KLIMA LARRIALDIA

Inoiz erregistratutako hilabeterik beroena izango da aurtengo uztaila

Lehen 23 egunetan Lurraren batez besteko tenperatura 16,95 gradu izan da, eta gainditu egin du 2019ko uztaileko marka, 16,63koa. Munduko Meteorologia Erakundeak nabarmendu du inoiz baino beharrezkoagoa dela berotegi efektuko gasen emisioa murriztea.

Pertsona bat korrika, Qatarren, joan den hilaren 19an. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 27a
19:17
Entzun

Aintzat hartuta zein tenperatura neurtu dituzten hilabete honetako aurreneko hiru asteetan, Munduko Meteorologia Erakundeak eta Copernicus Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuak jakinarazi dute aurtengo uztaila izango dela planetan inoiz erregistratutako hilabeterik beroena. Eta marka hori zuzenean lotuta dago klima aldaketarekin. «Inoiz baino beharrezkoagoa da berotegi efektuko gasen emisioa murriztea», azpimarratu du, ohar batean, Petteri Taalas erakundeko idazkari nagusiak.

Uztaileko lehen 23 egunetako batez besteko tenperatura 16,95 gradu izan da, eta inoiz erregistratutako hilabeterik beroenaren errekorra hautsi du: 2019ko uztaila zen hori, 16,63 gradu erregistratu baitziren. Kontuan hartu behar da joan den uztailaren 6an inoizko egunik beroena erregistratu zutela —17,08ko batez besteko tenperatura—, eta hilaren 3tik 23ra bitarteko egun guztietan gainditu zela orain arteko egunik beroenaren marka, 2016ko abuztuaren 13an neurtua: batez beste, 16,8 gradu.

Copernicusen eta meteorologia erakundearen arabera, errekorra gainditu da Europan, Asian eta Ipar Amerikan azken asteetan nozitu dituzten bero boladen ondorioz. EBren Copernicus zerbitzuak nabarmendu du uztaileko aurreneko eta hirugarren astean planetaren batez besteko tenperatura 1,5 gradu gainetik egon dela industrializazioaren aurretiko garaiarekin (1850-1900) alderatuta. 2015eko Parisko Hitzarmenean zehaztu zuten, helburu gisa, aurreko aro horrekin konparatuta tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzea XXI. mendearen amaieran, baina, mendearen lehen laurdena bete aurretik, jada gainditua da orduan ezarritako muga.

Horren harira, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak aurreikusi du, gainera, %98ko probabilitatea dagoela datozen bost urteetako bat, gutxienez, inoiz erregistratutako beroena izateko; eta, aldi berean, %66ko probabilitatea dago hurrengo bost urteetako batean, gutxienez, tenperaturaren batez bestekoa berriro 1,5 gradu gainetik egotea 1850-1900eko epearekin alderatuta. Aintzat hartu behar da El Niño klima fenomenoa sortzen duten baldintzak detektatu dituztela Ozeano Barean duela aste batzuk, eta horrek itsaslaster beroa eragiten duela. Azkeneko aldiz 2016an izendatu zuten klima fenomeno hori, baina orduan planetaren batez besteko tenperaturak ez zuen 1,5eko langa gainditu industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta; 1,26 altuagoa izan zen.

«Irakinaldiaren aroa»

«Muturreko klima nozitu dute milioika pertsonak uztailean. Horrek erakusten du klima aldaketaren errealitate gogorra, eta, gainera, etorkizuna aurreratzen du», ohartarazi du agentziaren idazkari nagusiak. NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres ere mintzatu da azken datuak kaleratuak izan ondoren, eta adierazi du berotze globalaren garaia bukatu dela, eta «irakinaldi globalaren aroan» sartu dela planeta. «Klima aldaketa hemen dago; beldurgarria da, eta hau hasiera besterik ez da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.