Jendarmeriak eta Guardia Zibilak Larraineko mendateko muga hetsi dute goizean

Larraineko (Zuberoa) lepoko Uturzaetako pasabideak Hego eta Ipar Euskal Herria batzen ditu.

Orhi azpian egon dira jendarmeak eta guardia zibilak, muga hesten. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2023ko abuztuaren 21a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Euskal Herrian mugarik ez!», idatzi du EH Baik, goizean, Twitterren. Mezuarekin bat, Egoitz Urrutikoetxeak goizago partekatu zuen argazki bat ezarri dute; bertan, bi jendarme eta bi guardia zibil agertzen dira. Urrutikoetxea Orhitik (Zuberoa) jausten ari zen oinez, Uturzaetako pasabiderantz, eszena ikusi zuelarik; azaldu duenaz, auto batzuek gibel egin behar izan dute, polizien heinera iristean.

2021eko urtarrilaz geroztik, Larraineko mendateko muga hetsia da. Hala ere, Larraineko (Zuberoa) auzapez Jean-Dominique Iriartek oroitarazi du edonor iragan daitekeela alde batetik bestera; haren ustez, ez da ulergarria Polizia eta Guardia Zibila hor egon izana, joan-etorriak zaintzen. Azpimarratu du: «Bitxiena da muga ez dela batere materializatua, ezta tindu herexa batez ere; hortaz, ez lukete hor izaterik, ez baitakite ere non den muga hori». Egoerarekin haserre agertu da herriko auzapeza. Azaldu du beste leku batzuetan ireki dituztela berriz, eta Larrainen, Aldudekoan (Nafarroa Beherea) bezala, adibidez, ez dietela hori onartzen. Kexu, gehitu du: «Orain ari dira Vuelta antolatzen, eta Hendaian [Lapurdi] egin duten bezala, segur aski, irekiko dute muga segidan berriz hesteko. Hori ez da onargarria, eta irekitzekotan, betiko izan behar luke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.