Obrak oposizioaren gainetik

Iruñeko Zangoza kalean UPNk aparkalekurik egin ez dezan, helegitea aurkeztu du oposizioak. Bizilagunek uste dute astelehenean hasiko direla zuhaitzak mozten.

Iruñeko Zangoza karrika, hesiz beteta; 46 zuhaitz kenduko dituzte aparkalekua egiteko. JOXERRA SENAR.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dagoeneko hesiz inguratuta dago Iruñeko zabalguneko Zangoza kalea, eta UPN prest dago lur azpiko aparkalekua egitea aldera zuhaitzak mozteko. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak helegite bat aurkeztu zuten atzo udalean, obrak geldiarazteko. Hala ere, itxura du UPNk obretan aurrera egingo duela, oposizioari eta herritarrei entzun gabe.

 Ez da oposizioak aurkezten duen lehen helegitea: uztailaren 4an ere, obrak geldiarazteko eskatu zion UPNri, aparkalekuari buruzko espedienteak ez duelako bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostenik. «Prozedura hori ebatzi arte obrak eteteko eskatu genuen, konponezinak edo konpongaitzak diren kalteak eragin ditzakeelako», adierazi dute oposizioko kideek ohar batean.

UPNk atzerapausorik eman ez duenez, obrak eteteko eskatu dute berriz. Salatu dute UPNk «lasterbide bat» bilatu duela legeak ezartzen dituen mekanismoak eta bermeak saihesteko: «Helegiteak ez onartzeak ez dauka oinarri juridikorik; horregatik, ez dute nahi auzia Nafarroako Kontseilura iristea».

Atzo ezagutarazi zen Pablo Muñoz Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari nagusiak zer erantzun dion herritar batek jarritako salaketari. Iragan legealdian onartutako Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legeak jasotzen duenez, klimaren egoerara egokitzeko «azpiegitura berdeak» bultzatu behar dituzte udalek, eta zoruarekin zein landarediarekin zerikusia duten neurriak garatu. Aldaketetara moldatzeko zortzi urteko epea ematen du legeak, baina, Muñozen ustez, «kaleetan eta plazetan egun diren zuhaitzak zaindu beharrekoak dira klima aldaketari aurre egiteko».

Iazko abenduan, Iruñeko Udalak aparkalekua egiteko asmoa zuela jakin zutenean, Zabalguneko bizilagunek aparkalekuaren kontrako plataforma bat sortu zuten. Horretaz gainera, helegiteak aurkeztu zituzten, baina ez zuten udalaren erantzunik jaso. Hasieran, aurreko alkate Enrique Maiaren esku zegoen auzia, baina ekainetik Cristina Ibarrolak hartu zuen lekukoa. Helegiteei erantzun gabe, aurrera jarraitu zuen.

Iñaki Agirre aparkalekuaren kontrako plataformako kidea kontent da oposizioak babesten dituelako, baina uste du «berandu» heldu diotela auziari: «Hauteskundeen ondorioz, ez diote kasu handirik egin aparkalekuari; gainera, azken momentuan deus gutxi egin dezakete».

Aparkalekua egiteko 46 zuhaitz kenduko dituzte, haietatik 33 moztu, eta beste 13 berriz landatuko dituzte. Plataformako kideek ez dakite argi noiz hasiko diren mozten, baina uste dute astelehenean izanen dela: «Beldurtuta gaude. Uste dugu ezingo ditugula gelditu». Gaineratu du Ibarrolak lehenbailehen egin nahi dituela obrak, oihartzun mediatikoa geldiarazteko: «Asko ateratzen ari gara hedabideetan, eta hori ez zaio komeni; uste dut prozesua aurreratzen saiatuko dela».

Obrek ingurumenean «kalte handia» eginen dutela salatu du. Ignacio Bidegainek ingurumen arloko kalteak aztertzeko txosten bat egin du. Haren arabera, Zabalgunea da Iruñeko auzorik kutsatuenetako bat, eta, aparkalekua dela kausa, autoen emisioek «gora» eginen dute. Zuhaitzek ematen duten itzala galduz gero tenegingo peratura «berotu» dela ondorioztatu du.

«Zuhaitzak izanen dira lehen kaltetuak; eta horien atzetik gainerako guztiak joanen gara», esan du Agirrek. Bizilagunei ere eragingo diela salatu du: «Auzoan zahar asko ibiltzen dira, eta lasai egoteko duten lekua kenduko diete».

Dendarien beldurra

Auzoko dendarientzat ere kaltegarria izanen dela salatu dute, 22 hilabete iraunen baitute lanek. «Hautsa, zarata, zikinkeria; denetarik egongo da, eta jendea ez da kaletik pasatuko», esan du Agirrek. Haren ustez, auzoko merkatari «gehienak» ez dira «onik» aterako: «Hirian egin dituzten beste lanek argi utzi digute auzo bat obretan dagoenean denda txikiak pikutara joaten direla».

Aparkalekua egiteko lanetan hasi zirenean, uztailean, Iruñeko Udalak esan zuen 447 pertsonak aparkalekua erosteko interesa zutela. Agirrek datua faltsua dela esan du, 2008. urtean egin nahi zuten aparkaleku bateko zerrenda baita: «Ez dituzte kontuan hartu bizilagunen interesak».

Gaineratu du askorentzat «ezinezkoa» izanen dela toki bat erostea inguruan dauden aparkalekuetatik «garestienetarikoa» izango delako. Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du, eta toki bakoitza 30.000 euroan salduko dute. Agirreren arabera, horrek argi uzten du «kanpora begira» ari direla lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.