Espainiako Gorteen osaketa

Estebanek ez du baztertu beste hauteskunde deialdi bat egin behar izatea

EAJren Kongresuko bozeramailea Espainiako estatuburu Felipe VI.arekin batzartuko da gaur arratsaldean. Haren aurretik, UPNko presidente Javier Esparza hartu dute Zarzuelan. Esparzak iragarri du ez dela berriro Nafarroako presidente izateko hautagai izango.

Aitor Esteban Espainiako Kongresuan, aurreko astean. CHEMA MOYA / EFE
xabier martin
2023ko abuztuaren 21a
11:45
Entzun 00:00:0000:00:00

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek uste du Felipe VI.ak «azkarregi» deitu duela bilera sorta bat egitera Espainiako gobernuaren osaketaren bidean, «segurtasunik ez dagoelako gehiengo absolutuen inguruan». Esteban bera gaur arratsaldean batzartuko da estatuburuarekin, gehiengo horiei buruz hitz egiteko, baina goizez emandako elkarrizketa batean, SER katean, EAJko kideak garbi utzi du jeltzaleen botoa ez dela inondik inora ziurtzat jo behar Sanchezen aldekotzat. Lerro artean aditzera eman du, halaber, oraindik ikusteko dagoela PSOE JxCekin izaten ari den negoziazio konplexuaren emaitza.

Estebanen aurretik, UPNko presidente Javier Esparaza hartu du Felipe VI.ak Madrilgo Zarzuelan. Diputatu bakarra dauka Nafarroako alderdiak, eta jakina da ez duela parte hartuko aldeko botoarekin Sanchezen balizko inbestidura batean. Esparzak berretsi du Zarzuelan UPNren diputatuak Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaia presidente izatearen alde bozkatuko lukeela, eta argi utzi du aukera horrek ez badu biderik aurkitzen hauteskundeetara berriro deitzea nahiko lukeela. «Sanchezek goberna dezan independentisten eta ihes egindako baten babesa behar badira, UPNk nahiago du bozetara berriro deitzea».

Baina Espainiako Gobernuaren osaketa alde batera utzita, UPN albiste da azken orduetan Esparzak berak iragarri baitu ez dela berriro Nafarroako presidentetzarako hautagai izango. 2015ean, 2019an eta 2023an boto gehien lortu duen hautagaia izan da Esparza, baina ez du babes nahikorik lortu presidente bilakatzeko, saio horietan guztietan bidea itxi diotelako indar aurrerakoiek eta, bereziki, EH Bilduk; aurreko astean bertan izan da azken aldia: koalizio abertzalearen abstentzioa tarteko, Maria Txibite (PSN) izendatu dute Nafarroako presidente. «Bizitzan zikloak daude, eta nik izan ditut nireak: aurrerantzean ez naiz izango Nafarroako Gobernurako hautagai», iragarri zuen Esparzak, igandean.

Negoziazioak ez dira hasi EAJrekin

Gaur, berriz, Espainiako erregearekin batzartuko da UPNko agintari goren gisa, eta, haren ondoren, EAJko kide Esteban hartuko du Felipe VI.a estatuburuak. Jeltzaleak esan du ez litzatekeela harrigarria izango gaur eta bihar Zarzuelan egingo duten bilera sorta berriro egin behar izatea. Izan ere, Estebanek ez du baztertu beste hauteskunde deialdi bat egin behar izatea Espainiako Gorteetarako, «nahiz eta aukera hori saihestea komeni den».

Finean, PSOEk eta Sumarrek Kataluniako eta Euskal Herriko indar abertzaleen botoak jasotzeko izango dituzten zailtasunei buruz aritu da EAJko bozeramailea lerro artean. Besteak beste, lurraldetasunaren aldagaian aurrerapausoak emateko legegintzaldi gisa ikusten dute zenbait alderdik; besteak beste, EH Bilduk eta EAJk berak. Juntsekin eta ERCrekin abiatu den negoziazioetan, berriz, amnistiak hartu du berezko lekua, baina autodeterminazio erreferenduma ere aldiro dakarte hizpidera alderdi horiek, batez ere JxCek.

Edozein kasutan ere, Estebanek esan du benetako negoziazioa ez dela hasi oraindik. Jeltzaleak oso garbi utzi du berriro EAJk ez duela babestuko PPren hautagai Alberto Nuñez Feijoo. Asteburuan, PPk eskatu dio EAJri babes horren inguruan «berriro hausnartzeko». Espainiako eskuindarrak estu hartzen ari dira jeltzaleak, baina Sabin Etxean oso argi dute nola jokatu auzi horretan, Estebanen hitzak aintzat hartuz gero: «Vox beharrezkoa den edozein ariketan ez da EAJ egongo».

Hautagai bat izendatzeak ez du ezer bermatzen

Estebanek «denbora tarte bat» eskatu du negoziazioek aurrera egin dezaten: «Ezin dugu inbestidura flash bat martxan jarri gehiengo argi bat balego bezala». Aitortu du «hilabete batzuk» ere joan daitezkeela emaitza zehatzak lortu aurretik, eta aukerarik hoberena ez dela «presa sartu» nahi izatea. Azken mezu hori PSOErentzat dela esan daiteke. EAJk sarri helarazi du beren botoak «Euskadiko herritarren alde» izango direla, ulertzera emanez ez duela inolako konpromisorik Sanchezen PSOErekin.

Bide batez, estatuburuari ere igorri dio mezu bat harekin elkartu aurretik:«Bihar bertan hautagai bat izendatzen badu, horrek ez du esan nahiko inbestidura arrakastatsu bat egongo dela berehala; seguruenik, ez da egongo». EAJko Kongresuko bozeramaileak uste du alderdiak estu hartzeko balioko lukeela Felipe VI.ak presidente izateko hautagai bat izendatzeak: «Ez diot zentzu handirik ikusten». Izan ere, Kongresuko Mahairako negoziazioetan ez zuten inbestidurari buruz hitz egin, Estebanen arabera, eta negoziazio osoa egiteko dago PSOE-Sumarren eta haien alde egin dezaketen indar abertzaleen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.