Immigrazioa «nabarmen murriztu» nahi du Macronek

Uste du Europako Batasuneko kanpoko mugetan kontrolak indartu behar direla. Bestalde, hezkuntzaz ere mintzatu da, eta, haren ustez, zailtasunak dituzten ikasleek goizago egin behar dute eskola sartzea.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. JULIEN DE ROSA / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abuztuaren 24a
12:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Le Point aldizkarian elkarrizketa luzea eman du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Besteak beste, immigrazioaz eta hezkuntzaz aritu da luze eta zabal. Migrazioari buruz galdetuta, uste du «nabarmen murriztu» behar dela immigrazioa, «legez kanpokoa batik bat». Horretarako, Europako Batasuneko kanpoko mugak «hobeki babestu» behar direla erran du. Europako Batasuneko barne mugei dagokienez, ordea, ez du ezer erran. Erran ez, baina egin bai: Jendarmeriak eta Guardia Zibilak Larraineko (Zuberoa) mendateko muga hetsi zuten astelehen goizean; eta, bestalde, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia arteko oinezkoen zubia hesiz hetsi zuten uztaila hastapenean.

Hitzeman du irailetik aitzina gai horri helduko diola Gerald Darmanin Frantziako barne ministroak. Izan ere, Darmanin Asilo eta Immigrazio Lege berria ontzeko sukalde lanean ari da, eta irailean ekinen dio Frantziako Asanblearen eta Senatuaren arteko eztabaidak kudeatzeari. Iazko udazkenean aurkeztu zuen lege proiektua Darmaninek. Zehazki, «immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege gisa aurkeztu zuen neurri sorta. Eta legearen logika argiki azaldu zuen: «Zintzoekin zintzoak izanen gara; gaiztoekin, berriz, gaiztoak». Izan ere, «etorkin delitugileak Frantziatik kanpo ezarri» nahi ditu Barne ministroak, eta «lan egitera datozenak lagundu». Bada, Macronek «konfiantza osoa» adierazi dio Darmanini; eta lerro artean adierazi du legeak Frantziako parlamentuaren oniritzik jasotzen ez badu prest dela 49.3 artikulua aplikatzeko. Artikulu horren bidez, lege bat indarrean sar dezake parlamentuaren babesik gabe.

Eskola sartzea, goizago?

Hezkuntzaz ere mintzatu da Macron, eta adierazi du «erreforma handiak beharrezkoak» direla . Eskola uzten duten ikasleengan jarri du arreta, eta zailtasunak dituzten ikasleentzako iraileko eskola sartzea aitzinatzea proposatu du. Hala, eskolan zailtasunak dituzten ikasleek sartzea agorrilaren 20aren inguru egin behar dutela uste du, «beranta harrapatzeko». Ikasgaien programak ere aldatu behar direla uste du, herritar heziketa indartuz, eta, horretarako, proposatu du irakasleek «Frantziaren balioei buruzko» testu bat irakurtzea hastean behin, eta, gero, ikasleekin eztabaidatzea.

Haserrea eragin du berehala Macronen proposamenak. FSU-Snuipp sindikatuak galdetu du «Grenelle karrikatik erabakiak hartzen gelditzeko» —Hezkuntza ministerioak Parisko karrika horretan du egoitza—. SNES-FSU sindikatuko Sophie Venetitay honela mintzatu da France Info telebistan: «Macronek dio parekotasunik ezaren kontra eginen duela sartzea hamar egunez aitzinatuz, baina urte osoan ikasle horientzat ez du ezer egiten, ez du baliabiderik jartzen. Are, 8.000 irakasle postu kendu ditu boterean dagoenetik». Bestalde, gogora ekarri du ikastetxe publiko gehienak udako tenperaturei aurre egiteko ez direla egokituak.

Halere, oraingoz, aipatu dituen neurriak proposamenak baino ez dira, eta hark bere agintaldiaren bigarren partean hartu nahi duen ibilbidea markatzeko balio dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.