Hilberria

Graxi Etxebehere 'bakegile' eta militante abertzalea hil da

72 urte zituela hil da, minbiziak jota. Bakearekin engaiatu zen, eta Luhusoko desarmatze prozesuan lagundu zuen. Omenaldi zibila Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) elizan eginen diote, ortziralean, 18:00etan. → Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak

Graxi Etxebehere, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), 2015. urtean atzeman zutenean. BOB EDME
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko abuztuaren 30a
08:53
Entzun

Graxi Etxebehere bakegile eta militante abertzalea bart gauean zendu da, 72 urte zituela, minbiziak jota. Ortzaizeko Ibarnia etxean jaio zen (Nafarroa Beherea), eta bake prozesuan engaiatua zen: «Desarmatu nahia lagundu dut», adierazi zion BERRIAri, 2015eko uztailaren 10ean, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu eta egun batzuetara. 2011 eta 2013 artean, Osloko elkarrizketetan Espainiako Gobernua agertu ez, eta ETAk bere kabuz desarmatze prozesua hasi zuen nazioarteko eragileekin harremanean. Etxebeherek, Lekunberrik eta Mateok bezalaxe, prozesu horren laguntzan parte hartu zuen, historiari «harri ttipia» ekarri ziola erranik, bere etxeko ateak ireki baitzizkien Reta eta Goienetxea ustezko bi etakideei: «Pentsatzen badute ETA laguntzea ETAkoa izatea dela, kaka dela haientzat, pentsa dezatela nahi dutena», aitortu zuen Irulegiko Irratiko Ahapetik saioan, joan den urtean.

Ikusi gehiago:Enekoitz Esnaola: 'Tekla jotzea'

Estatuaren partetik ere «mendeku nahia» nabaritu zuen 2015eko uztaileko atxiloketetan: «Segur nintzen ez nindutela preso eraman etxean nituen bi mutikoengatik, baizik eta ni naizenagatik». «Desarmatzea laguntzetik pasatu behar da prozesura», aitortu zion BERRIAri 2015ean, eta 2016ko abenduko Luhusoko desarmatze prozesuko herritar engaiatua zen Etxebehere.

Etxebehere, 2015eko uztailaren 12an, aske geratu ostean. Isabelle Miquelestorena

Etxean zituen iheslariekin harreman «aberatsa» nabarmendu zuen, bestalde: «Etxean norbait gordea delarik, ez da gezurrik: zu zaren bezalakoa agertzen zara», aitortu zuen irratian. Altruista izanik, argi eta garbi onartu zuen ezen bakearen alde lan eginik ere presondegian pasatu zituen urteek «esperientzia handia» eman ziotela.

Ikusi gehiago:Ahomentan, Graxi Etxebehere eta Beatrice Molle: ATEAK IREKIAK IKUSTEN DITUZTE

1992an atxilotua izan zen, ETAko ustezko kide batzuk aterpetzeagatik. Laguntzeko beti prest izanik, «ahal nuen heinean, zerbitzu bat galdegitean, entseatzen nintzen betetzen». Herritar talde batek bake prozesua eramatearen helburua beterik, Etxebeherek bere herriarentzat ere, Ortzaizerentzat, hainbat borroka eraman zituen. Izan ere, Ahapetik saioaren bidez, aitortu zuen auzitan jarri zuela Ortzaizeko diozesa, herrian bertan gelditzen ziren etxe eta azpiegiturak, berez herriarentzat emanak zirenak elizbarrutiak sorturiko elkarteengandik hartuak zirela salatuz. Auzia irabazi, eta borroka judizialaz akitua zen: «Kostatu zait osasunaren aldetik ere hau lortzea; ez nuen onartzen ahal Ortzaizek galduko zuen etxe bat ikustea Elizaren eskuetan».

Akituezina zen Etxebehere bere borroketan: «Deabruaren aztaparretatik kendu ditugu ontasun batzuk, eta orain ikusiko da». Nahiz eta testuingurua aldatu den, berriki arte eramaniko borrokez aritu izan da, esperantzaz beterik: «Euskal Herriarengan badut fedea, jakinen du bere bidea egiten».

Militante abertzaleari omenaldi zibila eginen diote ortziralean, Ortzaizeko (Nafarroa-Beherea) elizan, 18:00etan.

Etxebehere, Terexa Lekunberrirekin eta Jeff Mateorekin batera egindako elkarrizketa batean, 2018. urtean. Isabelle Miquelestorena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.