horrek asilo eskubidean hainbat baldintzapen ezarri zituen: alde batetik, CBP One app-a sortu zuen Etxe Zuriak; sakelarako baliabide horren bidez, kanpotik zetozen pertsonek asiloa eskatzeko ordua lortu zezaketen. Soilik ordua lortua zuten migratzaileek zeharkatu zezaketen muga. Horrez gain, beste herrialde batean AEBetako asilo prozesua egin eta ezetza jaso zutenak salbuetsi egin zituzten, eta AEBetan ordua lortzeko eskubidea eman zieten.
Bidenen gobernuak erabakitako neurri horiek migratzaileen defentsan lan egiten duten taldeek salatu zituzten. Kaliforniako ipar barrutiko Jon S. Tigar epaile federalak, migrazio neurriak aztertu, eta behin-behinean bertan behera utzi ditu. Hala ere, bere erabakia hamalau egunez blokeatu du, AEBetako Justizia Departamentuak apelazio bat aurkezteko epea izan zezan. Apelazioa epailearen erabakia atera eta gutxira aurkeztu du Justizia Departamentuak.
Tigarren ustez, AEBetako Gobernuak hartutako erabakiak AEBetako migrazio lege federala urratzen du. Lege horren arabera, herrialdera modu ilegalean sartzen den migratzaile orok asiloa eskatzeko eskubidea dauka. Hau da, herrialdean modu ilegalean sartzeak ez luke oztopoa izan beharko AEBetan asiloa eskatzeko. Asiloa eskatzeko orduan, ez du axola migratzailea nola iritsi den edo lehenagotik herrialdean izana duen edo ez.
Justizia Departamentuak Tigarren erabakia «onartezina» dela esan du. «Apelazioa aurkeztu dugu, eta erabakiaren etenaren alde egingo dugu lan. Irmo jarraitzen dugu gure jarreran. Tigar epaileak hamalau egunez geldiarazi du bere erabakia; horrenbestez, oraingoz ez dugu aldaketarik antzemango mugetan», esan du AEBetako Segurtasun Nazionalerako idazkari Alejandro Mayorkasek. Migratzaileei AEBetara bide legala erabiliz sartzeko eskatu die Mayorkasek: «Ez egin kasu kontrabandisten gezurrei, gure administrazioak emandako aukerak erabili, gure herrialdera bide legaletatik sartzeko. Gure bideak erabiltzen ez dituzten pertsonek ondorio legalak edukiko dituzte».
Tigarren erabakia txalotu egin dute migratzaileen defentsan lan egiten duten taldeek. ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak komunikatu baten bidez erabakiaren iritzia eman du. «Epailearen erabakia garaipen bat da, baina Bidenek eta haren gobernuak migratzaileen aurkako neurriak ateratzen dituen heinean, familia askok arrisku etengabean bizi beharko dute», esan du Katrina Eiland ACLUko migratzaileen zuzendariordeak. «AEBek askatasunez eta itxaropenez beteriko herrialde bat izateko hitza eman zuten, eta administrazioak hitz horiek bete beharko lituzke. Orain arte soilik politika krudelak ikusi ditugu mugak zeharkatzen dituztenentzat».
Migrazio politikak erabakitzeko garaian, Bidenen erabakiei kritika sakonak egin zizkieten presidentearen gertukoek. Alderdi Demokratako kide asko ez zeuden ados estatuburuak hartutako erabakiarekin.
42. titulua, Trumpen eskutik
COVID-19aren garaian, Trumpek, AEBetako osasun segurtasuna bermatzeko migrazio neurri berriak ezarri zituen, AEBetako Kodeko 42. titulua erabiliz. Lege horren bidez, AEBetan gaitz kutsakorrak ez sartzeko helburuarekin, edozein migratzaile kanpora bidaltzeko aukera ematen zien mugetako agenteei. AEBetara modu legalean sartzeko era bakarra hirugarren herrialde batean asilo prozedurak aurkeztea zen.
Iaz, Trumpen migrazio neurriak indarrean zeuden bitartean, mugetako agenteek inoizko atxiloketa gehien egin zituzten. 2.766.582 migratzaile atxilotu zituzten CBP Mugetako Segurtasun Bulegoko agenteek. 8. titulua ezarri zenetik, berriz, atxiloketak urriagoak izan dira. Ekainean 100.000 migratzaile baino gutxiago geldiarazi zituzten agenteek, 2021. urteaz geroztik hilabeteko kopururik txikiena.