Zangoza kaleko aparkalekuko lanak behin-behinean eten zituen Iruñeko Udalak atzo. Aparkalekuaren kontrako plataformak iragarri du kalean jarraituko dutela lanak behin betiko amaitu arte. Horrez gain, plaza bere horretara itzultzeko eskatu dute Ignacio Bidegainek, Marisa Leyunek, Asun Idoatek eta Merche Zufiak. Hesiz eta zuloz beteta dago, eta farolak eta bankua kendu dituzte.
Plataformako kideek eskertu egin dute Iruñeko Udalak hartutako erabakia: «Hausnarketa fasean egoteaz gain, kontuan hartzen hasi dira auzoaren beharrak eta eskakizunak». Horrekin batera, Iruñeko Udalarekin adiskidetzeko agerraldi bat egiteko eskatu diote Nafarroako Arartekoari.
Cristina Ibarrola alkateak atzo esan zuen behin-behinean etengo dituela lanak, ez dutelako herritarren eta oposizioaren gehiengoaren babesik. Plataformako kideek esan dute ez dutela ulertzen zergatik kostatu zaion «hainbeste» ondorio horretara iristea, eta gainerako udal ordezkariei eskatu diete gaian «gehiago» sakontzeko: «Alkateak hasieratik zekien ez zuela babesik; hortaz, lanekin hasi izanak ez dauka zentzurik».
Lanek 22 hilabete iraun behar zutenez, Gurutzeko Plaza BHI institutuko laurehun ikasle inguruk Arrosadia auzoan dagoen eraikin batera joan beharko dute 2023-2024ko ikasturtean. Lekualdatzerik ez egiteko eskatu dute bizilagunek: «Ikasle guztiak Gurutzeko plazako institutura itzultzea nahi dugu».
Ikasleei eragiteaz gain, inguruko merkatariei ere kalte egin die, eta horietako askok itxi egin behar izan dute, edo beste leku batzuetara mugitu. Horren ondorioz gastu «handiak» dituztela salatu du plataformak. Horregatik, merkatariei eragindako kalteak ordaintzea eskatu dute. Guztira, berrehun merkatari baino gehiagoren babesa jaso du plataformak.