Arrauna

Arraun Lagunak bigarrenez nagusitu da Euskotren Ligan

Zarauzko Ikurrina ere eurentzat izan da, gaurko estropadan indartsuena Donostiarra izan den arren. Orio izan da bigarren ligan.

Arraun Lagunakeko arraunlariak garaipen bat ospatzen, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 20a
12:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Arraun Lagunakek gaurko estropada amaitzea nahikoa zuen Euskotren Liga bigarrenez irabazteko, baina donostiarrak ez dira horrekin konformatu: atzo egindako lan ona baliatuta, Zarauzko (Gipuzkoa) Ikurrina astinduz amaitu dute liga. Bigarren izan dira gaur, baina Donostiarrak ez du lortu zazpi segundoren errenta gainditzea. Azken olatuetan erabaki da irabazlea.

Aurtengoan Lugañene izan da trainerurik erregularrena. Banderak Arraun Lagunaken (5), Orioren (4) eta Donostiarraren (3) artean banatu dituzte, eta Tolosaldea ere garaipenetik gertu izan da hainbatetan. Denboraldi lehiatua eta ikusgarria izan da.

Horren adibide, gaurko estropada. Ziabogara parean heldu dira Arraun, Orio eta Donostiarra, baina itzulerako luzean azken horiek hartu dute aurrea. Atzo baino itsaso handiagoa zegoen gaur Zarautzen, eta erabakigarriak izan dira olatuak. Amaierara arte amestu du Donostiarrak banderarekin, baina azken olatuan atzo lortutako errentari eustea lortu du Arraunek. Lau segundora helmugaratu dira. Sari bikoitza lortu dute horrela: liga eta bandera.

Gainontzean, Tolosaldeak itzulerako luze ederra egin du, eta Orioren aurretik amaitu. Lehen txandan Hondarribia izan da indartsuena, denboraldi osoko joera berretsita.

Azken sailkapena

Horrela geratu da sailkapen nagusia: Arraun Lagunak izan da txapeldun 95 punturekin; Orio bigarren, 86rekin; Donostiarra hirugarren, 79rekin; Tolosaldea laugarren, 71rekin; Hondarribia bosgarren, 54rekin; Hibaika seigarren, 39rekin; eta bi galiziarrak azken postuetan, Cabo 27rekin eta Tiran 19rekin.

Hurrengo erronka Kontxako Bandera izango dute; ikusitakoak ikusita, han ere lehia bizia izango dela dirudi.

Ikusi gehiago:Urdaibaik erakustaldia emanda irabazi du Zarauzko Ikurrina

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.