Gerra Ukrainan

Errusiaren eraso batek gutxienez zazpi pertsona hil ditu Txernihiven

Ehundik gora lagun zauritu dituzte Moskuk Ukraina iparraldeko hiriari jaurtitako misilek; hildakoen artean haur bat dago. Zelenski Suedian izan da, bi aldeen arteko lankidetza indartzeko.

Txernihiveko antzoki nagusia, Errusiaren misilek kaltetuta, gaur Ukraina iparraldean. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 19a
19:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusiako armadak usu egin die eraso Ukrainako hiri nagusiei, gerra frontetik —Donbass eskualdea, bereziki— urrun badaude ere. Gaur, zehazki, azken asteotako bonbardaketarik gogorrena egin dute Errusiako tropek, Txenihiven, Ukraina iparraldean, Bielorrusiako mugatik gertu. Moskuren erasoen ondorioz, gutxienez zazpi pertsona hil —tartean 6 urteko haur bat— eta ehundik gora lagun zauritu ditu, Barne ministro Ihor Klimenkoren arabera. Volodimir Zelenski presidenteak gogor gaitzetsi du erasoa, Suedian zela: «Nazioarteari eskatzen diot aurre egin diezaiola Errusiari», idatzi zuen X sare sozialean. Nazio Batuen Bulegoko Ukrainarako ordezkari Denise Brownek ere «krudeltzat» jo du oldarraldi hura.

Moskuk egindako erasoa eguerdian gertatu da, Txernihivko eliza ortodoxoaren aurreko plaza nagusia jendez mukuru zegoela. Ukrinform berri agentziaren arabera, misilek plaza bera, unibertsitate bat eta antzoki bat jo dituzte. Barne ministroak zehaztu du zaurituetako guztietatik hamabi adingabekoak izan direla, eta beste hamar, poliziak. Bulebar hostotsuak eta ehun urte baino gehiagoko elizak ditu Txernihiv hiriak —hiriburutik 145 kilometro iparraldera dago—. Klimenkok jakinarazi du antzokiko teilatua suntsituta geratu dela bonbardaketaren ondotik.

Larunbat goizaldean, gainera, Kieveko aire defentsak esan du Errusiak jaurtitako hamabost drone iraniar erorarazi dituela. Errusiako Defentsa ministerioak, berriz, gaur goizean salatu du Ukrainatik botatako drone batek sute handi bat eragin duela Novgorodeko aerodromo batean, Errusia ipar-ekialdean; gutxienez bi hegazkin kaltetuak izan dira. Kievek behin baino gehiagotan eraso die droneekin aerodromoei, bai Errusian, bai Kremlinek 2014an anexionatutako Krimea penintsulan.

Errusiaren oldarraldiak izan diren unean, Zelenski herrialdetik kanpo zegoen; Suedian, zehazki, Ukrainaren inbasioa hasi zenetik lehendabizikoz bisitatu du Eskandinaviako estatua, hango lehen ministro Ulf Kristerssonekin batzartzeko. Bi estatuburuek egindako agerraldian iragarri dute Kieven eta Stockholmen arteko lankidetza indartzea adostu dutela; besteak beste, Suediako CV-90 infanteriako ibilgailuen ekoizpenean eta trebakuntza militarrean.

Horrekin lotuta, Mendebaldeak 147.000 milioi euroko laguntza eman dio jada Kievi, Errusiak iazko otsailean erasoaldia hasi zuenetik. Kopuru horretatik ia 104.000 milioi AEBek bidali dizkiote —69.000 milioi, arlo militarrean—. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek plazaratu ditu datuok, The Heritage Foundation GKE gobernuz kanpoko erakundearen estimazioak aintzat hartuta. GKE horrek Washingtonen du egoitza.

Suediara egindako bidaia baliatuz, Zelenskik baieztatu du Ukraina prest dagoela EB Europako Batasuneko kide izateko elkarrizketak hasteko, eta gaineratu du Kievek Stockholmen «babesa» duela talde komunitariorako bidean. Iaz, Bruselak EBn sartzeko hautagai estatutua eman zion Ukrainari, baina herrialdeak baldintza batzuk bete behar ditu kide gisa onartu izateko. Suedia, berriz, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundera atxikitzeko Turkiaren baiezkoaren zain dago oraindik.

Kontraerasoa, aurrera

Gerra frontean, Ukrainako armadaren kontraerasoa aurrera doa, eta azken asteetan Donetsk eta Zaporizhiako eremu batzuk berreskuratu ditu. CBS telebista kateak aipatutako AEBetako Gobernuko iturrien arabera, Ukrainako tropek Errusiaren defentsa lerro bat hautsi dute Tokmakerako bidean, Melitopoletik (Zaporizhia) 60 kilometro baino gutxiagora. Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuez ustez, halaber, Kievek Azoveko itsasorantz egindako azken aurrerapenak «arrakastatsuak» izan dira. Aitzitik, AEBetako inteligentzia zerbitzua, The New York Times-ek aipatuta, «ezkorra» da Ukrainak Melitopol negua heldu baino lehenago hartuko ote duen.

Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidentea Rostov Donen izan da gaur —Ukrainako mugatik gertu—, Estatu Nagusi Valeri Gerasimovekin eta armadako zenbait goi agintarirekin biltzeko. Hain zuzen, Putinek Rostov Don bisitatzen duen lehen aldia izan da, Errusiako Wagner paramilitar taldeak Kremlinen aurkako altxamendu saiakera egin zuenetik, ekainaren 23tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.