Errugabe deklaratu du bere burua Donald Trump AEBetako presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko hautagaiak. Washingtongo auzitegi federal baten aurrean agertu zen atzo, eta ukatu egin zituen Fiskaltzak egin zizkion akusazioak. Ministerio publikoak egozten dio 2020ko bozen emaitza iraultzeko plan bat gidatzea eta AEBetako «demokraziaren oinarriak ahultzea».
Epailearen aurreko bista AEBetako Kapitoliotik kilometro eskasera egin zuten. Hurbil zegoen epaituko diren gertaeren epizentroa. Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartuta saiatu baitziren eragozten Joe Biden presidenteak hauteskundeak irabaztea, 2021eko urtarrilaren 6an. Aurreko egunetan, eta Kapitolioa hartzeko saiakera baino minutu batzuk lehenago, presidente ohiak ziurtatu zuen hauteskundeen emaitza iruzur bat izan zela.
Jack Smith auzirako fiskal bereziak ondutako txostenaren arabera, Trumpek eta haren aliatuek adierazpen faltsuak egin zituzten, herritarrek sinets zezaten bozen emaitzak manipulatuta zeudela. Gainera, estatuko zenbait funtzionariori presio egin zieten beren alde egin zezaten, eta boto emaile zerrenda faltsuak aurkeztu zituzten, Bidenen garaipena zapuzteko.
Akusazio horiengatik, fiskalak leporatzen dizkion delituen artean dira AEBei iruzur egiteko konspiratzea, herritarrei boto eskubidea ukatzea eta prozedura ofizial bat oztopatzea. Zigorrik handienak hogei urteko kartzelaldia ekar diezaioke presidente ohiari.
«Amerikarentzat egun oso goibela da gaurkoa», esan zuen Trumpek auzitegitik irten ostean eta bere hegazkin pribatuan New Jerseyn duen golf klubera bidaiatu aurretik. «Aurkari politiko baten aurkako jazarpena da hau».
Beste auzi batzuetan egin dizkioten akusazioak ere baztertu ditu Etxe Zuriko maizter izandakoak, aurreko hilabeteetan. Ukatu egin du boterea utzi ondotik dokumentu sekretuak gorde dituenik eta porno aktore bati egindako ditu ordainketekin lotutako dokumentuak faltsutu dituenik.
Irekita dituen auzibideek ez dute eragotzi, ordea, Trumpek errepublikanoen hautagai nagusia izaten jarraitzea 2024ko presidentetzarako hauteskundeetan Bideni kargua lehiatzeko. Alderdi Errepublikanoko boto emaileen %47 prest agertu dira hura babesteko, Reuters eta Ipsos etxeek egindako inkestaren arabera. Presidente ohia da errepublikanoen primarioak irabazteko faboritoa, Ron DeSantis Floridako gobernadorearen aurretik. Aldiz, inkestak ondorioztatu du boto emaile errepublikanoen erdiek ez luketela haren alde bozkatuko auzitegiek errudun joko balute.
Gauzak horrela, Alderdi Errepublikanoko ordezkari ezagun gehienek erabaki dute Trumpen aldeko ala kontrako jarrera argirik ez erakustea eta Bidenen gobernua kritikatzea, salatuz Justizia Departamentua Trumpen aurka erabiltzen ari dela.
Presidente ohiak beste zitazio bat du abuztuaren 28rako, nahiz eta ez den beharrezkoa izango Trump bera auzitegira joatea. Egun horretan espero da epaiketarako data zehaztea.