Azpiegiturak

Iruñeko Udalak eten egin ditu Zangoza kaleko aparkalekuko lanak, behin-behinean

Auzotarren babesa eta babes politikoa lortzen saiatuko dira Gurutzeko plaza berriro urbanizatzeko eta bertako «aparkaleku arazoa» konpontzeko.

Zangoza kaleko obrak salatzeko elkarretaratzea, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sara Iriarte Lasa - Iker Tubia - Olaia L. Garaialde
2023ko abuztuaren 17a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aparkalekuaren lanak behin-behinean eten ditu Iruñeko Udalak. Zangoza karrikan egitekoa zuten; dena prest zuten zuhaitzak mozten hasteko, baina ezustean atzera egin du Cristina Ibarrola alkateak. Proiektua defendatu duen arren, orain auzotarren babesa eta babes politikoa lortu nahi ditu Gurutzeko plaza berriro urbanizatzeko eta eremu horretako «aparkatzeko arazoa» konpontzeko: «Orain ez dugu bermerik herritar gehienak asebeteko dituen proiektu bat osatzeko. Gure ustez, hartutako erabaki hau da aukerarik onena babes handiagoa duen irtenbide bat aurkitzeko; hiria hobetu behar baitugu».

Gurutzeko plaza berriro urbanizatzeko babes politiko aski ez dutela aitortu du Ibarrolak, eta, hain zuzen ere, hori da proiektuaren «ezinbesteko elementua» UPNrentzat, hori baita haien ustez bizilagunei «hobekuntza» ekarriko diena. Plaza horretan gauez «segurtasun falta» eta goizez «jarduera gutxi» dagoela esan du alkateak, eta horregatik nahi dutela esku hartu. Hiri «seguruagoa», «berdeagoa», «atseginagoa», «jasangarriagoa», «trafiko gutxiago duena» eta «gainazalean auto gutxiago dituena» nahi duela ere azaldu du. Izan ere, plazako zuhaitzak moztearen kontrako aldarria nagusitu da protestetan.

Oposizioko alderdiei «urrats bat aurrera» egin eta «eraikitzaileak» izateko eskatu die Ibarrolak. PSN eta EH Bilduren kontra ere mintzatu da. Lehenbizikoari jarrera aldaketa leporatu dio: «PSNk aparkaleku honen eraikuntza bildu zuen bere hauteskunde programan». EH Bilduri «indarkeriazko giroa» bultzatzea leporatu dio. Protesta baketsuak izan diren arren, Ibarrolak salatu du «erasoak» izan direla: hitzezkoak –Twitterreko mezuak aipatu ditu–, eta azpiegituren eta hiri altzarien kontrakoak. Eraso horien frogarik ez du aurkeztu, aitzitik.

Zentsura mozioa

Aste honetan, EH Bilduk zentsura mozioa eskatu zion berriz ere PSNri, eta horren inguruan galdetu diote kazetariek Ibarrolari. «Ez gaitu batere kezkatzen; egin behar badute, egin dezala», esan du. Hala ere, gogorarazi du boto gehien eskuratu zituen alderdia dela UPN, eta horregatik daudela udal gobernuan. «Ez digu EH Bilduk ez beste inork oparitu».

Bizilagunak, eskertuta

«Pozaren pozez» hartu dute berria aparkalekuaren kontrako plataformako kideek. Horrez gain, nabarmendu dute «eskertzekoa» dela bizilagunek, eragileek eta merkatariek erakutsi dieten elkartasuna. «Aurrerapauso bat izan da, baina kalean jarraitu behar dugu obren aurreko egoerara itzuli arte. Farolak eta bankuak beren lekura itzultzea nahi dugu», esan du Marisa Leiun plataformako kideak. Horregatik, 20:00etan Gurutzeko plazara joateko deia egin du.

Alkateak esan du goizez «jarduera gutxi» izaten dela, baina Leiunek alkatearen hitzak gezurtatu ditu: «Plaza honetan, egun osoan izaten da bizia». Kontatu du zahar «asko» egoten direla, eta Solera eguneko zentroko erabiltzaileek ariketak egiten dituztela han, fisioterapeutekin. Gainera, azaldu du haur «asko» ere ibiltzen direla, Iruñean itzaletan egoteko jolastoki «gutxi» dagoenez gero.

Oposizioa, kontent

Alkatearen erabakia txalotu dute oposizioko alderdiek. EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa kontent agertu dira aparkalekua egiteko lanak behin-behinean eten direlako. Gurutzeko plaza hesiz eta zangaz inguratuta dagoenez, EH Bilduk UPNri eskatu dio «berehala» itzultzeko obrak hasi aurreko baldintzetara. Uste du «modurik onena» dela herritarren eta politikarien arteko adostasuna lortzeko. Horrez gain, Hirigintza Batzordea biltzera dei egin du.

Kontent egon arren, «zuhurtziaz» hartu du PSNk, eta jarrera aldaketa lehenago egin ez izana «deitoratu» du Geroa Baik. UPNren jarduna «gertutik» zainduko dutela esan dute bi alderdiek, eta «elkarrizketa» eta «kontsentsua» aldarrikatu dituzte. PSNk «adostasunen beharra» aipatu du «geldirik» dauden proiektu «garrantzitsuetarako». Geroa Baik aparkalekuaren kontrako plataformaren alde egin du, eta aparkalekuaren lanen kontratua bertan behera uzteko eskatu dio UPNri.

Txema Mauleon Zurekin Nafarroako zinegotziak ere plataformaren lana txalotu eta eskertu du, eta alkatearen jarrera aldaketa protestekin lotu du: «Bizi kalitate oneko auzo berdeagoak eta jasangarriagoak nahi dituen Bigarren Zabalguneko eta hiriko gehiengo sozial demokratikoaren garaipena izan da». Bestalde, UPNri «egoskorkeria autoritarioa» egotzi dio, «gutxi batzuen interes ekonomiko egoista» bilatu duelakoan.

Aparkalekuaren kontrako plataformak gaur egitekoa zuen elkarretaratzearen deialdiari eutsi dio: «Orain inoiz baino gehiago. Gurutzeko plazan ikusiko dugu elkar. Eskerrik asko!», esan dute Twitterren. 20:00etan eginen dute.

Ikusi gehiago: Obrak oposizioaren gainetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.